Musika. Takenobu 'Conclusion'

Pop askotarikoa

Diskoetxea: Takenobu Music.

Andoni Tolosa.
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hamaika izan daitezke pop musikak har ditzakeen bideak; alde horretatik, ziurrenik musika mota gutxi egongo dira popa bezain malguak. Saltsa guztietako perrexila, ospe txarra lortzeraino, batzuetan magia gertatzen da eta aitzakia merkea baino, pop musika da guztiari osotasuna ematen diona. Horren adibide da gaurkoan aipatuko dugun diskoa. Hasi zenbatzen: lan honetan bat egiten dute pop musikak, musika klasikoak, folkak eta baita, apur txikietan bada ere, herri-musika japoniarrak. Desastreren bat eragiteko moduko osagaiak izan daitezke, eta hori da, lehenik eta behin, aipatu nahi duguna, Takenoburen disko berriaren bertute nagusia baita disko sinesgarri eta mamitsua gertatzea.

Hezkuntza klasikotik datoz bai Nick Hogawa txelo jotzailea, eta baita Kathryn Koch biolin jotzaile eta kantaria ere; biek osatzen dute Takenobu taldea. Sei disko kaleratu dituzte dagoeneko, soinu-banden, ganberako-poparen eta folk sofistikatuaren arteko zubian. Ez da eremu erraza, lehenik eta behin, klasikoaren epikotasunerako joera menderatu beharra dagoelako, teknikaren sareetan zeure burua galdu gabe. Ondoren, zintzo jokatu beharra dagoelako pop izpirituarekin; melodiek agerikoak behar dute, kantu egiturari eutsi behar zaio, lelo argiak behar dira, kantuak ezin dira deszifratzen zailak izan. Baina zein pop musika egin daiteke txeloarekin, biolinarekin eta noizbehinkako laguntza elektronikoarekin? Bada, erantzuna kantu sorta honetan duzue.

Egia da kantu sorta gozo, melodiko eta entzungarria dela hau, lanegun gogor baten ondoren eseri eta leihotik begira jartzeko moduko soinu banda. Ez, ez da oso originala, ez dago dagoeneko 80ko hamarkadan The Sundays, Tuxedomoon,The Monochrome Set edo Everything Buth The Girl bezalakoek asmatu ez zutenik. Lerro bertsuetan mugitzen da taldea, baina hemen ez dago bateria edo gitarra elektrikorik, hemen dena da soka tresna, eta etengabe ganbera orkestra bat burura ekartzen duten moldaketak. Nabarmena da, adibidez, Fight to Make It Upkantuan.

Diskoa Nobody Said-ekin hasten da. Singlea izateko aproposa dirudi kantuak, aire elektroniko suabe batean bildua. Toki Doki-k, berriz, japoniar aireak dakartza kantuak pizzicatoen bidez aurrera egiten duen moduan. Glorious Harmonius beste balizko single bat da, eta bide batez, ohartuko zara oso kantari konpetenteak direla taldeko bi kideak, eta zenbat zaindu dituzten kantu sorta honetako ahots harmoniak.

Bai, esandakoa, askotan 80ko hamarkadako pop ingelesaren arrastoak sumatuko dituzu, urrutian besterik ez bada, eta zer? Badira askoz ere erreferentzia makurragoak, musika klasikoak eta pop musikak bat egiten duten esparru horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.