Okasiorako akorde bereziak

Gaur hasiko dira Legazpiko Santikutz jaiak, musika bandako kideek botako duten suziriarekin

Legazpiko musika banda kalejiran atera ohi da festetan, santikutzak girotzera. ASIER ZALDUA / GOIERRIKO HITZA.
Maite Alustiza.
2017ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Legazpiko (Gipuzkoa) santikutzak ez lirateke direnak ezpata dantzarik gabe. Edo Mirandaolako ola martxan jartzeko egunik gabe. Urteroko ekitaldien zerrendan, badira hutsik egiten ez duten norbaitzuk ere: Legazpiko musika bandako kideak. Urteurren borobila dute aurten, duela 150 urtekoak baitira bandaren sorrerako lehen dokumentuak. Hori dela eta, pregoilari aukeratu dituzte, jaiei hasiera emateko arduradun. Bandako kide zaharrenak eta gazteenak botako dute suziria, gaur, 12:00etan, Euskal Herria plazan. Momentu horretatik aurrera, festa giroa nagusituko da herrian, maiatzaren 7ra arte.

Musikariek ilusioz hartu dute pregoilari izateko gonbita, Jesus Castillejo (Legazpi, 1974) zuzendariak dioenez: «Gu hor gaudela gogoratzea beti polita da». Ez da, ordea, santikutzetan jaso duten lehen aitortza: 2014an, Olaria saria jaso zuten, urteetan egindako lanagatik —aurten, La Salle eskubaloi taldeari emango diote,50 urte bete dituela eta—. Egun bereziak dituzte aurretik. Festetako ohiko kalejirez eta saioez gain, beste bi ekitalditan parte hartuko dute. Lehena txupinazoa da, noski. Ekitaldi horretan, musika eskolakoekin batera hainbat kantu joko dituzte, bi taldeek batera: «Banda osoa ia-ia musika eskolatik atera da, ni neu ere bai», adierazi du Castillejok.

Beste ekitaldi berezia bihar izango da, 23:30ean, Euskal Herria plazan —eguraldi txarrarekin, azokan—. «Tributo» moduko batprestatu dute: «Michael Jackson entzungo da, RIP, Deep Purple... Gitarra elektrikoa sartuko dugu, baxua, eta argiekin egingo dugu ikuskizuna».

Egun, 76 kidek osatzen dute banda, eta 70 inguru elkartzen dira normalean, ia denak: «Inportanteena da jendea entseguetara doala, entseguak masiboak izaten dira; bestela, ezin da funtzionatu». Neska zein mutil, pareko dabiltza; egoerak, baina, ez du zerikusirik garai batekoarekin. «Lehenengo neska 1980ko hamarkadan sartu zen bandan, Karmele Tejedor flauta jotzailea. Hura sartu arte, musika beti izan da gizonen leku bat».

Castillejok 22 urte daramatza banda zuzentzen. Ramon Esnaola izan zuen aurretik, eta Jose Maria Gorrotxategi aritu zen hura baino lehen. 21 urterekin hartu zuen Castillejok Esnaolaren lekukoa. Egungo zuzendariaren arabera, Legazpiko bandak badu ezaugarri garrantzitsu bat: bakarrik gerra garaietan desagertu zela. «Eta 36ko gerran, banda ez bazegoen ere, musika eskola txiki bat bazen, etxe batean, eta han aritzen ziren ikasten». Azaldu duenez, herri askotako bandak desagertu ziren garai hartan; batzuk demokraziarekin berriro agertu ziren, beste batzuk Errepublikan desagertu...

Bandaz gain ere, Legazpi betidanik «herri nahiko musikala» izan dela uste du Castillejok: «Talde pila bat daude, eta egon dira, abesbatzak, Errondaila taldea, txistulariak...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.