ETB1ek 'Euskal Herritik Etiopiara' erreportajea estreinatuko du gaur

Angel Cuerdok eta Fabiola Jubinek seme-alabeekin egindako bidaia kontatzen du lanak

Angel Cuerdo eta Fabiola Jubin Etiopiako eskola batean, erreportajeko irudi batean. PABLO DENDALUZE.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren eta Etiopiaren arteko loturak ezagutzeko aukera izango da gaur ETB1en erreportaje berezi baten bitartez. Euskal Herritik Etiopiara lana 21:05ean estreinatuko du euskarazko kateak. Bertan, Cuerdo-Jubin familiak Afrikako herrialdean egindako bidaiaren gorabeherak jasoko dituzte. Angel Cuerdo eta Fabiola Jubin Tolosakoak (Gipuzkoa) dira, eta seme-alabeekin joan ziren Etiopiara: Eneko (12 urte), Aimar (10 urte) eta Naroa (6 urte).«Argi daukagu familian bidaiatuz esperientzia bereziak bizi daitezkeela», azaldu dute Cuerdok eta Jubinek.

Euskal Herria eta Etiopia batzen dituen askotariko proiektuak ezagutu ahalko dira erreportajean: Uzuri Fernandezen laguntzarekin ibiliko dira Addis Abeba hiriburuan, eta Abay elkartasun proiektuaren (hiriaren kanpoaldean ari dira garatzen) berri emango du; Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolaren elkartasun proiektu baten bitartez, eskolako materiala bidaltzen dute Dassanech eta Karo tribuetara, Omo ibaiaren inguruetan; Afar tribua, berriz, munduko tokirik beroenetako batean bizi da eta Ander Izagirre izango dute bidelagun; Mekele hirian, Mikel Gurrutxagaren txirrindulari proiektu solidarioa ezagutuko du Cuerdo-Jubin familiak; eta Wukron, Angel Olaranen eta Jose Luis Bandresen misioaren gorabeherak ikusiko dituzte. Hogei urte daramatzate Etiopian, behar gehien dutenei laguntza ematen.

Bidaia amaitzeko, Inazio Etxarte elkarrizketatuko dute. Jesuiten lehen misioen ingurukoak azalduko ditu, besteak beste.

Pablo Dendaluzek zuzendu du erreportajea —ETBko saioetan eta emankizunetan bide luzea egin du errealizadoreak—. Iragarri duenez, Etiopiak eskaintzen duen kultura, aniztasuna eta aberastasuna ezagutuko dituzte ikus-entzuleek. Etiopia herrialde behartsua ote den galdetzen dute Mendebaldeko herrialdeetan. Dendaluzek argi du Etiopia ez dela behartsua: «Bizitza zer eta nola aurrera atera behar den ederki asko dakite Etiopiako bizilagunek. Baita bizitzari balioa ematen ere. Haiengandik asko dugu ikasteko».

Ez da Etiopiakoa Cuerdok telebistan erakusten duen lehen bidaia, inolaz ere. Hogei urte dira bidaiariaren eta EITBren arteko harremana sortu zenetik; lehenbizi, haren bakarkako bidaiak plazaratu zituen ETBk: Danubio, Ganges eta Nilo ibaietan; Korean eta Txinan; Mongolian, zaldiz... Mekong ibaiaren ingurua tsunamiaren ostean nola geratu zen erakutsi zuen, Hego Amerika motoz zeharkatu zuen. Eta azkenaldian, familia bidaiak egin ditu: Australian, AEBetan eta Kenyan. «Motxiladunen» dokumentalen estilokotzat jo ditu Dendaluzek.

Euskal Herritik Etiopiaraamaitu bezain laster, ETB1ek Herri txiki, infernu handi saioaren denboraldiko unerik onenak emango ditu (22:00). Saioak atseden hartuko du, eta Baserria reality-a hasiko da hilaren 10ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.