Hegoaldeko unibertsitate ikasleen %72k podcastak entzuten dituzte

Bigarren Hezkuntzako ikasleen erdiek entzuten dituzte podcastak. Telefonoan aditzen dituzte

Gazte bat sakelako telefonoan audio saio bat entzuten, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Askotariko podcastak daude azkenaldian; perretxikoak moduan hazten dira edonon. Euskarazkoak ere ez dira gutxi, bai hedabideek sortutakoak, bai elkarteek, bai norbanakoek martxan jarritakoak. Baina entzuten al dira? Edorta Arana EHUko Nor ikerketa taldeko irakasleak Euskal hedabideen urtekaria-n eman dituen datuen arabera, agerikoa da Euskal Herriko gazteek entzuten dituztela podcastak.

Ikusiker ikus-entzunezko behatokiaren 2022ko datuak arakatu ditu Aranak. Iazko udaberrian egin zen inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko unibertsitate ikasleen %71,9k podcastak entzuten dituzte. Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean, txikiagoa da ehunekoa: %49koa.

Izan ere, unibertsitateko ikasleen %28,1ek erantzun zuten ez dituztela inoiz podcastak entzuten. Aldiz, %10,7 dira «askotan» entzuten dituztenak; %18,6 «batzuetan» entzuten dituztenak; %15,3 «noizean behin» erantzun zutenak; eta %27,3 «gutxitan» entzuten dituztenak.

Gazteek sakelako telefonoa erabiltzen dute gehien podcastak entzuteko: Bigarren Hezkuntzako 12-17 urte arteko ikasleen artean, %63k sakelako telefonoa aukeratzen dute podcastak entzuteko. Handiagoa da ehunekoa unibertsitateko ikasleen artean: %79,3koa.

Gustuko dituzten edukien eta gaien artean, denetarik daude: elkarrizketak, youtuberren eta bideojokoen zaleen saioak, umorea, musika eta bestelakoak. Unibertsitateko ikasleek batez ere elkarrizketak entzuten dituzte. Ondotik, youtuberrak eta bideojokoen zaleak daude; jarraian, umorezko saioak eta parodiak; gero, musikakoak; eta ondotik politikakoak eta kiroletakoak.

Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean, berriz, youtuberren eta bideojokoen zaleen saioak daude lehen tokian, elkarrizketen aurretik; musikako edukiak umorezkoen aurretik daude; eta kiroletakoek erraz gailentzen dituzte politikakoak.

Unibertsitateko ikasleek—EHUkoek eta Nafarroako Unibertsitate Publikokoek— nota ona jartzen diete, oro har, podcastei: %45ek «oso ongi», eta %18,9k «bikain».

Mundu mailako joera

Euskal Herriko gazteen joerak bat egiten du nazioartean audiogintzak hartu duen indarrarekin. Hala, Digital 2022 Global Overview Report txostenaren arabera, munduan 16-64 urte arteko herritarrek egunean hiru ordu eta 29 minutu pasatzen dituzte audioarekin zerikusia duten saioak entzuten: ordu bat eta 33 minutu streaming zerbitzuetan musika entzuten; ordu bat eta minutu bat irrati lineala entzuten; eta 55 minutu podcastak entzuten.

Frantzian podcastak entzutea ohitura bilakatu da populazioaren heren batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.