Musika. Jessica Pratt 'Quiet Sings'

Ilunaren eta argiaren artean

Diskoetxea: Mexican Summer.

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Patxadaz hartu du Jessica Pratt musikari kaliforniarrak bere hirugarren diskoaren sortze prozesua, aurreko On Your Own Love Again hartatik lau urte pasatu baitira. Quiet Signs lan berri honetan bere ohiko estiloa mantentzen du: gitarra akustikoa eta ahotsa protagonista dira, nahiz eta oraingoan abestiak estudio profesional batean grabatu dituen, bere soinu naturala mantenduz betiere. Batek baino gehiagok 2018ko abestirik onena bezala ere izendatu zuen aurrerapen modura argitaratutako This Time Around abestia, bakarti eta triste bezain goxoa dena, denbora geldiarazten duten horietakoa. Kantu horren hitzak ere ez dira nolanahikoak, «borrokaren alderik krudelenean aritu naizela deskubritzea» edota «horrek negargura ematen dit» bezalakoak ageri baitira letran. As the World Turns-ek ere zapore mingots bera uzten du, baita Crossing-ek ere. Horretan, gaztelu handi bateko korridoreetan abesten dabilen mamu bat ekartzen du gogora. Diskoa irekitzen duen Opening Night da lan osoko ezberdinena, instrumentala ia osotasunean, eta pianoa protagonista izanik, ganbera-musikako konposizioa ematen duena.

Hitzei erreparatuz gero, disko osoak ezkorra badirudi ere, Here My Love bezalakoek, doinu aldetik, erlaxatuagoak dirudite, eta Poly Blue argitasunez betea dago. Argi-ilunen arteko oreka, baina, Fare Thee Well bezalako abesti ilunekin osatzen da. Pratten abestiek misterio puntu nabarmen bat dutela ezin da ukatu, bai melodiari, bai ahotsari dagokionez ere, goxoa bezain zorrotza gerta dakigukeena, ezin bereziagoa. Hitzak ere halakoak dira, ezkorrak askotan, esaldi arraro edo amaitu gabekoekin, hitz bakarti eta eten puntuz beteekin. Abestien esanahia ez ulertzeko asmoarekin idatzi dituela ematen du sarritan, esaldi eder bakoitzeko, beste arraro bat agertzen baitzaigu. Musikariak bere ahultasuna erakusten du, baina ez guztiz. Hala ere, heldutasun eta profesionaltasun handiagoa lortu du Prattek, etxean grabatzetik estudio batean lan egitera pasatzeari esker hein batean, eta abestien iluntasun itxi hori beste sonoritate batzuekin konpentsatzen du, Here My Love abestiko gitarrak kasurako, edota Aeroplane kantu hipnotikoan ageri den biraderadun organo erakargarriarekin. Instrumentu horiek, ahotsarekin eta gitarrarekin alderatuta, bigarren planoan gelditzen badira ere, lana aberastu egiten dute, eta behin eta berriz entzutera gonbidatzen gaituzte.

Quiet Sings hau bere ibilbideko lanik sendoena du San Franciscoko musikariak. Bere estilo propioa sendotu egin du, eta abestiak mailarik gorenera eraman ditu.

Iluntasunaren eta argitasunaren arten ari da dantzan, eta askotan entzulearen araberakoa izango da deskribapena, baina goxotasuna transmititzen duelarik, patxadaz sortu bezala, patxadaz entzun beharrekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.