Musika. Nick Cave and The Bad Seeds 'Ghosteen'

Mamuei abesten

Diskoetxea: Bad Seed.

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Beti sortu izan ditu abestiak erraietatik Nick Cave musikari australiarrak, baina azken boladan eginikoak mila zatitan hautsi zitzaion bihotzetik sorturikoak dira, eta ikuspegi horretatik ulertu behar ditugu. Seme nerabearen heriotza mugarri bat izan zen bere bizitzan, eta baita musikan ere, Cavek esana baitu konposatzea terapia bat dela beretzat.

Ghosteen izeneko lan berri hau berak bakarrik ia sekretuan sortua dela esan du, inongo kanpo iritzi eta presiorik jasan gabe, aurreko Skeleton Tree harekin hasi zuen bideari jarraituz, eta seme nerabearen mamuari eskainia dela. Batzuetan badirudi paradisuan bizi den itxura eman nahi duela, baina diskoa entzuten hasteaz bat nabari zaio barrenean daraman min hori ezin duela, inondik inora ere, alde batera utzi. Badirudi heriotzaren ondoren zerbait dagoela sinetsi nahiak eta semea zenaren oroimena presente izateak disko landu eta osoa egiteko indarra eman diotela: gogorra bezain esperimentala, samurtasunez betea, eta aurreko lanean ageri zen muturreko iluntasun horretatik pixka bat urrundua. Une oro ageri zaizkigu Caveren sentimenduak gogora ekartzen dizkiguten erreferentziak, hasierako Spinning Song eta amaierako Hollywood abestietan minari ateak itxi nahi dizkionean kasu, edo Sun Forest-eko koruetan antzeman daitekeen bezala. Semearen absentzia presente dago diskoa osatzen duten 11 abestietan, Ghosteen eta Waiting for you kantuetan esaterako. Koruak, melodiak eta, batez ere, bere ahotsa —ez baitu ezer gehiagoren beharrik— protagonismoa partekatuz ageri zaizkigu, esentzia espirituala inoiz baino nabarmenago azalduz, eta beste dimentsio batera eramateko gai izanez oraindik. 80 minutu pasa irauten duen lan bikoitza izanda ere, hasieratik bukaerara kohesioa mantentzen eta zentzua hartzen du diskoak, eta alboan dituen Bad Seeds-eko kideek lana biribiltzen laguntzen diote Caveri, hari instrumentuak eta sintetizadoreak sotilki azalduz, baina izugarrizko ekarpena eginez.Hollywood-ek —askoren ustez, laneko kanta apartekoena— irauten duen hamalau minutuetan, esaterako, sentimenduak azalerarazteko gai dira, bati baino gehiagori eztarrian korapilo bat sortuz.

Ez da erraza Nick Caveren inguruko ezagutzarik gabe diskoa irenstea, baina testuinguruaren berri izanik, musikaren eta hitzen nondik norakoak ulertzen hasi eta horiek sortzen izan dituen sentimenduak kasik guk ere sentitzeraino irits gaitezke. 2013an Push the Sky Away diskoarekin hasitako trilogiari amaiera ematen dio honekin, eta, azken lanetan bezala, gordetakoak atera eta barrenak urratu ditu hemen ere, entzulearibere zaurietan barrena egiteko aukera emanez. Hori, baina, soilik berak duen elegantziaz egitea lortzen du, Nick Cave zoriontsua edo nahigabea izanda ere,guztiaren gainetik maisu bat dela erakutsi baitigu beste behin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.