Musika. Rammstein 'Rammstein'

Sutea pizteko prest

Diskoetxea: Universal.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Pospolo kaxa ugari bete daitezke Rammstein alemaniarren abestiekin. Sute ugari piztu dituzte euren ibilbidean, eta bide beretik jarraitzen dute. Hamarkada luzea igaro da azken diskoa argitaratu zutenetik, eta bira sutsuetan inbertitu dute denbora. Bereziki, Paris zuzeneko lan aparta da horren erakusgarri. Estudioko zazpigarren diskoari ez diote izenbururik jarri. Pospolo bat ageri da azal zuri batean. Sinplea bezain zuzena.

Hamar urteren ondoren aurkeztu dutenak askotariko iritziak sortu ditu. Batetik, gehiago espero zutenak daude; eta, bestetik, alemaniarren betiko izaerarekin konformatzen direnak. Lan berria ez da hainbatek esan duten bezain errepikakorra. Ohiko osagaiak ditu: sinpletasuna, erritmo industrialak eta kantu-hitz sorta zitala. Hori bai, elektronikak presentzia handiagoa du; metalak, gutxiago, eta, oro har, euren ibilbideko disko komertzialena da.

Deutschland abesti eta bideokliparekin hautsak harrotu zituzten aurkeztu orduko. Probokatzaileak izanik, beti kokatu dira mugan tabutzat jotzen diren gai polemikoekin. Dena dela, bitxia da oraindik ere batzuek duten beharra irainduak sentitu eta asaldatzeko. Oraingoan, aipaturiko kantuak juduen komunitatea haserretu du. Diotenez, holokaustoaren erabilera okerra egin dute. Aurten Israelen ospatu den Eurovision lehiaketan gertatukoarekin ere suminduko ziren. Islandiako Hatari talde industrialak, eta alemaniarren zaleak, Palestinako bandera atera zuen.

Till Lindemann abeslari piromanoaren hitzek sor ditzaketen suteez harago, erregai on eta irisgarriak ditu diskoak. Batez ere, lehen zatian dauden kantuak dira esanguratsuenak. Puppe ilun eta zertxobait desatseginera iritsi bitarteko traka bikaina da. Deutschland polemiko bezain ederrarekin hasten da lana. Radio dantzagarri eta komertzialarekin talka egiten du Zeig Dich oldarkorrak. Aldiz, turismo sexuala era ironikoan kontatzen du Auslander bihurriak. Duela gutxi aurkeztu duen bideoklipak ere zer esana emango du. Sex lizunak biribiltzen du diskoaren zati gorena.

Gainbehera bat nabari da diskoko azken bost kantuetan, nahiz eta Rammstein izaerari eusten dioten. Was ich Liebe eta Diamant balada arruntegiak dira. Aldiz, Tattoo zuzenak eta Hallomann goibel zein epikoak sutea bizirik mantentzea lortzen dute. Biak dira zuzenekoetarako aproposak, aurrez aipaturiko beste hainbat bezala. Izan ere, alemaniarren bizibidea taula gainean dago. Eskaintzen duten ikuskizun piroteknikoa, hitzez eta ekintzez, bakarra da munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.