Musika. Lie Detectors 'Long Play'

Kaletarra eta parrandazalea

Diskoetxea: Folc Records.

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Azken boladan Estatuko garage-rock eszena hankaz gora jarri duen taldea da Lie Detectors, batez ere bandak eskainitako zuzeneko gozagarriak tarteko. Kontzertu horietan, zuriz jantzitako Txema Babon abeslari eta zeremonia-maisuaren lana ikusgarria da, entzuleak harrapatzeko gaitasun aparta baitauka. Oholtzako aztia da tipoa, benetakoa, nortasun handikoa. Gipuzkoarrek askotariko eraginak biltzen dituzte haien proposamen parrandazalean —aipatutako emanaldiak jarrera hedonista horren erakusle dira—, betiere 1960ko eta 1970eko energiari begirada kendu barik.

Bada, kopeta-iledun zaleen artean harrera aparta izan zuten lau single argitaratu eta gero— Chelsea Boots (2015), Pínchalo! (2015), Me gusta la calle Hey! Hey! Hey! (2016) eta Sin ti no puedo estar (2018), Donostia inguruko boskoteak iraupen luzeko estreinako Long Play hau plazaratu du, zeina Kaki Arkarazoren gidaritzapean grabatu duen.

Grabazio luze honetan, aurreko lau ahaleginetan jasotako energia bera antzematen da: gitarra riff zorrotzak, oinarri erritmiko txikitzailea eta Txemaren ahots bereziak bideratutako lelo itsaskor eta kaletarrak. Halere, badira bi nobedade nagusi: batetik, Alvaro Turrionen teklatuaren ekarpena, zeinak balio erantsi nabarmen bat gehitu dion Lie Detectorsen jarioari; eta bestetik, Kaki Arkarazoren lana, grabazioaren soinua latza baita. Horretaz gainera, boskotearen zurrunbilo heterogeneoari batasuna ematen jakin du teknikariak. Bateratze lan horretan Txemaren ahotsa ere lagungarria izango zitzaion Arkarazori, diskoari beroa ematen dion motorra bultzatzeko koipe egokiena da-eta.

Donapaleu instrumentalarekin hasten da diskoa, eta teklatuak bultzatutako garage-rock estiloko Megatón Ye-Ye doinuarekin jarraitzen du; gitarra boteretsuekin bildutako doinua da. Hirugarren kantua, Hello! Agur!, nire kutuna da; psikodeliak zipriztindutako balada bat da, eta hor ere teklatuen lana nabarmentzen da. Así sí The Stooges taldeari eginiko keinu nabarmen batekin abiatzen da; hain zuzen, 1969 kantuari lapurtutako riffarekin hasten da. Sr. Juez abesti iluna da, eta Nuevo lugar The Whoren itzalpean eraikitako kantutzarra; diskoaren bigarren gailurra da. Azkenik, El regalo garagardoaren omenezko garage-punk ereserkia da.

Hartara, taldea osatzen duten bost kideen nortasunen arteko nahasketa bat da lan hau, eta batuketa horretatik jasotako eztanda bandaren hastapenetako indar eta freskotasunaren parekoa da. Finean, rock-and-rollaren askotariko garroekin moldatutako grabazio bat da, konponketen eta zehaztasunen gainetik aniztasuna eta festa aldarrikatzen duena. The Damned talde britainiarrarekiko azaltzen duen grinarekin lotzen du Eneko Etxeandia gitarra jotzaileak heterogeneotasun hori: «Aniztasuna gustatzen zait, 1979tik 1983ra arteko The Damned taldearen antzera: britainiarrek psikodelia kantu bat egin zezaketen, edo garage-rock doinu bat, edo pop britainiarra, eta punka jo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.