Musika. Pablo Und Destruktion. 'Futuros valores'

Garapen naturalaren isla

Diskoetxea: Humo.

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Asko sorpresaz hartu gaitu Pablo Und Destruktionen lan berria entzuten hasi eta aurrekoekin alderatuta nahiko ezberdina den proposamen batekin aurkitzeak. Pablo Garcia Diaz artista geldiezina da, eta zintzotasuna barren-barreneraino sartuta dauka. Pablo Und Destruktion izen artistikoarekin sorturiko Animal con parachoques lehen lan hartatik, asturiarrak argitaratu dituen lan guztiak emozioen deskargaz beterik egon dira. Musikariak duen koblakari errebelde izaera azpimarratzen joan dira, eta, era berean, bere baitakoak ateratzera behartzen duen antologia moduko bat osatu dute. Baina Predación aurreko lanean zekarren apokalipsiaren ondoren, martxa moteltzea eta lan ez hain bortitza egitea erabaki du. Hain zuzen, Futuros valores honetan aurreko amorru hori alde batera utzi du, lasaitasun artistiko eta espirituala transmititzeraino.

Disko minimalista sortu du honakoan, orain arte asko erabili izan dituen soinu eta efektu arraroak alde batera utzi eta hitzei eta akordeei berebiziko garrantzia eta protagonismoa emanez. Kantautore izaera plazaratu du, eta folk nahiz popetik inoiz baino gertuago kokatu da. El cortejo-rekin, maitasun abesti ezberdin batekin, ematen dio diskoari hasiera. Lanaren aurrerapen kantutzat aukeraturiko Gijón, aldiz, diskurtso soziala plazaratzeko darabil, eta 1976an eraildako kupletista bati omenaldi xumea egin dio.

Pablo Und Destruktionek hartu duen norabide berriaren nondik norakoak ulertzeko gakoak aurki ditzakegu Credo paisano-n, lehen sarri nabari genituen distortsioa eta eromena alde batera uzten baititu, hitzei garrantzia emateko, nahiz eta lehenagoko lanen zantzurik ageri zaigun Problemas-en: «Ez zen beharrezkoa ahoberokeria hori guztia: behar duzuna bakea aurkitzea da», dio kantu horretan. Gracias eta Viva la gente-n sortzaile eta publikoaren arteko harremanez eta horien zailtasunez ari da, eta elkartasunaren aldeko aldarria ere egiten du. Hala ere, askoren arreta bereganatu duena Ser profesor abestia da, irakaskuntza munduan sartu nahi zuenean idatzitakoa —gaur egun, musikarekin batera, bere ogibide da—. Lehen aipatu aldarriak eta diskurtso sozialak zorroztu egiten dira La Reyna-n, zuzen eta, era berean, ironiaz beterik abesten baitu. Bastante-k amaiera ematen dio melodia triste baina hitz ederrekin: «Barrenean inoiz ez dut hainbeste maitasun izan».

Futuros valores-ek gehiago dauka Pablok bere barrenean daukanedertasuna —eta ezinegona— ikusi nahi horretatik, orain arte erakutsi digun Und Destruktion bortitz hartatik baino. Barrura begira jarri eta proiektua bide berri batetik eraman du, lehengoetatik poliki poliki aldenduz, baina haien esentzia guztiz galdu gabe. Hasieran harrituta utzi baina zortzi urte hauetan egindakoaren garapen naturala den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.