Musika. Peter Perrett 'Humanworld'

Gelditzeko itzuli da

Diskoetxea: Domino.

mikel lizarralde
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
The Only Ones rara avis bat izan zen Ingalaterran 1970eko hamarkadaren bigarren bost urtekoan piztu zen punk mugimenduan. Taldearen musika punkaren, poparen eta psikodeliaren artean mugitzen zen, etasentimendu leun eta, aldi berean, indartsuak transmititzen zituen. Alde horretatik, saihetsezina zen, une batzuetan, The Velvet Undergrounden pasarterik lasai eta ederrenez ez gogoratzea taldearen musika entzutean. The Only Onesek hiru disko kaleratu zituen 1982an desegin baino lehen, eta kantu bikain askoren artean, punk eta new wave bilduma txukun guztietan agertu ohi den hit bat ere utzi zuen: Another Girl, Another Planet —orain dela urte batzuk Vodafonek egindako iragarki batek berpiztu egin zuen—.

The Only Oneseko buruetako bat Peter Perrett zen (Londres, 1952), ahots hautsi baina goxoko abeslari eta gitarrista. 90eko hamarkadan ahaleginen bat egin zuen eszenara itzultzeko, eta Peter Perret in The One izenarekin disko bat ere kaleratu zuen, Woke Up Sticky (1996), baina inor gutxik egin zion kasu. Orain dela bi urte, baina, eta —berak hala aitortua—, droga mendekotasun larri bat gaindituta, How The West Was Won (2017) diskoarekin itzuli, eta bere talentua agortu gabe zegoela erakutsi zuen Perrettek. Rock-and-roll malenkoniatsuko diskoa zen hura, gitarraren adierazkortasun gaitasunaren adibide bikaina, eta, gainera, kantu sorta ederra biltzen zuen barnean.

Bi urte besterik ez da igaro, eta Perrett haren jarraipen logikotzat har daitekeen disko batekin itzuli da. Humanworld (2019) beste kantu bilduma bikaina baita. Peter Jr (baxua) eta Jamie (gitarrak) semeak bildu ditu inguruan, baita haien neska lagunak ere, Jenny Maxwell (biola eta sintetizadoreak) eta Lauren Moon (teklatuak). Jake Woodwardek (bateria) osatu du diskoa grabatu duen seikotea.

Aurreko diskoarekin alderatuta, Humanworld zuzenagoa izan liteke —hamabi kantu dira 36 minutuan—, gordinagoa agian.I Want Your Dreams-ekin hasten denetik, diskoak nerbio berezi bat dauka, Once is Enough-en errepikatzen dena, eta War Plan Red-en gainezka egiten duena—agian The Only Onesen musikara gehien eramaten gaituen kantua—. Baina, aldi berean, Humanworld rock disko klasikoa da, new wave-tik nahiz popetik ere edaten duena. 2019an bezala, 1999an edo 1979an argitaratua egon zitekeena.

Eta hor daude kantuak. Batzuk marko batean jartzeko modukoak. Esaterako, Heavenly Day goxoa, bere in crescendo-arekin barruraino sartzen dena; The Power is in You, Robert Forsterren disko batera bikain egokituko litzatekeena; Walking in Berlin erritmikoa; biolaren marrazkiek janzten duten Love's Inferno; Master of Destruction bizi bezain bikaina, diskoko abestirik kantagarriena izan daitekeena... Carousel goxoak modu ederrean ixten du disko ezinbesteko hau.

Gelditzeko itzuli da Peter Perrett. Hala izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.