Musika. Lady Blackbird 'Black Acid Soul'

Zozoaren hegaldia

Diskoetxea: Foundation Music.

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Soul zale grinatsuen artean bolo-bolo dabil AEBetako Los Angeles hirian finkatutako Lady Blackbird (Marley Munroe) musikari estatubatuarraren estreinako lan hau, Black Acid Soul. Irailaren hasieran argitaratutako diskoa da, baina egunotan ari da azaleratzen. Hala, diskoak hautsak harrotu ditu soul eta jazz eszenan, eta miresmen berantiar horren ondorioz, Grammy sarietarako hautatu dute.

Honela dio artistaren bandcamp gunean jasotzen den biografiak: «Billie Holiday, Gladys Knight, Tina Turner eta Chaka Khan artisten askotariko eraginak islatuz, kritikariek Adele, Amy [Winehouse] eta Celesterekin alderatu dute; talentu bereizi eta liluragarri hori ez da galdu beharrekoa».

Bada, Nina Simone ez da zerrenda horretan aipatzen, baina bere itzala azalekoa da, Marley Munroe musikariaren goitizenetik hasita, Lady Blackbird, Ninak 1964an argitaratu baitzuen Blackbird izenburuko kantua: baxu eta txalo errepikakorrek bultzatutako kantu espirituala da, zeinak leku nabarmena izan zuen 1969ko hamarkadako eskubide zibilen mugimenduan. Lady Blackbirden lehendabiziko diskoa, hain justu, doinu horren moldaketarekin abiatzen da. Kontrabaxua eta pianoa dira protagonista nagusiak, baina txeloak eta bateriak ere bere lan fina egiten dute tarteka. Halaber, Munroeren ahotsa ñabarduraz josita dator, eta entzulea berehala bereganatzen du lehenengo segundotik, tupustean. Supituan nornahi sorgintzeko jarioa erakusten du estatubatuarrak.

Hamaika kantuko diskoan, beste bi bertsio ere entzun daitezke, besteak beste: Irma Thomasen Ruler of my heart eta Tim Hardingen It'll never happen again. Biak ala biak jatorrizkoetatik erabat aldenduta, eta Zozo Andrea-ren eremura gerturatuta; hau da, soul eta jazzaren arteko muga lausotzen den lurraldera.

Erreferentzia klasikoak gorabehera, ekoizpena garaikidea da: ageriko klasikotasuna gaurkotuta haizatzen da bozgorailuetatik, betiere, pianoaren eta kontrabaxuaren laguntzaz, sotil, minimal, behar duten lekua betez, eta ahots ahaltsuari behar duen lekua eginez.

Hartara, boz miragarri hori, instrumentuen konponketak eta ekoizpen-lana nahastu egiten dira giro lasaian, gautiarrean, osotasun koloretsua sortzeko. Haatik, baretasun hori tentsioz beteta dago, ahots-zirimolez agertzen baitira abestiak. Etengabe laba isurtzen ari den sumendi bat da Lady Blackbirden etorria. Horiek horrela, doinuetan gauza asko gertatzen dira, uneoro, baina sekula kontrolik galdu gabe.

Finean, ez da revival disko bat, klasiko itxura hartzen duen arren. Gaur egindako lana da, jazza eta soula uztartuz, eta jauregi bat konkistatuko lukeen ahots basati bezain dotoreari bidea eginez. Adituak eta zaleak aise harrapatuko ditu, adiktiboa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.