Musika. The Springfields 'Singles 1986-1991'

Eguzkien beroak

Diskoetxea: Slumberland Records.

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Calvin Johnsonen (Beat Happening, Dub Narcotic Sound System…) txio baten bidez izan nuen bilduma honen berri. Johnson nabarmen pozik agertu zen talde estatubatuarrak argitaratutako bost singleak disko berean plazaratuko zituelako Slumberlandek. Hartara, Calvinen berotasunak bultzatuta,The Springfields bandari buruz ikertzen hasi nintzen.

Bada, gerora Velvet Crush taldeko kide izango ziren Ric Menck eta Paul Chastain musikariek eratu zuten The SpringfieldsAEBetako Chicago hirian. Taldekideen aburuz, ohiko musika talde bat baino gehiago, The Springfields kontzeptu bat zen, «udako arratsalde batean hartutako dutxa argitsu baten» sentsaziotik gertu zegoen zerbait. Hala, garaian deskubritu zituzten disko, eszena eta musikarien itzalpean — tartean, Paisley Underground mugimendua, Eskoziako pop taldeak eta Byrdsen ondarea—, indie-pop kutsuko hamabi harribitxi idatzi zituzten Chicagokoek. Dozena bat eki, eta tartean, biziki maite zituzten artisten moldaketa nahikotxo.

This Perfect Dayeta Bicycle Song abestiekin hasten da bilduma. Bi kantuok aurretik abiatutako Choo Choo Train taldearen izenpean plazaratu zituzten, binilozko single batean, 1987an. Paisley Underground-en ordezkari Rain Parade taldeak sinatutako kantu psikodelikoa dirudi Perfect Day-k, eta Bicycle Song gitarra kiriotsuekin jositako pop doinu bizia da. Hirugarren kantua, Sunflowers, taldearen proposamenik ezagunena eta biribilena da. Bateriak markatzen duen balada onirikoa. Harmonia eta hitz ederrekin jantzitakoa, zeinak udako esentzia harrapatu eta haizatzen duen ezti-ezti: «Udan, eguzkiak nigan dirdiratzen du, egun osoan».

Grabazioan, halaber, egoki aukeratutako hainbat bertsio biltzen dira, guztiak The Springfieldsen galbahetik igarota: The Holliesen Clown, The Pastelsen Million Tears, Primal Screamen Tomorrow Ends Today eta The Cloudsen Tranquil, bai etaMatthew Sweetek sinatutako Are We Gonna Be Alright? ere.

Zerrendan, Eskoziako taldeen presentzia nabarmena da, The Pastels eta The Clouds. Sasoi hartan Eskoziako indie-poparen enbaxadoreak ez ziren batere ezagunak AEBetan, baina Menck and Chastain erabat murgildu ziren melodia eskoziarretan. Hortaz, bi musikari horien ekimenez sortutako egitasmo honek erakusten du AEBetako pop independentearen hazia Britainia Handiko soinuetan errotuta zegoela. Sunflower-ek, hain justu, sekulako laudorioak jaso zituen Ingalaterrako aldizkari espezializatuetan singlea Bristolgo Sarah Records diskoetxeak argitaratu eta gero. Asteko Singlea izan zen NME argitalpenean.

Horrek guztiak jangle eta indie-popeko klasiko bihurtu du ja Singles 1986-1991. Eta iraganetik badator ere, aurten gehien hunkitu nauen lana da. Perfekziotik gertu dagoen grabazioa da, betiere gitarren zurrunbiloetan galtzen diren pop doinuen zalea bazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.