Musika. Black Country, New Road 'For The First Time'

Gaztetasuna, bor-bor

Diskoetxea: Ninja Tune.

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Honatx Erresuma Batutik datorkigun azken oihartzun mediatikoa; izan ere, azken boladan, gure inguruko hedabideak herrialde hartan eratutako makina bat talde gaztek altxatu duten olatuaren bitsa nabarmentzen ari dira. Taldeok post-punk estilo zabalaren esparruan kokatzen ditu kritika espezializatuak, tartean, Fontaines D.C., Idles eta Shame. Nerd itxura duten zazpi musikarik osatutako banda hau ere tsunami horretan ari da surfean, eta For The First Time bere estreinako ahalegina da.

Aurretik aipatutako banden proposamenekin alderatuz gero, zazpikotearen jarioa konplexuagoa eta sakonagoa da, ez hain dinamikoa eta dantzagarria. Horren seinale diskoan jasotako sei kantuak dira, zeintzuk garapen luzeetan oinarritzen diren, Idlesen oldarkortasunetik eta Fontaines D.C.-ren urgentziatik urrun. Esfortzu handirik egin gabe—iruzkingilearen nagiaren adierazle—, Black Country, New Roaden sonoritatea Irungo Lisabö taldearekin aldera daiteke, Bidasoa ingurukoen grabazioak pisutsuagoak, muturrekoagoak eta basatiagoak izanagatik ere. Halere, seguru nago britainiarren lehen urrats honek Bidehuts zaleen disko-nahia aseko duela.

Hala, zazpikotearen diskoa post-punk etiketarekin markatu dute aditu gehienek, nahiz eta ni ez natorren bat: 1990eko hamarkadan loratu, hedatu eta kasik desagertu zen post-hardcore estiloan kokatuko nuke nik, besteak beste, Shellac, The Ex eta Nick Cave and The Bad Seedsen itzala nabarmena baita. Lehenengoen math-rock erritmo errepikakor eta minimalak, esaterako, Sunglasses doinuan antzeman daitezke, eta australiarren influentzia lan osoan entzuten da, batez ere abeslariaren maneretan; horren erakusle biolinekin jantzitako Science Fair kantua.

The Ex herbeheretarren aipamena Afrikarekiko erakusten duten atxikimendutik dator. Black Country, New Road taldean haize-atala da kutsu afrikar eta arabiarrak gehitzeaz arduratzen dena, tartean, diskoa zabaltzen eta ixten duten abestietan, Instrumental eta Opus, hurrenez hurren. Bi doinu horietan nabarmentzen da, hain justu, taldearen balio erantsia, gehienbat haizeen lanari esker. Lehena kutsu arabiarreko kantua da, oinarrizko perkusio errepikakorrak menderatua, zeinaren gainean hainbat geruza metatzen diren, Europa Ekialdeko soinuekin nahastuz, entzulea dantzan jarri arte. Bigarrenak, grabazioaren amaieran kokatzen denak, egitura nahaspilatsuagoa du. Hasierako instrumentalaren pareko folk pasarteekin abiatzen da, Black Heart Procession taldea gogorarazi didaten giro ilunagoetara jaisteko.

Hartara, diskoak askotariko sonoritateak uztartzen ditu, eta hasieratik amaierara ondo entzuten da, desoreka handirik gabe. Haatik, ez nau ase. Dena dela, eta taldekideen gaztetasuna aintzat hartuta, bigarren ahaleginean zerbait gehiago eskaintzeko gai izango dira, lehen honetan sekulako trazak erakutsi baitituzte. Diskoaren harira, ondokoa irakurri dut doako musika-hedabide ezagun batean: «Fusio betean irakiten duen zoramena». Uztartze horrek hurrengoan jarriko nau bor-bor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.