Musika. Elizabeth & The Catapult 'sincerely, e'

Egongela antzoki

Diskoetxea: Compass Records.

Andoni Tolosa.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Kaixo! Elizabeth & The Catapulteko Elizabeth naiz, eta nire egongelara gonbidatu nahi zaituztet. Baina ez espazio sakratu eta intimoenetako bat den honetan, astero, egiten dudan online kontzertua entzuteko. Nire egongelara gonbidatzen zaituztet proiektu berri baten parte izateko. Disko bat idatzi eta ekoiztu dut; musika entzuleei eta maitaleei gutun adierazgarria, zinez, urte nahasgarri eta hunkigarri izan den honetanĀ». Honelaxe aurkezten du bere bosgarren diskoa Elizabeth Zimen Brooklyneko kantautoreak. Zuzen eta zehatz. Itxialdian, etxean grabatu eta ekoiztutako beste disko horietako bat, beraz. Ez dirudi oso originala, eta zalantza sor daiteke, azalpena baino, aldez aurretik botatako badaezpadako desenkusa besterik ez ote den idatzitakoa, erdizka geratu den proiektu baten eskasiak zuritzeko. Diskoa entzun beharko zalantzak uxatzeko.

Pianoak irekitzen du balada gisara hasi eta Joni Mitchellen folk barroko estiloko pieza bilakatzen den Birds And The Bees. Ahotsa eta pianoa, ez besterik, konbentzimenduz eta indarrez, hala behar denean, goxo eta leun kantuak harantz egiten duenean. Ez da batere seinale txarra. Hurrengoak izenburu erakargarria du, Pop The Placebo, eta detaile irudimentsuz betetako folk-pop pieza bikaina da. Argitsua eta lelo itsaskorrekoa, ezin beste modu batean izan. Gitarrak eta biolinek gaina hartzen diote pianoari, nahiz eta haren presentzia nabarmendu kantua klimaxera iristen hasi bezain laster. Melodia ederra du The Muse-k ere; berriro sumatzen da Mitchell andrearen itzala, pianoak eta organoak protagonismoa berreskuratzearekin batera. Alaiagoa da kontrabaxu jostalari batekin hasten den Thirsty, erritmo ertaineko folk indiea. Oraingoz, ongi ari gara.

Bi balada geldo eta hunkigarri datoz segidan, pianoarekin Together Alone eta gitarra akustikoarekin Sweet Chariot. Jazzyagoa lehenengoa, erabat folkia bigarrena, ikaragarria honen melodia. Jostagarriagoak, alaiagoak dira hurrengo biak; Sha-la-la eta This Rose Comes To Life, irudimentsuagoak, batez ere ahots moldaketetan (ezer originalegia izan ez arren), pop aldera lerratzen da berriro Elizabeth. Crooner eskarmentudun batek sina zitzakeen Apocalypse In A Major, The Stranger, edota Hope, My Sometimes Friend. Aipatu dizuet lehenago Joni Mitchellena, ez da hala? Zalantzarik gera ez dadin, diskoa ixten duen Love Always Wins dator. Pianoaren tenpo eta formalitatea nagusitzen den kutsu klasikoko balada.

Detailez betetako diskoa da, gustura entzutekoa eta folk-poparen hainbat aldaera mahaigaineratzen dituena. Horrek, ordea, ez du kantariaren nortasuna pitzatzen, are gehiago, osagarri horiek guztiak berera ekartzeko gaitasuna baduela erakusten du Elizabeth Zimenek. Ukitu klasikoz betetakoa, baina folk garaikideari begira dagoena. Musikariaren egongela antzoki bihurtu zenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.