Sky Showtime plataforma etzi iritsiko da Hego Euskal Herrira

Paramount, Universal, Dreamworks, Sky Studios,Viacom CBS eta Showtimeren edukiak ditu

Sky Showtime ordainpeko streaming plataforma Europako hainbat herrialdetan zabaltzen ari da azkenaldian. SKY SHOWTIME.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Streaming plataformen merkatuan, beste zerbitzu bat iritsi da lehiara: Sky Showtime. Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian, Espainian eta Andorran, etzi abiaraziko dute. Harpidetza hilean 5,99 eurokoa izango da, baina, lehen egunetarako, hileko 2,99 euroko eskaintza berezia egin dute.

Paramounten plataformako eduki originalak Sky Showtime zerbitzuaren barruan sartuko dituzte. Era berean, NBC Universal, Dreamworks Animation, Sky Studios eta Viacom CBS enpresen telesailak, filmak eta saioak agertuko dira plataforma berriaren katalogoan. Baita Showtime eta Nickelodeon kateetakoak ere, eta Peacock plataformarenak —azken plataforma hori soilik AEBetan dago martxan—. Orotara, 10.000 ordu baino gehiagoko eskaintza egingo du Sky Showtimek Europako herrialde ugaritan.

Sky Showtime Eskandinaviako herrialdeetara iritsi zen iazko irailean: Finlandiara, Danimarkara, Norvegiara eta Suediara. Urriaren 25etik, berriz, Portugalen eta Herbehereetan ikus daiteke. Hilabete honetan bertan, beste zortzi herrialdetan jarri dute martxan. AEBetako Peacock plataformaren bertsio europartzat jo daiteke Sky Showtime.

Monty Sarhan Sky Showtimeko kontseilari ordezkariak esan du «ilusio handiarekin» daudela, 22 merkatu berritara zabaldu dutelako zerbitzua. «Hamabi hilabeteko epean, gure streaming zerbitzua ia Europa osoan zabalduko dugu». Oraindik ez dute argitu Lapurdira, Nafarroa Beherera, Zuberoara eta Frantziara noiz iritsiko den.

AEBetako zenbait telesail izango dira plataformaren amurik erakargarrienak: Yellowstone, 1923, Ambulance, American Gigolo, Halo, Funny Woman, Star Trek: Strange New Worlds, Tulsa King, 1883, The Rising... Sky Showtimen ikusi ahalko da, halaber, Vampire academy telesaila: Euskal Herrian grabatu zuten, 2021eko irailetik 2022ko martxora. NBC Universalen fikziozko lan horren parterik handiena Erriberrin (Nafarroa) filmatu zuten. Ez du beste denboraldirik izango.

HBO Maxen 21 lan

Gainera, Sky Showtimek HBO Max plataformaren 21 ekoizpen bereganatu ditu berriki. Adibidez, Espainiako Por H o por B telesailaren lehen denboraldia HBO Maxek estreinatu zuen, baina bigarrena Sky Showtimek emango du —lehena ere jarriko dute—.

Plataformak beste bi telesail propio grabatu ditu Madrilen: Bose eta Los enviados. Aurrenekoa Miguel Bose kantariaren bizitzari buruzkoa da. Bigarrena, Mexikora bidaliko dituzten bi apaizen ingurukoa: beste apaiz baten bila joango dira, eta desagertu egin dela jakingo dute. Paramountek ekoitzi ditu bi telesail horiek, eta martxoaren 3tik aurrera egongo dira plataforman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.