Venezuelako egoeraz arituko dira hango lau euskaldun, ETB1en

'Ur Handitan' saioak Caracasen grabaturiko 'Venezuela: viva la revolución' atala emango du etzi

Xabier Madariaga, Mikel Moreno elkarrizketatzen, Caracasko 23 de Enero langile auzoan. ETB.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ur handiak gurutzatu dituzte ETBko kazetariek Venezuelaren egoeraren inguruko saioa prestatzeko. Herrialdeari buruzko atala emango du asteartean ETB1eko Ur Handitan saioak, Venezuela: viva la revolución izenburupean. Besteak beste, Karibeko estatuan bizi diren euskaldunen begien bitartez erakutsiko dute hango errealitatea, Nicolas Maduro presidentearen gobernuaren aurkarien zein aldekoen bitartez.

Maiatzean hautsak harrotu zituen Iñaki Anasagasti EAJko kide historikoak ETBko Jon Artano kazetarien kontra idatzitakoak.Besteak beste, kazetaria kargutik kentzeko eskatu zuen Anasagastik, Agustin Otxotorena enpresaburua elkarrizketatu zuelako, eta ETBko erredakzio kontseiluak kazetaria defendatu zuen. Hain zuzen ere, Otxotorena izango da etziko Ur Handitan saioan lekukotasuna emango duen Venezuelako euskaldunetako bat. Baina saioko kazetari Jon Gonzalok esan du ez duela zerikusirik Anasagastirekin gertaturikoekin: «Ika-mika sortu aurretik jarri ginen Otxotorenarekin harremanetan. Venezuelaz gauza ezberdinak kontatuko zizkigutenak bilatu genituen, eta Otxotorena soslai horretan sartzen zen».

Lau euskaldunekin bisitatu du Ur Handitan saioko taldeak Caracas. Otxotorena Errenterian jaiotakoa da (Gipuzkoa), eta hiriburuan bizi da. Venezuelako krisia atzerriko hedabideek «puztu» egiten dutela esan die enpresaburuak kazetariei.

Aldekoak eta kontrakoak

Nere Alberdirekin ere egon da ETBko taldea. Donibane Lohizunen (Lapurdi) jaio zen, frankismotik ihes egindako sendi batean, eta laster eraman zuten Venezuelara. Hugo Chavez zenaren eta gaurko presidente Maduroren aurka dago unibertsitateko irakasle izandakoa, baina ez dela eskuindarra adierazi die ETBko kazetariei.

Mikel Moreno ere agertuko da erreportajean. Bilbokoa da, eta duela sei urte joan zen Venezuelara, iraultza bolivartarrak liluratuta. Hiriko 23 de Enero auzo langilean dabil lanean.

Luis Ugalde jesuita bergararra izango da azken lekukoa. Andres Bello Unibertsitate katolikoko errektorea izan zen, eta gobernuaren aurkariek estimu handitan daukate.

«Venezuelako gizartea horren polarizatuta dago, non hiria ere bananduta dagoen: chavistak eta oposiziokoak ez dira bata bestearen auzoetatik pasatzen», esan du Gonzalo kazetariak. Bainaohartarazi du bi aldeek elkarri leporatzen dizkieten gauzetan «esajeratzeko» joera dutela. «Esaten ziguten auzo batean kalean eskopetekin ibiltzen direla. Gero, han ez genuen halakorik topatzen».

Caracasko Petare favela auzoan grabatu zuen taldeak, besteak beste. Ia milioi bat pertsona bizi dira han, pobrezia handiaren erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.