Musika. Tangled Shoelaces. 'Turn My Dial'

Ozeaniako nerabeen magia

Diskoetxea: Chapter Music.

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Estatuko zenbait diskoetxe, tartean Meritorio Records, Pretty Olivia Records eta Bobo Integral, sekulako ahalegina egiten ari dira gitarretan oinarritutako pop talde garaikideen disko interesgarriak plazaratzeko. Zaleen grina ardatz hartuta, tarteka, banatzaile lana ere egiten dute, tantaka eta alez ale izanagatik ere. Meritorio, esaterako, Australiako Chapter Music zigiluaren bazkide europar ofiziala da, eta bera arduratzen da antipodetako disko horiek kontinente zaharrean zabaltzen. Bada, orriotara ekarritako Tangled Shoelaces bandaren Turn My Dial. M Squared Recordings and more, 1981-84 Chapter Music diskoetxearen markarekin dator, eta Meritorioren bitartez eskuratu dut.

Tangled Shoelaces Australiako Brisbane hiriko Capalaba auzoan eratu zuten 1980an Mackerra anai-arrebek: Martinek, baxua, 10 urte zituen; Lucyk, teklatua, 11 urte; eta, azkenik, Stephenek, gitarra eta konpositore nagusia, 14 urte inguru. Hirurei eskolako kide Leigh Nelson AC/DC zalea batu zitzaien, danborrak astintzeko asmoz.

Taldekideek haien tresnak maneiatzeko nahikoa gaitasun erakutsi zuten txikitatik. Hala, taldea eratu eta hilabete gutxira, grabazioak egiten hasi ziren Sydney hirian. Maketa horiek tokiko 4ZZZ irratiak haizatu zituen, eta 1982an, Fast Foward fanzine eta kasetean kantu bat argitaratu zuten. Azkenik, 1984an, Dead Kennedys punk taldearekin eta John Cooper Clark punk poetarekin agertokian izan ondotik, EP bat grabatu zuten, zeina kultuzkoa bilakatu zen —Rolling Stone aldizkarian ere oihartzuna lortu zuen grabazioak—. 1985ean desegin zuten banda; Lucy eta Martin ez zeuden ezta institutura iritsita ere.

Txikitatik eskuratu eta garatutako trebezia musikalaz gainera, Mackerra neba-arrebak aurretik aipatutako 4ZZZ irratiaren entzule sutsuak ziren. «Ohe ondoan irrati bat neukan eta etengabe entzuten nuen», dio Stephenek bildumaren oharretan. Zaletasun horren ondorioz, post-punk sasoiko hamaika talde ezagutu zituzten, tartean, Joy Division, Japan eta B-52s. Hartara, bildumak post-punketik, new wavetik eta psikodeliatik edaten duten askotariko hamasei doinu dinamiko eta fresko jasotzen ditu, baita beste bost bonus kantu ere. «Hainbat estilotan miatu genuen», Stephenek.

Background hori tarteko, Chapter Music-ek kaleratu berri duen bilduma hau Marine Girls edo Television Personalities taldeen diskoen ondoan gorde daiteke, aipatutako bi horien izaera amateur ausarta partekatzen baitute, baita psikodelia koloretsuarekiko pasioa ere. Taldearen historia hunkigarria da, diskoan jasotzen den legez, garai batekoa, egun errepikatuko ez litzatekeena, baina azpimarragarriena da abestiak, inarrosleak ez ezik, kalitate handikoak ere badirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.