Musika. Helevorn 'Aamamata'

Mediterraneoko hilerria

Diskoetxea: BadMoodMan Music.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Fantasiazko laku baten izena badute ere, Helevorn taldeak errealitate gordina islatzen du bere musikan eta letretan. Mallorcako (Herrialde Katalanak) seikoteak bide malenkoniatsua darama 1999an abiatu zirenetik. Metal doinuen zingira sakon eta ilunetik lau disko atera dituzte ur azalera. Aamamata da laugarrena, Mediterraneo itsasoari eskainia. Mendeetan kultura partekatzeko eremu izan dena emakume eta gizonen hilerri bihurtu da.

La Sibi-la kantuak ematen dio bukaera diskoari. Hain zuzen, munduaren amaiera iragartzen duen mitologia unibertsalaren figura hori da lanaren oinarria. Elizak bere egin bazuen ere, paganoa da bere jatorria, eta Mallorcako tradizioetako bat da. Ideia apokaliptiko horrek bat egiten du Mediterraneoko heriotza edo hilketa etengabeekin. Gertatzen ari dena salatu nahi du boskoteak ezin aproposagoa den doom metal goibelarekin.

Nabigatzeko itsaso zaila da. A Sail To Sanity abestiarekin hasten da itsas bidaia makurra. Negar egiten duten gitarra riff eta sintetizadoreak berehala nabarmentzen dira. Josep Brunet abeslari eta narratzailea da gidaria. Era berean, diskoaren kontzeptua berea da. Blackened Waves bideoklip gisara aurkeztu zuten, aipaturiko iluntasunari duen garrantzia emateko. Errepika melodikoak ez dio heriotzari izkin egiten.

Itsasotik lurrera eta erraietara eramaten du entzulea Aurora kantu latzak. Falangistek hil zuten Aurora Picornell jostun mallorcarraren omenezkoa da. Espainiako Gerrak eragindako sarraskia salatzeko hautatu duten istorioa da. Abestiaren bortizkeria lausoarekin batera, aipagarria da bouzoki eta blaglama musika tresnen erabilera. Baita Julia Colom abeslariaren parte hartzea ere. Laneko pieza esanguratsuenean ere kantatzen du.

Mare Nostrum da boskotearen orain arteko sormen bereizgarriena. Itsaso bat eta zortzi hizkuntza: maltera, greziera, gaztelania, arabiera, italiera, frantsesa, kataluniera eta hebreera. Mediterraneoari eskainitako abesti zoragarria da, entzunaldiekin harrapatzen zaituen horietakoa. Iluntasunaren edertasuna preziatzen duenak ulertuko du. Ildo berekoa da The Path To Puya zortzi minutu luzeko doom kantua, Heike Langhans (Draconian) abeslariaren ekarpenarekin.

Sorterritik mundura abiatzen diren metal talde ugari ditugu inguruan. Aiumeen Basoa etxekoekin batera, Vidres a la Sang, Persefone eta Helevorn dira aipagarrienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.