Musika. Amorante.  'Bat edo hiru'

Kontalaria

Diskoetxea: Forbidden Colours.

Andoni Tolosa.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Sarrera solemnea du bat edo hiru honek, piano baten kolpeek eta deiadar bat; «doinurik gabeko hotsez» dio kantariak, eta, kasu eginez bezala, melodia ez da kantu erdialdera arte esnatuko.Enigmatikoa da sarrera, ez dago dudarik, baina beti dute horretatik asko Amoranteren kantuek, baita herri-musikaren eta kulturaren etengabeko erreferentziekin jolasten duenean, edo musika garaikidearen aldera begiratu eta mamira jotzen duenean, edergarri ia denak alde batera utzita, edo konplexurik gabe edozein europar hiriburuko bazter auzoetako fonotekatatik ateratako joskerekin jolasten duenean, eta, nola ez, ezerezetik melodia ia hauskorrak sortzen dituenean.

Aipatu guztien adibideak topa daitezke hurrengoan; Behin Batian kantuan, Bilintxen klasikoa bortxaketa saiakera baten kronika bihurtzen duenean. Narratzaile bikaina da musikaria, gehiegikeriarik gabe, zuzen eta zorrotz osatzen baitu kontakizuna, bai musikalki eta baita hitzei dagokienez ere. Maisua da Amorante dramatismoa kudeatzen; entzuleari uzten dio istorioa eraikitzen. Zer esanik ez, neskato baten salmentaren berri ematen duen Juliana kantuan. Gordin kantatzen du, edo kontatzen, gitarra soil baten laguntzaz eta berriro ere XIX. mendeko Donostiaren erreferentziekin, nahiz eta hitzak Uxue Alberdirenak izan.

Ausardia behar da, berriz, Artzeren Ama Hil Zaigu erreferentzialaren bertsioa egiteko, hitzak kontuan hartuta, eta bekatu mortala, Laboak jarritako musika alde batera utzita. Bikaina da, ordea, Vocoderraz eta erritmo astunez jantzitako emaitza. Hartutako arriskuak sortzailearen tamaina adierazten du, eta Amorante, Laboa bezala bere garaian, prest dago bide errazetik aldentzeko. Aipagarria da, gainera, hurrengoa; Frank kantuak melodikoki etengabe Laboa ekartzea gogora. Ziurrenik hauxe izango da diskoko melodiarik bihurriena, lelo izan nahi ez duen «bertan gorde, negarrak gorde» argitsu horrekin. Instrumentala da John Cazale, eta disko osoan une azpimarragarrietan agertu den tronpetak hartzen du nolabaiteko protagonismoa. Ez dakit pianoa ote den, tronpeta erdi ito hori, baina lirikoa da, oso, pieza hau. Baita azkena, Hezurgabeak, ere. Ipuin gisara azaldutako istorio mingarritzat jo daiteke folk kantu eder batena izan zitekeen melodiaren oihartzunetan doana.

Diskoa garrasi batekin hasi eta xuxurla batekin bukatzen da, eta bien bitartean musikariaren nortasunjostalariaren berri ematen digu. Zazpi kantu dira, eta hari bakarrak lotzen ditu, lan trinkoa eta sendoa osatuz; Amorantek, elementu ezagunak, ia arruntak, konbinatzean magia egiteko duen gaitasuna. Bai, musikariaren konbentzimendua da disko honen ekarpen nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.