Musika. Finntroll 'Vredesvavd'

Amorruz ehunduak

Diskoetxea: Century Media.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Humppa musika polkaren bariazio finlandiarra da. Black metalaren jatorria, berriz, Ingalaterran, Norvegian eta Suedian dago. Bi estilo horien arteko nahasketa da Finlandiako Finntroll taldearen proposamena. Noski, ez da etiketa horietara mugatzen, baina humppa metal gisa katalogatu zituzten 1990eko hamarkada bukaeran, gauerdiko munstro baten pare agertu zirenean. Bitxikeria moduan, suomiera baztertu, eta suedieraz abestea erabaki zuten.

Taldearen lehen bi diskoak dira estimatuenak, baina beste bost argitaratu dituzte. Vredesvävd dute zazpigarren lana, irailean aurkeztu zuten, eta aipatu lehen bi diskoen esentzia berreskuratu dutela azpimarratu dute zaleek zein kritikariek. Egia esan, lan haien freskotasuna eta amorrua du berrienak ere. Muturreko metala eta folka nahasteko duten era bereizgarria azpimarratu dute. Errudun nagusia Henri Sorvali Trollhorn ehulea da, taldeko teklatu jotzailea eta konpositorea. Amorruz beteriko melodia eta erritmo zirraragarriekin ehundu ditu abestiak.

Finntroll bandaren arabera, diskoa ankerra, basatia eta itsaskorra da. Rock alferrari aurre egiteko eta entzule gizajoa kolpatzeko sorturikoa dela gaineratu dute kideek. Zerbait zaharra, zerbait berria eta bereziki beltza den zerbait uztartu dituzte. Taldeko zazpi musikarien belarri zorrotzak eta aurpegi makurrak ikustea nahikoa da beraien adierazpenak ulertzeko. Benetako trolak dira, eta ez sare sozialetan perretxikoen antzera ugaritu direnak. Perretxikoak aipatuta, horien nahiko zaleak direla esan daiteke.

Diskoan ehunduriko maltzurkeria sarrera instrumental atsegin batekin abiatzen da. Lokatzetan sartu aurreko amarrua da. Att döda med en sten kantuarekin arbolen artetik ateratzen dira trol finlandiarrak, saltoka eta oldarkor. Black metalaren gordintasuna teklatuen folk melodia paregabeekin orekatzen dute. Ordurako, ihes egiteko modurik ez dago, lohiak galarazten duelako. Errepertorio guztia bukatu arte, ez da posible. Ormfolk abesti bikainarekin, zirena eta oraindik ere badirena aldarrikatzen dute. Alegia, humppa doinuekin dantzan jartzeko duten gaitasuna.

Arnasgunerik bada, tarte laburrak badira ere. Grenars väg eta Vid häxans härd ederren hasiera akustikoa da eredu, nahiz eta pixkanaka abiadura gaiztoa hartzen duten. Forsen pausatu eta iluna arriskutsuagoa da, darabilten melodia liluragarriak hipnotizatzen duelako. Myren eta Mask bihurriekin antzera gertatzen da, baina humppa erritmora. Dibertigarria, beldurgarria eta entretenigarria da finlandiarren azken lana.

[youtube]https://youtu.be/ew6syPV1ZOY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.