Musika. Evil Seeds 'Theory of Fear'

Ausardia klasikoa

Diskoetxea: Thundersteel Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lau hamarkadako historia bizia du heavy metalak Euskal Herrian. Angeles del Infierno gipuzkoarrak izan ziren aitzindariak, eta beraiek hasitakoari beste askok jarraitu zioten. Gaur egun, oraindik badira heavyaren doinu klasiko eta zuzenak ausardiarekin defendatzen dituzten taldeak. Horien artetik fidelenak Evil Seeds bizkaitarrak dira. Theory of Fear bigarren diskoarekin estiloaren indarguneak azpimarratu dituzte, beldurrik gabe.

Hamar urte luze pasatu dira estreinako lana plazaratu zutenetik, eta iragan urrunean geratu dira lehen pauso eta aro hura. Ahaztuta, nolabait. Izan ere, taldeko hiru kidek uztea erabaki zutenean, desagertzear izan ziren. Asier Roma abeslariak eta orduko gitarra solistak eutsi zioten apustuari, eta errautsetatik birsortu behar izan zuten banda.

Bigarren aroan kokatu behar da 2016ko From the Abyss lan labur bezain bikaina. Gaur egun direna ulertzeko aurrekari egokiagoa da. Horrela ere, taldekide aldaketak izan zituzten, eta Roma bera da hasieratik jarraitzen duen bakarra. Evil Seedsen bereizgarria ere bada.

Agerikoak dira beraien nazioarteko erreferentzia zahar eta berriak, Ingalaterrako, Alemaniako eta AEBetako heavy metal eskolak dastatu daitezke beraien kantuetan. Bi izen: Judas Priest eta Accept. Noski, ez dira bakarrak, baina bai adierazgarrienak. Ahotsaren goi-erregistroa, gitarra zorrotzak eta egiturak sobera ezagunak dira. Mila bider jorratu denarekin belarriak zutitzea da gakoa, eta Evil Seeds gai da horretarako.

Beldurraren teoriak bederatzi pieza ditu, eta aipaturiko ezaugarriak partekatzen dituzte soinu ekoizpen profesionalarekin. Boxeolarien lekuan jarri dira lehen kolpea emateko (King of the Ring), eta entzulea K.O. bidez irabazteko. Indar erakustaldiak bata bestearen atzetik datoz, eta horren eredu latzena da Stronger lehen singlea. Apropos aukeratu zuten, eta diskoko ereserki gogoangarriena da. Baita hurrengoa ere: Inside the Vipers' Nest. Baxuak ezartzen duen erritmoa gorputzean sentitzen da. Bideoklip gisa aurkeztu zuten, merezi duen ikusgarritasuna emateko.

Lehen herena paregabea bada ere, tamalez, gainerakoa ez da maila berekoa. Heavy metal klasiko eta zuzenarekin zeresana emateko ereserkiak fabrikatu behar dira, eta hori oso zaila da. Evil Seedsek hein batean lortu du bigarren diskoarekin, baina emaitza desorekatua da. Horrela ere, doinu hauen zale sutsuek asko gozatuko dute bizkaitarren errepertorioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.