Musika. Cocanha 'Puput'

Abangoardia tradizionala

Diskoetxea: Pagans.

Andoni Tolosa.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Tradizioa ezer aldagaitza, eternoa, monolitikoa deneko uste zabalduegiak aurrez aurre jartzen ditu kultura eta bizitza, kontraesankorrak balira bezala. Tradizioek, ordea, aldakorrak behar dute, bizirik badaude bederen, kulturak bezala. Kontuan hartu ehunka urtez transmititzea lortu badute ez dela izan museoei esker, baizik eta tradizio hori praktikatu, erabili, gozatu edo bere kaxara ekarri dutenei esker. Horrela gertatzen da, askotan, tradizioa abangoardia bilakatzen dela, eta horren adibideak baditugu inguruan. Pentsa zein izan ote zen 1960ko hamarkadako euskal berpizkundearen gakoetako bat. Bi esalditan laburtzea erraza dirudi, baina askoz ere zailagoa da praktikan jartzea, batez ere abiapuntua tradizioa berreskuratzea bada. Balio beza azalpen teorikoak Tolosako (Okzitania) Cocanha hiruko gaztearen lana kokatzeko, haien hirugarren disko luzea tradizio biziaren aldeko manifestu musikal gozagarria baita.

Hauxe, Puput (Pagans 2020)dute hirugarren diskoa (bigarren luzea), eta aurreko I És (Pagans 2017) lanaren jarraipen logikoa. Esan daiteke taldearen azken hiru urteetako bilakaeraren adibide dela diskoa, heldutasunaren bidean emandako urratsen lekuko. Aurrekotan bezala, hiru emakumeen ahotsak dira osagai nagusiak, ia-ia bakarrak, aldian-aldian gorputz atalekin (eskuak, hankak...)zein hirurek erabiltzen dituzten perkusio tresnekin sortzen dituzten giro kasik mantrikoekin lagunduta.Haiek dantzarako musika polifonikoa egiten dutela diote, eta ez da definizio txarra, disko honetako kantuetako batzuek badute-eta dantza musikara hurbiltzen dituzten ezaugarriak, ziurrenik, kantu hauetako asko haiek hitz berriz jantzitako dantzarako doinuetan oinarrituta baitaude.

Alde horretatik, aipagarria da hain osagarri tradizionaleko diskoa (kantuetan, tresnetan, joskeretan...) nolatan gerta daitekeen hain garaikide. Hain melodiko eta hain perkusibo. Hain entzungarri eta hain primitibo. Agerian dago kantariek ekartzen dituztela tradiziotik jasotako kantu hauek XXI. mendera, eta nahikoa trebezia badutela onik ateratzeko, kantuak esperpento modernoren bat bilakatu gabe eta haien lozorrotik maitekiro esnatuz. Agian, hortxe dago Cocanharen sekretuetako bat, gaitasun tekniko, kantaera zirraragarri eta ahots bikainez gain, nola uztartzen duten tradizioa jorratzeko jakin-nahia eta beren mundura ekartzeko ausardia, bidean topikoak apurtuz. Azkenik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Raul Refreeren ekoizpen lan bikaina, hain bikaina, ez baitu inolaz ere aldatzen, ezkutatzen, Cocanharen indarra. Ez da oso urruti joan behar disko bikainen bila; Okzitaniara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.