BBCk gaur estreinatuko du 'His Dark Materials'; eta HBOk, bihar

Bi kateek indarrak batu dituzte fikzioa ekoizteko. Philip Pullmanen eleberrietan dago oinarrituta

Dafne Keenek jokatzen du Lyra Belacqua protagonistaren rola His dark materials telesailean. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko BBC telebista publikoak eta Ameriketako Estatu Batuetako HBO kate pribatuak bat egin dute His Dark Materials telesaila ekoizteko. New Line Cinema eta Bad Wolf ekoiztetxeekin eraman dute proiektua aurrera. Erresuma Batuan gaur gauean estreinatuko du telesaila BBC One kateak, eta Ameriketako Estatu Batuetako HBO katera bihar iritsiko da. Hego Euskal Herrian ere bihartik aurrera ikusi ahalko da HBOren streaming bidezko plataforman —Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, OCS ordainpeko plataforman ikus daitezke HBOren edukiak—. Zortzi ataleko bi denboraldi emango dituzte datozen asteetan.

Philip Pullman idazleak idatzitako izen bereko eleberri sortan dago oinarrituta telesaila. Istorioa mundu alternatibo batean girotuta dago: gizaki bakoitzak animalia bat dauka lagun, eta animalia horretan adierazten da norbere arima. Fantasiazko mundu horrek estilo viktoriarra dauka. Lyra neska protagonista umezurtza da, eta Oxforden (Erresuma Batua) bizi da, Jordan Collegeko irakasleekin. Sekretu arriskutsu bat deskubrituko du neskak. Desagertutako lagun baten bila abiatzen denean, hainbat abentura bizi izango ditu. Haur lapurtuen trama bat dago tartean.

2007. urtean, eleberri sorta berean oinarritutako film bat estreinatu zuten: The Golden Compass. Chris Weitzek zuzendu zuen pelikula, eta efektu berezi onenen Oscar saria eraman zuen.

Telesailari dagokionez, BBCk 2015ean iragarri zuen egokitzapen propioa egingo zuela. Baina denbora asko joan zitzaion telebistari aurreprodukzioan, eta, 2018an, HBOrekin batera ekoiztea erabaki zuten. Hain zuzen ere, AEBetako katea arduratuko da fikzioa nazioartean zabaltzeaz.

Eleberrien idazlea bera ekoizle eragileetako bat da. Aktoreen artean, berriz, Ruth Wilson, James McAvoy eta Clarke Peters daude. Lyra protagonistaren rola Dafne Keen gaztetxoak jokatzen du.

Grabaketak Galesen egin zituzten, Cardiff inguruan.

BBC Netflixekin ere bai

BBC azkenaldian akordioak ari da lotzen sektoreko erraldoiekin, hainbat fikzio aurrera eramateko.HBOrekin egindako His Dark Materials izan da horietako bat. Eta hemendik gutxira, Netflixekin elkarlanean ekoitzitako Dracula telesail laburra estreinatuko dute. Asteon zabaldu dute telesailaren teaser-a, eta ez da asko itxaron beharko banpiroaren inguruko ekoizpen berria ikusteko. Claes Bang aktoreak egiten du Dracularena, eta John Heffernanek betetzen du Jonathan Harkerren rola.

Akordioek, ordea, badituzte arriskuak: Ofcom erakundeak ohartarazi du 16-24 urte arteko britaniarrek ez dituztela identifikatzen BBCren telesailak haienak direnik, Netflixen edo Youtuben ikusten dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.