Frantziako telebista publikoak kulturari buruzko kate bat sortu du

Culturebox kate berria LTD bidez eta Interneten ikusi ahal izango da, bihar gauetik aurrera

Frantziako telebista publikoaren egoitza nagusia, Parisen. JULIEN DE ROSA / EFE.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zein Frantziako zinema gelak eta antzokiak itxita daude, eta, itxita egongo diren epe horretan erantzun bat eman nahian, France Televisions talde publikoak kulturari eskainitako kate bat sortu du: Culturebox. Bihar 20:30ean hasiko dituemankizunak, lurreko telebista digitalean, 19. kanalean —France Ô kateak iazko irailean laga zion frekuentzia horretan emititzeari, eta haren lekua beteko du—. Era berean, France.tv webgunean ikusi ahalko dira emankizun guztiak (Hego Euskal Herrian, ez).

Delphine Ernotte Cunci Frantziako telebista publikoaren presidenteak (Baiona, 1966) gogorarazi du iazko udaberrian hezkuntzaren «jarraitutasuna» lagundu zutela, konfinamenduaren testuinguruan. «Orain, France Televisionsek kulturaren munduarekin egon behar du, osasun krisialdiak partikularki kolpatu duelako. Guretzat ohorea da artistak, antzokiak eta jaialdiak uneotan faltan dituzten horiekin harremanetan jartzea: publikoarekin, alegia».

Culturebox kateak kontzertuak, antzerki eta dantza ikuskizunak eta azkeneko urteetako zenbait jaialditako ekitaldiak emango ditu; bai Frantzian bai beste herrialde batzuetan egindako kultur ekitaldiak izango dira ikusgai. Gainera, egunero, solasaldiak egingo dituzte kultur arloko sortzaileekin. France Televisions taldearen iraganeko eta gaur egungo kultur saioak iragarri dituzte programazioan. Kateak ez du iragarkirik izango.

'#OffensiveCulture'

Frantziako telebista publikoak, Culturebox katearen iragarpena egiteko orduan, #OffensiveCulture (kultur erasoaldia) leloa eta traola zabaldu du. France Televisionsek «kultur ofentsiba» horrekin jarraitu nahi du datozen asteetan, herritar guztiei kulturaren eskaintza «garrantzitsua» eta «funtsezkoa» egiten.

Ildo horretan hitz egin du Frantziako Kultura ministro Roselyne Bachelot-Narquinek: «Kultur katearen egitasmoa pozez hartu dut, eta espero dut kulturaren sarbidea zabaltzen lagunduko duela». Ministroak aitortu du ezerk ezin dituela ordezkatu antzoki edo areto batean artistek sorrarazten dituzten emozioak. «Baina zoriontasun hori berriro deskubritzeko zain gaudela, telebistako eskaintza dibertsifikatu hau zinez ederra izango da. Gainera, lagunduko du ikus-entzuleei gustua ematen eta gogoa pizten artistak oholtza gainean lehenbailehen ikusteko».

Egitasmoa babestu du Frantziako Kultura ministerioak, baita CSA Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidente Roch-Olivier Maistrek ere.

Kanalaren aurrekontua bost milioi eurokoa da. Zinema aretoak eta antzokiak berriz zabaltzen dituztenean, katearen bidea amaitutzat ematea da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.