Elkanori buruzko telesail bat Euskal Herrian hasiko dira grabatzen

Bihartik aurrera, Azkoitian, Lazkaon, Getxon, Erriberrin eta Iruñean grabatuko dituzte eszenak

Rodrigo Santorok Magallanesena egingo du Sin límites telesailean, eta Alvaro Mortek, Elkanorena. RAUL TEJEDOR / RTVE.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Amazon Prime Video plataformak eta RTVE Espainiako talde publikoak bat egin dute Juan Sebastian Elkanori eta Fernando Magallaesi buruzko telesail bat egiteko: munduari bira egin zion XVI. mendeko zeharkaldia da fikzioaren oinarria, eta aurreneko grabaketak Euskal Herrian egingo dituzte. Mono Films eta Kilima Media ekoiztetxeek bihar hasiko dituzte Sin límites telesailaren grabaketak, toki hauetan: Getxoko Azkorri hondartzan (Bizkaia); Azkoitiko Santa Klara komentuan (Gipuzkoa) —ostegunean edo ostiralean—; Erriberrin, Nafarroako errege-erreginen jauregiaren bueltan (Nafarroa); Iruñeko Katedralean eta Lazkaoko Infantodoko jauregian (Gipuzkoa) —maiatzeko lehen hamabostaldian—.

Ondotik, lantaldea Dominikar Errepublikara joango da, itsasoko eszenak Pinewood estudioetan grabatzeko. Sevillan (Espainia) ere grabatuko dituzte itsasoan girotutako pasarte batzuk. Horretarako, Victoria eta Trinidad ontziak berriz eraikiko dituzte. Nao Victoria ontziaren erreplika erabiliko dute, bidenabar. Ontzi hori izan zen munduko bira egitetik Europara itzuli zen bakarra. Telesailaren grabaketak Madrilen amaitzea espero dute, uztailean.

Sin límites telesailak 60 minutuko lau atal izango ditu. Amazon Prime Videok Europako zortzi merkatutan eta Ameriketako Estatu Batuetan estreinatuko du.TVEk geroago estreinatuko du.

Euskal Herriko zenbait profesional daude lantaldean: gidoien arduraduna Patxi Amezkua da; ekoizleen artean Miguel Menendez de Zubillaga dago (Mono Films ekoiztetxearen sortzailea); eta aktoreen artean, Barbara Goenagak Beatritzen pertsonaia interpretatuko du.

Elkanoren rola Alvaro Mortek jokatuko du —La casa de papel telesailean, Irakaslea da—, eta Magallaesena Rodrigo Santoro brasildarrak egingo du —HBOko Westworld telesailean, Hector Escatonena egiten du—. Honako aktore hauek ere parte hartuko dute fikzioan: Sergio Peris-Menchetak, Adrian Lastrak, Carlos Cuevasek, Pepon Nietok, Raul Tejonek, Gonçalo Dinizek eta Manuel Moronek.

Simon Westen esanetara

Telesaila zuzentzeko, Simon West Erresuma Batuko zinemagilea aukeratu dute. Akziozko eta abenturazko makina bat film zuzendu ditu Westek: besteak beste, Con Air, Lara Croft: Tomb Raider, The General's Daughter eta The Expendables 2. Zinemagile izan aurretik BBCn egin zuen lan, muntatzaile gisa. Zenbait dokumental ere zuzendu ditu.

Otsailean, proiektuaren aurkezpen bat egin zuten, non eta Espainiako Armadaren kuartel nagusian. Izan ere, ekoizpena Espainiako Defentsa Ministerioak eta RTVEk sinatu zuten hitzarmen baten barnean sartuta dago, munduko biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko. Lan gehiago ekoiztea ere jasotzen da hitzarmenean: besteak beste, dokumentalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.