Klima larrialdiaren inguruko bilera egingo dute Glasgown azaroan, eta EITB taldeak komunikazio kanpaina berezi bat jarri du martxan gaiari heltzeko: #Ekin_klima. Kontzientziazio kanpaina bat izango da, eta, horrekin batera, askotariko emankizunak prestatuko dituzte taldearen hedabide guztietan.
Gaur hasiko dute programazio berezia, klima aldaketaren kontrako munduarekin bat eginez. ETB1ek Lotsa dokumentala estreinatuko du, 15:00etan; Garazi Sanchez surflariak herritarren bizimoduak ingurumenean duen eraginari buruz jarduten du bertan, eta kontzientzia handiagoa hartzeko deia egiten du. Egun berean, ETB2k Itsaso basatitik lana emango du, gizakiaren eta naturaren arteko talka konplexuan murgiltzen den ikus-entzunezkoa. ETB3, berriz, Planetaren defendatzaileak ematen hasiko da, gazteentzako sei ataleko saioa—gaur atal guztiak emango dituzte, eta bihartik aurrera egunero atalez atal ere ikusi ahalko da—.
Hilaren 29an, ETB2k Bihar: Elegir el mañana film laburra estreinatuko du. Iraunkortasunean oinarritutako jarrerak hartzearen garrantziaz hausnartzeko deia egiten die herritarrei.
Azaroaren 12ra bitartean, makina bat dokumental emango ditu ETBk klima larrialdiarekin lotutakoak: Demain (Bihar); Drowning in Plastic (Plastikotan itotzen); Arriskuak dauden hiriak dokumental saioko zenbait atal (Venezia, Amsterdam eta New Yorki buruzkoak)...
ETB2k Natura bizia dokumental saioa emango du datozen asteetan —ETB1ek udan eman zuen—. Gaztelaniazko katean, halaber, El cambio saioa estreinatuko dute hilaren 27an; Angels Barcelo kazetariaren eskutik, klima aldaketak eguneroko bizitzaren alorretan nola eragin dezakeen aztertuko dute, baita hartu beharreko neurriak zein izan behar duten.
Hodei Arrausi, Glasgowra
Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak, berriz, informazio tarte laburrak emango dituzte gaurtik aurrera, klima aldaketari aurre egiteko jarraibide eta ekintzen inguruan.
Glasgowko goi bilerari begira, EITBko hedabideek arreta berezia jarriko dute. Hodei Arrausi kazetaria, 0 isurketa lelopean, bizikletan joango da Glasgowra: hilaren 30ean abiatuko da Bilboko egoitzatik, eta azaroaren 10ean iritsiko da Eskoziako hirira. Bidaiaren nondik norakoak mapa baten bitartez jarraitu ahalko dira, eta Arrausik eguneroko kronikak egingo ditu ETBn eta irratietan.
Euskadi Irratiak Faktoria berezia egingo du goi bileraz azaroaren 12an. Gaiarekin lotutako edukiak ere landuko dituzte Ekosfera eta Norteko ferrokarrila irratsaioetan.
Azaroaren 10ean, Urdaibaitik (Bizkaia) egingo dituzte ETBko albistegiak.
Klima larrialdiaren gaineko kanpaina bat abiarazi du EITBk
ETBk dokumentalak, film laburrak eta saio bereziak emango ditu datozen asteetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu