Cosmo kateak 'Der Palast' telesaila emango du bihartik aurrera

Alemanian 6,23 milioi ikus-entzule izan ditu (%20,1). Crossover jaialdian lehen atala eman zuten

Svenja Jung aktoreak bi rol jokatzen ditu telesailean: bi ahizpa biki protagonistena egiten du. COSMO.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Berlingo Harresiak banatu zuen familia baten inguruko fikzioa da Der Palast, Uli Edel zinemagileak zuzendua. Alemanian arrakasta handia izan du telesailak: ZDF kate publikoan batez beste 6,23 milioi ikus-entzule lortu zituen—%20,1eko ikusle kuota—; eta ZDF Mediathek nahieran zerbitzuan 7,5 milioi ikustaldi baino gehiago izan zituen. Donostiako Crossover jaialdian lehen atala ikusi ahal izan zen apirileko azkeneko astean. Bihartik aurrera, berriz, Cosmo kateak astelehenetan emango du (22:00) —Hego Euskal Herrian ordainpeko eta kable bidezko hainbat eskaintzatan ikus daiteke—. Sei atalez osatuta dago telesaila, eta azkeneko atala ekainaren 20an emango dute

Berlingo Harresia erori baino urtebete lehenago, hiriaren ekialdeko partean Alemaniako Errepublika Demokratikoaren 40. urteurrena ospatzekoak dira. Ikuskizun berezia prestatzen ari dira Friedrichstadt-Palast antzokian. Han bertan abiatzen da istorioa: Marlene Wenninger Bavierako enpresari bat da, eta, lan bilera garrantzitsu baten ostean, antzokira joango da. Oholtza gainean bere igual-iguala den dantzari bat ikusiko du. Bi ahizpa bikiek ez zuten elkarren berri; bat Mendebaldeko Alemanian hazi zen, eta bestea, Ekialdean. Elkarrekin topo egin ostean, familiaren iraganeko sekretuak azaleratuz joango dira.

Svenja Jung aktoreak jokatzen ditu bi pertsonaia protagonistak: Christine eta Marlene ahizpa bikiak. Aldi berean bi pertsonaiak agertzen direnean, beraz, trikimailu teknologiko batzuk erabiltzen dituzte. Beste aktore nagusiak Anja Kling, Heino Ferch, August Wittgenstein, Hannes Wegener eta Jeanette Hain dira. Fikzioaren sortzaile eta gidoilaria Rodica Doehnert da —Eric Kastener idazlearen Das doppelte Lottchen eleberritik ere edaten du—.

ZDF kateak ahalegin berezia egin zuen Ekialdeko Berlingo Friedrichstadt-Palast antzokiko eszenetan. Alemania komunistaren Broadwaytzat jo zuten urte luzez antzoki hori. 70 dantzarik baino gehiagok parte hartu zuten telesailean; grabaketak pandemia erdian egin zituzten, eta antzokia itxita zegoen.

Cosmopolitan, orain Cosmo

Azkeneko urteetan eraldatuz joan da Cosmo katea. Hogei urtez Cosmopolitan izena erabili zuen. 2020ko abenduan, berriz, Cosmo izena hartu zuen, irudi korporatibo guztia eta logoa aldatzearekin batera.

Edukietan ere izan du bilakaera. Urte batzuetan entretenimenduko formatu jakin batzuk eskaintzen zituen gauetan. Zail du kateak AEBetako fikziozko ekoizpen garestien eskubideak eskuratzea, plataformen lehia dela eta. Horregatik, kateak apustua egin du prime time ordutegian Europako fikzioa emateko. Frantziako telesail ugari eman ohi ditu: besteak beste, Tándem; ETB2n ere emititzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.