Euskal gazteek egunean ordu ugari pasatzen dituzte Instagramen

11-17 urte artekoak egunean 23 aldiz sartzen dira aplikazioan, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz

Gazte batzuk sakelako telefonoa erabiltzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Sakelakoari itsatsita bizi dira gazte asko, eta hala baieztatzen dute Ikusiker behatokiaren datuek. Hego Euskal Herriko gazteen ia %100ek du Instagrameko kontua. Unibertsitateko ikasleak egunean hemezortzi aldiz sartzen dira sare sozialaren aplikazioan, eta aldi bakoitzean, hamazazpi minutuz—bost ordu inguru—. Are handiagoa da 11-17 urte arteko gaztetxoen kontsumoa: batez beste, 23 aldiz sartzen dira egunean Instagramen, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz —ia hamar ordu—. Eta horiei beste sare sozial batzuetako orduak gehitu behar zaizkie: Tiktoken ia ordubete pasatzen dute egunean. Asko erabiltzen dituzte Whatsapp eta Youtube ere. Ia egun osoan daude konektatuak.

Bea Narbaiza EHUko irakasle eta NOR taldeko ikerlariak ostiralean eman zituen datuak, Tokikomen jardunaldietan, Getxon (Bizkaia). Ikusiker proiektua EITBrekin batera abiarazi zuen EHUk. Tabakalera eta Kulturaren Behatokia batu zaizkie egitasmora.

Ehunka ikaslerekin egindako inkesten datuek ondorioztatzen dute sare sozialen kontsumo masiboa egiten dutela. Joeren artean, Twitter indarra galtzen ari da. Tiktokek, berriz, protagonismoa hartu du. «Gazteenak izan dira aldaketa horren motorra», aipatu zuen Narbaizak. Unibertsitateko ikasleen herenek ez dute Tiktok erabiltzen. Baina egunero askok erabiltzen dute: aplikazioa dutenen ia %70ek. Eta Youtubera denak sartzen dira —kasu horretan, ez bakarrik sakelakoan—.

Badira datu esanguratsu gehiago. Narbaizaren arabera, kontzentrazio handia dago plataforma batzuetan. «Twitchek ez du esperotako garapena izan».

Gazteei albisteak nola jasotzen dituzten ere galdetu diete. 11-17 urte artekoen artean, %21ek ez dituzte albisteak irakurtzen. Sare sozialei eta telebistari ematen diote erreferentzialtasuna. Hirutik bik sare sozialakerabiltzen dituzte informatzeko, «gehienbat,Instagram eta Tiktok». Formatuetan, bestalde, nahiago dituzte istorioak eta pertsona batek kamerari begira egiten dituen bideoak, bestelakoak baino.

'Streaming' plataformak

Pandemiaren aurretik, unibertsitateko ikasleen %40k zuten Netflix. Baina datu hori asko handitu da, eta ordainpeko zerbitzuak normalizatu egin dira gazteen artean. «Fikzioa ikusteko, streaming plataformak erabiltzen dituzte batez ere». Beste joera bat da Japoniako eta Hego Koreako edukiek gero eta harrera beroagoa dutela gazteen artean.

Narbaizak beste ondorio bat plazaratu zuen: «Sakelakoan, edukietara zuzenean doaz, aplikazioen bidez. Horrek baldintzatu egiten du zer eduki kontsumitzen dituzten». Youtubeko proposamen ataletik doaz sarri edukietara. «Baina gazte askok ez dituzte euskarazkoak ezagutzen. Hortaz, jakinarazi egin behar zaie euskarazko edukiak badaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.