ERREAKZIOAK

2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Erabakiak ez dauka logika juridikorik, eta logika guztiz politiko bati erantzuten dio. Urriaren 1eko arrakastaren prezioa ordainarazi nahi diete. Junqueras kartzelan dago haren beldur direlako, badakitelako herrialde honentzako hautagai onena dela».

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia

«Erabakia apetazkoa da, onartezina. Ez gara geldituko denak atera arte, pentsatzen baitugu justizia kontu bat dela, eta hala behar luke normaltasun testuinguru batean. Hilabete daramate kartzelan, jendeari bozkatzen utzi ziotelako soilik. Abenduaren 21eko bozetan baldintza beretan parte hartu beharko lukete hautagai guztiek».

Marta Pascal PDECateko koordinatzaile nagusia

«Gure alderdiak beti errespetatzen ditu erabaki judizialak. Guk ez ditugu epaileak estu hartzen, guk ez dugu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia inguratzen. Batzuk ahalegindu dira demokraziari kolpe bat ematen, eta, garai politikoak gorabehera, Justiziak modu independentean jokatu beharra dauka».

Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea

«Erabaki txarra da. Pozten naiz gobernuko kontseilari ohi batzuk kartzelatik atera ahal izango direlako, baina iruditzen zait neurri bera hartu beharko zela gobernukide ohi guztiekin, Jordi Sanchezekin eta Jordi Cuixartekin ere».

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia

«Erabaki bidegabea da inoiz gertatu behar ez ziren espetxeratze horiei eustea. Albiste ezin txarragoa da, ulertezina, demokraziarentzat, Kataluniarentzat eta Espainiarentzat».

Xavier Domenech Catalunya En Comuren hautagaia

«Hartutako erabakiak erakusten du Espainia ez dela estatu demokratiko bat. Espainiako Justiziak ideologikoki jokatzen du, eskuin erreakzionarioenak bultzatuta».

Carles Riera CUPen hautagaia

«Erabaki guztiz logikoa da Auzitegi Gorenarena. Konstituzioa ezin da tenkatu mastekatzeko goma bat bezala».

Xavier Garcia Albiol PPCren hautagaia

«Ulertzeko oso zaila den erabaki bat hartu dute. Argi dago kutsu politikoko prozesu judizial bat dela».

Agusti Alcoberro ANCko presidenteordea

«Gizarte justu eta kohesionatu bat eraikitzen jarraitzeko, amorrua eta gaitzidura energia, abenduaren 21ean hautetsontziak beteko dituzten askatasun boto, bihur ditzagun».

Marcel Mauri Omnium Culturaleko bozeramailea

«Badaude politikari batzuk preso daudenak delitu oso larriak egin dituztelako. Gure ordenamendu juridikoko botere banaketaren barruan kokatu behar da erabakia».

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroa

«Politikari gerta dakioken gauzarik okerrena judizializazioa da. Ez ginen egoera honetara helduko joan den irailaren 6an eta 7an Kataluniako Parlamentuan egindako osoko bilkurak beste modu batean kudeatu izan balira».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Estatuaren mendeku egarriak ez du mugarik. Anomalia bat da Kataluniako herriak legitimoki aukeratutako ordezkari politikoek kartzelan jarraitzea eta datorren abenduaren 21eko bozetan baldintza beretan aurkezteko aukerarik ez edukitzea».

EH Bildu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.