Inbertsio funtsak. Arrisku kapitala. Jose Maria Zalbidegoitia eta Idoia Bengoa. Talde Private Equityko presidentea bata eta zuzendari nagusia bestea

«Taldek ekonomia errealean inbertitzen du»

Talde Private Equityren helburua da bere inbertsiogileentzako errentagarritasuna lortzea. Eta horretarako bideak zein izan behar duen ere oso finkatuta dauka: enpresei kapital pribatua eta baliabideak eskaintzea hazteko, garatzeko, edota merkatuetan sendotzeko.

MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Irune Lasa.
Bilbo
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herrian kapital pribatuko (merkatu publikotik kanpoko) funtsik sendoenetako bat da Talde. Arrisku kapitaleko sozietate gisa sortua da, eta, orain, jarduna zabaldu, eta izena aldatu dute. Jose Maria Zalbidegoitia Talde Private Equityko presidentearen arabera, komeni da funts moten artean desberdintzea, azpimarratzea guztiak ez direla berdinak. «Enpresen munduan ez da beharrezkoa hori esplikatzea, baina agian publiko zabalari bai». Idoia Bengoa Talde Private Equityko zuzendari nagusiak ere hala dio, «guk beti positiboan egiten dugu lan».

Zuen arrisku kapitaleko sozietatea eratu zenean, ez zegoen Espainian halakoei buruzko araudirik ere.

JOSE MARIA ZALBIDEGOITIA: 1977an, bi krisi zeuden. Batetik, Espainiako merkatu itxian lehiakorrak ziren enpresek lehiakor izateari utzi zioten, merkatu hori nazioartera zabaldu baitzen. Bestetik, ez zegoen argi zeintzuk izango ziren etorriko zen erregimen berriaren joko arauak. Eta kezka hor zegoen, dirua izanikerabakiak hartu behar zituztenen kezka. Enpresaburu eta finantzari zenbaitzuk Britainia Handian ongi funtzionatzen ari zen 3i tresna [II. Mundu Gerra ostean hazkundea bultzatzeko erabili zena] kopiatu zuten. Sartu ziren Indubank (Caja Bilbaoren banku industriala), Bizkaiko AurrezkiKutxa, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresaburu talde bat. Diru pribatua bildu, eta Talde sortu zen. Xedea dirua irabaztea zen, baina oinarri hartuta zenbait enpresa txiki eta ertainek garatzeko edo handitzeko dirua behar zutela.

Gaur egun, modu desberdinetan egiten duzue lan. Beti ez zarete erabakiguneetan sartzen.

IDOIA BENGOA: Bi jarduera eremu ditugu. Arrisku kapitalaren eremua enpresaren kapitalean sartzen gara, eta, inbertsiogile aktiboak garenez, haien administrazio kontseiluan ere bai. Guk ekonomia errealean inbertitzen dugu, eta horrek, nolabait, behartzen gaitu partaidetzak ditugun enpresetatik oso hurbil egotera, erabakietan egotera. Beste eremu bat ere zabaldu dugu: zor alternatiboko funtsa; garapen edo nazioartekotze plan bat duten enpresa txikiei eta ertainei luzera begirako finantzaketa ematen die, haien kapitalean sartu gabe.

Nortzuk jartzen dute dirua, eta nortzuk jasotzen dute zuen finantzaketa?

J.M.Z: Dirua jarri, daukatenek jartzen dute [irribarre]. Talden zera gertatzen da, sortzaile izan ziren bazkideak oraindik ere bazkide direla. 43 urtean, bazkide gutxi aldatu dira arrisku kapitaleko jatorrizko Talde horretan. Gaur egun, 120 akziodun inguru izango dira. Eta Administrazio Kontseiluak kapitalaren %95 kontrolatzen du. Sozietate gutxi izango dira kontseiluaren kapitalaren %95 izango dutenak, eta hori inbertsiogileek kudeaketarekin duten loturaren erakusgarri da. Akziodunen artean enpresa-jabeak daude, finantza entitateak, pentsio funtsak eta Latinoamerikako erakunderen bat, baita funtsenbat ere.

Hemengo pentsio funtsen bat ere bai?

J.M.Z: Bai. Dena den, beste batzuk askoz ere handiagoak dira, eta milaka milioiren operazioak egiten dituzte. Baina gu enpresa txiki eta ertainetara goaz. Baliabideak eman enpresei, haiek haztea ahalbidetu, eta, gero, bost-zazpi urtean handik atera, partaidetza saldu eta dirua irabaziz.

Eta, gero, parte horiek nori saldu izan dizkiozue?

J.M.Z: Zenbaitetan, enpresak berak erosi digu; beste batzuetan,hirugarren bati saldu diogu, dela funts bati edo enpresa-jabe bati.

Zer ezaugarritako enpresetan inbertitzen duzue?

I.B.: Enpresa txikiak eta ertainak dira gure bokazioa. Gutxienez 10-15 milioi euro inguruko fakturazioa dutenak, eta neurri batean errentagarritasuna frogatuta dutenak. Negozio plan bat izan behar dute, hazteko eta garatzeko estrategia bat; adibidez, produktu dibertsifikazio batekin, edo nazioartekotuz, edo beste enpresa bat erosi eta tamaina irabaziz.

J.M.Z: Gure inbertsiogileentzat dirua irabaziko dugula uste dugun tokietan inbertitzen dugu.

Euskal Herrian badira atzerriko funtsentzat gozokiak izan daitezkeen enpresak?

I.B.: Euskadik enpresa sare interesgarria du, eta badaude hemengo enpresetan interesa izan dezaketen atzerriko kudeatzaileak. Hor, bakoitzak erabaki beharko du zer egin bere enpresarekin eta diruarekin.

J.M.Z: Hala ere, hemengo enpresa eta industria sareaz esan behar da iaz, adibidez, inbertsio operazio gutxi egin dela, Espainiako beste hiru eremu nagusiekin —Katalunia, Madril eta Valentzia— alderatuta. Hemen, inbertsio operazio gutxi badaude, ez da inbertsiorako prestasunik ez dagoelako, baizik eta hemengo enpresa-jabeak ez duelako saldu nahi izaten, ez diolako sarbidea eman nahi bazkide bati. Haientzat garatu dugu kreditu alternatiborako funtsa.

Era berean, Europak Espainiari esan dio ekonomia desbankarizatu egin behar duela, hots, enpresentzako eta pertsonentzako finantzaketa ezin dela soilik bankuetatik etorri. Eta gureakbezalako kredituak izan daitezke horretarako formula bat. Industria sareari finantzaketa eskaintzeko beste tresna bat ere ari gara garatzen, industria pabiloietan inbertitzeko sozietate bat, socimi bat, alegia, baina enpresa mundura zuzendua. Horren bidez, pabiloi bat erosi beharrean makinerian inbertitzea nahiago duen enpresari luzera begirako pabiloi bat alokatzeko aukera emango genioke.

I.B.: Gure ekarpenak bestela izango ez luketen sostengua ematen die enpresei garatzeko, helburuak betetzeko, merkatuetan sendotzeko. Funtsei buruzko albiste deigarriekin transmititzen dena baino jokabide askoz positiboagoa da gurea.

Finantzaketa bila burtsara joatea ere ez da aukera bat izaten enpresa txikientzat eta ertainentzat.

J.M.Z: Burtsara ateratzeko baldintza batzuk behar dituzu, baina enpresa txikiak eta ertainak merkatu publikoan bost minutu iraun dezake, handiago batek jaten duen arte. Askotan esaten dut nik sozietateen salerosketarako merkatu bat garatu behar dela Euskadin. Zuk enpresa bat duzu,eta milioi bat, bi milioi euro behar dituzu. Jo ezazu arrisku kapitaleko elkarteen zerrendara, edo bitartekaritza batera. Edo, egon dadila merkatu bat, harreman gune bat, non kapitala behar duten sozietateek euren negozioaren berri eman diezaioketen inbertsiogile posibleei, ondoren tratua egin ahal izateko. Hori oso ondo dabil Katalunian eta Madrilen.

Lehia handia duzue? Funts handiak iristen ari omen dira...

I.B.: Enpresa handiekin, inbertsio funts handiak lehian dabiltza eragiketa berberak lortzeko, eta horiek enkantean ari dira konpontzen ia, diru gehiago nork jarri. Enpresa txikian eta ertainean gehiago balio du inbertsioaren kudeatzailearen ekarpenak, ibilbideak, negoziazio jokabideak. Baina egia da lehia dagoela, Espainian gero eta gehiago dira kapital pribatuko funts eta zor alternatiboko funtsak.

Sektore publikoa ere hor dago.

J.M.Z: Kapital publikoak beste helburu batzuk izanditzake. Kapital publikoa pribatuarekin lehiatzen ari bada inbertsiogile bat bilatzeko orduan, gerta daiteke prezioa handitzea. Niri etorri izan zaidanean norbait esanez Jaurlaritzaren halako funtsak dituela... Hara jotzeko esan diot. Haiena eta gurea kontzeptu desberdinak dira. Dena den, Jaurlaritzak iragarri dituen funtsez,esango dizut uste dudala merkatuak oraintxe baliabide nahikoa dituela aurkezten diren operazio guztiek inbertsiogileak izan ditzaten.

Enpresen errotzea ziurta daiteke soilik 100 milioi euro dituen funts batekin?

J.M.Z:Enpresaren tamainaren araberakoa da hori. Burtsan kotizatzen ez duen enpresa batean, diru gutxirekin lor ditzakezu gauza inportanteak. Aldiz, burtsan kotizatzen duen enpresa batean... Bizitzan,erein duzunaren gatibu zara; patatak erein badituzu, ez espero azaloreak biltzerik. Burtsan, handiak txikia jaten du. Horregatik, zenbait herrialdetan urrezko akzioak egoten dira.

Hemen ez dago urrezko akziorik.

J.M.Z:...Hori beste historia bat da... Eta Europak ez lizuke utziko. Ez nuke ahaztu nahi honetan guztian beste gauza bat azpimarratzea: pertsonak, zuzendaritza taldeak, oso inportanteak dira. Profesional on batek enpresa kaskar bat aurrera atera dezake, eta profesional txar batek enpresa on bat hondoratu dezake. Enpresa batean inbertitzeko orduan, inportantea izaten da balantzeak, joerak, zenbakiak begiratzea. Baina inportantea da nolako pertsonak dauden ikustea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.