Erantzun desegoki bat

Lau biztanletik batek alergiaren bat dauka. Kostaldean akaroak dira alergia gehien sortzen dutenak, eta barrualdean, gramineoen polena. Gaixoen kopurua handitzen ari da.

2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gorputzaren erantzun desegoki bat. Hori da alergia bat. Eta, normalean, kaltegarria ez den substantzia baten eraginez sortzen da. «Sistema immunologikoak antigorputzak sortzen ditu, inolako zentzurik gabe, substantzia batzuen aurka. Hori gertatzen denean, hainbat sintoma agertzen dira, eta orduan esaten da alergia dagoela». Jose Antonio Navarro Donostia unibertsitate ospitaleko alergologoaren arabera, «unibertso oso zabala da alergiena», eta, gero eta gauza gehiago jakiten diren arren, «oso mundu gorabeheratsua da».

Sistema immunitarioan okerrak eragiten ditu alergiak, eta sintomak hainbat modutakoak izan daitezke, alergia sortzen duen substantziaren eta mindutako organoaren arabera. Gaixotasun ohikoa da gizartean, gainera: munduko biztanleen herenek alergiaren bat dute, eta kopurua gora doala diote adituek. Halaber, gero eta gazte gehiagok du alergiaren bat. Hego Euskal Herriko datua ere parekoa da: lau biztanletik batek du alergia. Akaroei alergia izatea da ohikoena kostaldeko herrietan. Barrualdean, berriz, gramineoen polenak sortzen ditu alergia kasu gehienak. «Bestelako polen batzuk ere baditugu, bai kostaldean eta bai barrualdean, gero eta alergia gehiago sortzen ari direnak. Urkiaren eta haren familiako beste zuhaitz batzuen polenari gero eta jende gehiagok dio alergia, baina oraindik ez dakigu zergatik», azaldu du Navarrok.

Alergiak zergatik gertatzen diren ez dakite alergologoek. «Argi dago alergia duenak ez duela jaiotzatik. Inguruan dauden substantzien arabera agertzen dira alergiak». Baina zergatik batzuek badituzte eta beste batzuek ez? Navarrok artatzen dituen paziente askoren galdera izaten da hori: «Kontaktu asko izaten dugun substantziekin sortzen dira alergiak. Ematen du gorputzak muga bat jarri duela, eta muga hori gaindituta baztertu egiten duela substantzia hori. Adibidez, Japonian, alergia nagusia zedroaren polenak sortzen du. Andaluzian [Espainia], berriz, olibondoaren polenak».

Kontaktuak ez ezik, genetikak ere badu zerikusirik alergiak edukitzearekin. «Bi gauza hartu behar dira kontuan alergia bat zergatik agertu den aztertzerakoan: substantzia alergenikoekiko esposizioa eta joera genetikoa». Navarrok azaldu duenez, infekzioek ere badute eraginik: «Infekziorik ezak edo infekzio gutxi izateak, nolabait, sistema immunologikoan eragiten du, beti aktibo egotera behartzen baitu. Infekziorik ez badugu, aukera gehiago izango dugu alergiaren bat izateko».

Alergiak zergatik gertatzen diren jakitea bezain zaila izan liteke, askotan, jakitea ea pazientearen sintomak alergiaren batekin lotutakoak diren. Ospitaleko probek argitzen dute bidea. «Kontsultara etortzen diren guztiei proba zehatz batzuk egiten dizkiegu. Oso garrantzitsua da pazientearekin hitz egitea, historia klinikoa egiteko edo aurretik dagoena osatzeko: zer gertatzen zaion, noiztik, non, noiz... Hori jaso behar dugu, eta kontuan hartuko dugu alergia bat izateko behar diren baldintzak betetzen dituen edo ez. Datu horiekin ia ideia bat egin daiteke, eta baieztatzeko probak egiten dira ondoren».

Hiru proba egiten dituzte. Azalekoa eta odol analisia dira ohikoenak. Alergia zerk sor dezakeen aztertu ondoren, hainbat substantzia azalean txertatzen dituzte, kantitate oso txikietan, eta hogei minutuan izaten dituzte emaitzak. Proba horiekin informazio asko jasotzen dutela zehaztu du Navarrok; horiek nahikoa ez diren kasuetan egiten dituzte odol analisiak. «Beste teknika batzuk ere badaude, gutxiago erabiltzen ditugunak. Kontaktuzko alergien kasuan, esaterako, bizkarrean hainbat substantzia jartzen dizkiogu pazienteari, eta bi orduren bueltan ikusten dugu zein erreakzio izan duen bakoitzak».

Elikagaiei eta botikei alergia dieten pazienteen kasuan, elikagai edo botika horiek ematen dizkiete, dosi txikietan hasi eta kopurua handituz. Kontrolpeko egoera batean egiten dute, eta baldintza jakin batzuetan.

Gaixo kopurua gora doa

Alergiaren bat duten gaixoen kopurua hazi egin da azken urteetan. «Biztanleen %20-25ek dute alergiaren bat, baina, bakoitzaren kasua ezberdina denez, zaila da kopuru zehatzago bat ematea. Askotan, gainera, garrantzirik gabeko alergiak izaten dira, oso arinak, bi pilula hartuta udaberria ondo pasatzen dutenak. Beste muturrean daude gaixo kronikoak, martxotik uztailera arte egunean hiru-lau pilula hartzen dituztenak, asma dutenak, edo sintomak arintzeko txertoa hartu behar dutenak».

Javier Aldaz Nafarroako Osasun Ingurumen Zerbitzuko buruak azaldu duenez, «ez dago alergia duten gaixo guztien erregistro bat, guztiak ez baitaude ohiko protokoloekin diagnostikatuta». Azken urteetan gaixo kopuruak gora zergatik egin duen ere ez du argi Aldazek: «Arrazoi eta hipotesi ugari eta askotarikoak daude, baina uste da hazkunde hori atmosferako kutsadurarekin lotua egon daitekeela: uste da polenak ahalmen alergeniko handiagoa duela ozonoaren eta bestelako partikula batzuen ondorioz».

Polenari ez ezik, elikagaiei alergia dieten pertsonen kopurua ere asko hazi da azken urteetan. Batez ere umeek dute alergia mota hori. «Badirudi elikagaiei alergia izatea lotuta dagoela hesteetako bakterio floran gertatzen diren aldaketekin. Kasu batzuk, gainera, oso larriak izaten dira», zehaztu du Navarrok. Ume txikien kasuan, esnea da alergia kasu gehien sortzen duen elikagaia. «Batez ere esne eta arrautza proteinak dituzten elikagaiei diete umeek alergia». Helduetan, ordea, aldatu egiten da. «Arazo asko izaten ditugu frutarekin, anisakisarekin eta itsaskiekin».

Umetan alergiaren bat izateak helduaroan ere eragina izan dezakeela azaldu du Navarrok. Arrautzarekiko eta esnearekiko alergia berez desager daiteke, baina, hala ez den kasuetan, tratamendua jarri behar da. «Baliteke umetan izandako alergiaren bat heldu izandakoan ere mantentzea. Lekaleei edo arrainari alergia izatea, adibidez. Baina elikagairen batekiko alergia helduaroan agertzen bada, iraunkorra izaten da».

Udaberria «arina» izango da

Datozen asteetan egingo duen euriarekin du zerikusia polenaren edo polinizazioaren indarrak, eta, beraz, Navarrorentzat, «zaila» da aurtengo udaberria nolakoa izango den zehaztea: «Ezin da aurreikuspen bat egin, polen maila zenbatekoa den zehazteko ezinbestekoa baita jakitea zer eguraldi egingo duen udaberrian bertan». Apirilean euri asko egiten badu eta maiatza eta ekaina lehorrak izaten badira polinizazio handia izango dela azaldu du Navarrok. «Maiatza eta ekaina oso euritsuak badira, alergia gutxi izango dugu, landareek polen gutxi botako baitute, eta botatzen dutena lurrera eroriko baita euriarekin».

Aldazek aurreratu duenez, baina, polenari alergia diotenentzat udaberri «arina» izango da aurtengoa. «Udazkeneko eta neguko euriteak ez dira handiak izan, eta aurten ere iazko polinizazio datu antzekoetan ibiliko garela esan daiteke». Nafarroako medikuaren arabera, euriak, hezetasunak eta haizearen indarrak eragin zuzena dute polenaren sorreran. «Horregatik, udazkenean eta neguan euri asko egiten badu, udaberrian polen gehiago sortzen da». Azken egunetan Nafarroan pilatutako polen kopuruak kontuan hartuta egin du Aldazek aurtengo udaberrirako iragarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.