OMIKRONAREN KOLPEA

Mundua koronabirusarekin bizitzen hasi den honetan, Txinak ez du bertan behera utzi nahi kutsaturik gabeko estrategia. Eta ordaindu beharreko prezioa altua da. Pandemia hasi zenetik bi urte baino gehiago pasatuta, orain hartu du Txinako ekonomiak kolperik gogorrena.

Zigilua koronabirus agerraldiagatik itxitako kafetegi batean, Shanghain, maiatzaren amaieran. LEX PLAVEVSKI / EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Apiril hau 2020. urteko martxoa bezain zaila izan da Txinako ekonomiarentzat, omikron aldaeraren ondorioz. Langabezia %6,1era iritsi da, eta 2020 hasieran %6,2koa zen.

Orain arte, kutsaturik gabeko estrategia beti garaile atera da. Agerraldi bat iritsi den bakoitzean, prozesua antzekoa izan da: hiri osoak masiboki testak egiten jarri, kutsatuak eta haien kontaktuak berrogeialdi zentralizatura eraman, eskolak itxi, bulegoetan etxetik lan egiten hasi, eta maskara kalean derrigorrezko egin.

Eta hori guztia martxan jartzeko, nahikoa da kutsatuak dozena gutxi batzuk izatea. Neurri zorrotz horiek hartu eta bi-hiru aste geroago, agerraldien kontrola berreskuratu eta berriz normaltasun berrira itzuli dira hiriak, hurrengo agerraldia atzeman arte. Sarritan izan dira, bat edo hilabetean behin, baina ez dira luzaroan geratu, eta, horrela, pixkanaka, jendeak bizitza normala egiten jarraitu du.

Omikrona iritsi zenetik

Omikron aldaerarekin, aldiz, orain arte ikusi ez diren datuak iritsi dira: Shanghain egunean 20.000 kutsatu atzeman izan dituzte, adibidez. Aldaera hain kutsakorra izanik, itxialdi partzialak ez dira nahikoa izan, eta 25 milioi biztanleko hiri osoak itxiarazi ditu bi hilabete baino gehiagoz.

Wuhanekoa baino zorrotzagoa eta luzeago izan den itxialdi hau ez zen espero, Shanghai ukiezina zela uste zutelako, Txinako finantza zentroa eta barne produktu gordinaren %5 sortzen duen hiria izanik. Bada, argi geratu da kutsaturik gabeko estrategiak ez duela inor salbuesten, eta, ekonomiari kolpe izugarria emango badio ere, ez dirudi gobernua prest dagoenik estrategia aldatzeko.

Martxoan, herrialde osoan, 37 milioi pertsona egon dira konfinatuta. Pekinen hiri osoa konfinatu ez den arren, partzialki bai, eta kutsatuak izan diren urbanizazioetan milaka pertsonak berrogeialdia egin dute.

Orain ekainean datu hobeak espero diren arren, apiril eta maiatzeko kolpeak beldurra sortu du, egoera berbera behin eta berriz etortzen bada ekonomia oso kaltetua aterako baita. Apirileko kopuruak adituek espero zuten baino okerragoak izan dira: urtetik urterako txikizkako salmentak %11,1 erori dira; ekoizpen industrialari dagokionez ere, %2,9ko galera izan da apirilean, hazkunde txiki bat espero zen arren, eta jarduera ekonomikoaren erorialdi orokorrak langabezia areagotu du —18-26 urte bitarteko gazteen artean %18,2koa ere izan da—.

Pekin: itxialdi partziala inoiz amaituko ez den sentsazioa

Pekinera apirilaren 22an iritsi zen omikron aldaera —Shanghai konfinatuta zegoela—. Lehen egunetan, jendeak, ikara betean, supermerkatuak hustu zituen, baina aste bat geroago, datuak ikusita, lasaitu egin ziren: Pekinen kutsatuak ez dira egunean 50 inguru baino gehiago izan.

Ekainaren 6ra arte, indarrean izan dira neurriak: garraiobide publikoa oso mugatuta egon da; PCRa bi egunean behin egitea derrigorrezkoa izan da; bulegoetan etxetik lan egin dute; eskola, gimnasio, taberna, zinema eta abarrak itxita egon dira; eta, jatetxeetan, janaria etxera bidaltzea izan da aukera bakarra.

Orain neurriak zertxobait leunagoak diren arren, PCRa hiru egunean behin egitea derrigorrezko da, eta jatetxeak ireki dituzte, baina ez dute bezero askorik. Egunero entzuten dira istorioak, kasuren bat denda edo jatetxe batean atzeman eta bertan egon diren guztiak konfinatu behar izan dituztela. Konfinamendu partziala inoiz amaituko ez den sentsazioa da nagusi.

Agerraldi batiristen den bakoitzean,lanpostu gutxiago

Huixin Zhou da langabeziaren datuen atzean dauden milioika pertsonetako bat. Iparraldeko Hebei eskualdean jaio zen, eta, duela bost bat urte, Pekinera emigratu zuen. Orain arte, 30 urteko gazteak ez du inoiz hilabete baino gehiago egin lanik gabe, baina pandemiarekin, eta batez ere omikron aldaeraren iritsierarekin, egoera erabat aldatu zaio.

«Zazpi hilabete neraman lanik gabe. Hainbat elkarrizketa izan ditut, baina, adibidez, enpresa batean lana lortu, eta segituan itxi behar izan zuten; beste batean, elkarrizketa egin, eta, hurrengo egunean agerraldi baten ondorioz etxetik lan egiten hasi zirenez, langile gehiago bilatzeari utzi zioten. Azkenean, apirilean lan bat lortu nuen, baina, hasi eta bost egunera, izan nintzen jatetxe batean kutsatu bat atzeman zutenez, hamalau egunez etxean konfinatu ninduten. Ondoren, agerraldiak okerrera egin eta denek etxetik lan egin behar genuela erabaki zuenez gobernuak, egoera hilabete baino gehiago luzatu da. Ez dut oraindik soldata oso bat ere jaso lan berri honetan. Diru sarreren apalaldiari aurre egiteko, enpresek gutxienekora jaisten dute telelana egin behar dugun langileen soldata: nik neuk, itxialdian egon naizen hilabetean, 330 euro inguru kobratu dut».

Langileentzat eta negozioa dutenentzat ere ez da batere erraza izaten ari Pekinen apirilaren 22an hasi zen agerraldia. Jatetxe asko itxi behar izan dituzte, hilabete eta erdi egin baitute zerbitzua lokalean eskaini ezinik: gobernuak irekita jarraitzea onartu dien arren, janaria etxera bidaltzeko aukera bakarrik onartu du, eta horrela, noski, irabaziak asko jaitsi dira.

Duela bost urte, Mexikon bi urte egin ondoren, Gao Yuanek Moji jatetxea ireki zuen jaioterrira itzulita: Pekinen errezeta mexikarrik tradizionalenak eskaintzen dituen jatetxe bat. Arrakasta handia izan, eta urte hauetan hiriburuan bost lokal irekitzea lortu du. Orain, ordea, omikron agerraldia iritsi, eta hiriburuaren erdigunean zeukan bat itxi behar izan du: «Orain, pandemiaren hasieran baino zailagoa da egoera, kutsatu bakar batzuk atzeman bezain laster guztia ixten dute eta. Hala ere, neurriak beharrezkoak direla uste dut: ez dut beste aukerarik ikusten. Prebentzio neurriak hartu ezean, egoera erabat deskontrolatu eta Shanghain izan duten konfinamendu hori izan genezake azkenean. Azken hilabeteak zailak izan dira, omikrona izan dugun lehen aldia delako, baina, agerraldi hau pasatuta, ikasiko dugu aldaera honi nola aurre egin. Berriz iristen denean, kutsatzeak azkarrago geldiarazteko gai izango gara».

Barne turismoari ere kolpea

Kutsaturik gabeko estrategiaren neurri nagusietako bat biztanleen mugimenduak eta bidaiak ahalik eta gehien murriztea da. Pandemiaren hasieratik, itxita daude Txinako mugak; ez da atzerritik turistarik onartzen, eta bizileku baimena duten atzerritar eta txinatarrentzat ere muga gurutzatzea ez da batere erraza: pandemia hasi zenetik, txinatarrei ez diete pasaportea berritzen, eta atzerritik iristen den edonork hoteletan konfinamendua egin behar du iristean —baina hori arazo txikia da hegaldi faltarekin alderatuta—.

Egoera horretan, normalean atzerrira bidaiatu eta atzerrian kontsumitzen duten txinatarrek Txinaren barnean gastatu dute dirua. Horri esker, barne kontsumoaren eta barne turismoaren bultzada jaso, eta pandemiaren lehen urtean sektore horietan kolpea ez da oso handia izan. Orain, berriz, omikronaren ondorioz luzatzen ari diren itxialdiek erabat mugatu dute barne turismoa ere: Shanghai eta Pekin hiri nagusiak izanik, apiril hasieratik izan dituzten konfinamendu partzial eta ez-partzialen ondorioz, beste eskualdeek milioika turista galdu dituzte, adibidez, maiatzeko zubian; antzera gertatuko da udako hilabeteetan eta, egoera luzatuz gero, segur aski urriaren hasierako jaiegun nazionaletan ere. Pekingo hotelak hutsik daude, eta badaude Txinatik alde egitea erabaki duten turismoaren sektoreko erraldoiak ere: Airbnb-k maiatzean jakinarazi du uztailetik aurrera ez dela Txinan izango.

Alde egingo duten txinatarrak eta higiezinen sektorea

Pandemiaren lehen bi urteetan munduan hildakoen datuek gora egiten zuten bitartean Txinan kutsatzeak oso apal mantentzen zirela ikusita, gehienak seguru sentitu dira hemen, eta kutsaturik gabeko estrategiak biztanleen babesa izan du. Orain, aldiz, bi urte baino gehiago pasatuta, mundua koronabirusarekin bizitzen ari dela ikusi eta pixkanaka gaixotasunari beldurra galdu zaionez, neke pandemikoa handitzen hasi da. Eta konfinamenduak inoiz amaituko ez diren sentsazio horrek herrialdetik kanpo emigratzeko aukera azterrarazi dio biztanleriaren parte bati.

Henley & Partners kontsulta etxearen arabera, urte honetan goi klaseko 10.000 pertsonak atzerrira emigratuko dute Txina kontinentaletik, eta 3.000 inguruk Hong Kongetik. Denen artean 65.000 milioi dolar aterako dituzte —61.500 milioi euro inguru—.

Alberto Lebron ikerlaria da Pekingo Unibertsitateko Politika Ekonomikoen Institutuan: «Egoera honetan, arazo nagusia higiezinen sektorearekin lotuta dago. Txinan, goi klaseko familia asko beren ondasunak saltzen ari dira. Izan ere, kutsaturik gabeko estrategia mantentzen dela, horrek Shanghain bizi behar izan duten egoera ekar dezakeela ikusita, ez dute gehiago Txinan bizi nahi. Aurretik ere, higiezinen sektorea ez zegoen garairik onenean hemen.2021aren amaieran, Evergranderen krisia izan genuen, eta denbora daramagu higiezinen burbuilaren eztanda iragartzen. Aurten transakzioak %10 erori litezke. Higiezinen prezioa ez da gehiago igoko, blokeatuta dago, altuegia da, eta, alokairuen errentagarritasuna handitzeko, beharrezkoa izango litzateke prezioak jaistea. Ondorioz, gero eta gutxiagok erosiko dituzte etxeak Txinan. Egoera horri gehituz gero orain omikron aldaerarekin etorri den egoera, oso garai zaila da hau.

Bestalde, administrazio publikoen defizita oso goian dago. Pandemia garaian enpresei laguntzak emateko planetan diru asko gastatu dute, eta sarrera fiskalak txikiagoak izan dira, batez ere higiezinen sektorean salerosketa gutxiago izan direlako. Dagoeneko badaude finantzatzeko arazoak dituzten tokiko gobernuak».

Atzerrian ere beldurra sortu da, baina, Txinako krisia mugetatik harago hedatuko ez ote den galdetuta, Lebronek dio esajerazioa direla beldur horiek: «Txina munduarekiko herrialde hartzekoduna da, eta ez da posible herrialde hartzekodun batek zor krisia sortzea, adibidez Argentinarekin gertatu zen moduan. Kasu batzuetan, higiezinen sektorearekin lotura duten atzerriko enpresek ondorioak nozituko dituzte, noski; hainbat sektoretan ere, hornikuntza kateen blokeoaren ondorioz, normal ekoizten jarraitu ahal izateko materialen gabezia izango dute. Baina ez du krisi orokor bat sortuko. Hori bai, Txinari dagokionez, egoera ezin da luzaroan mantendu. Lehen ministro Li Keqiang-ek berak aurten esan du beharrezkoa dela osasunaren eta ekonomiaren artean nolabaiteko oreka bilatzea: biztanleak COVIDetik babestu behar direla, baina ekonomia hondoratu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.