Kultur industria kultura gutxituen aurka erabiltzen denean

Mikel Lizaso eta Maite Lus, LABeko irakaskuntza saileko kideak
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Adornok zioenez, «industria kulturala gero eta oroboteredunagoa denean, kulturaren zio argitzailea usurpatu eta manipulazioaren bitartez hondatzen du». Hezkuntzaren arloan, testuliburuen inguruko aferarekin antzeko zerbait gertatzen ari dela iruditzen zaigu.

Irailaren 6an, Alberto Catalan Navarra Sumako senatariak Nafarroaren «errealitate instituzionala bermatzea» eta «errealitate zientifikoa» errespetatzea galdegin zion espainiar Gobernuari. Catalanek erabilitako hitz potolo horiek ez ziren seguru asko bere adimenari esker sortu. Irakaskuntza Liburu eta Materialaren Editoreen Elkarte Nazionalak (ANELE) bezperan antzeko terminoak erabili zituen. Erakunde horren aburuz, Erkidego Autonomoetako kontseilarien presioak jasotzen dituzte «testuliburuek beraiek nahi dutena esateko eta ez zientziak dioena». Horrez gain, salatu dutenez, erkidegoen errealitate anitzen eta hizkuntz aniztasunak «neurrigabeko araudia» jarri du abian eta materia bakoitzeko testuliburuen hainbat edizio egin behar izaten dute tokian tokiko eskaera ase ahal izateko. Itxuraz zentzuduna izan daitekeen diagnostikoaren atzean, ordea, ANELEk eta Navarra Sumak egin duten eskariaren zioa homogeneizatzailea eta estatalizatzailea dela iruditzen zaigu. Elkarte horren aburuz, beharrezkoa da Estatu espainiar osorako «curriculum komuna izatea». Beste modu batera esanda: «guk erabakiko dugu zer den ezagutza, zientzia eta katedra askatasuna».

Navarra Sumak aldarrikatzen duen «errealitate zientifiko» horren arabera, euskara ez da Nafarroako berezko hizkuntza (Pablo Casado dixit); Euskal Herria ez da existitzen, ezta errealitate soziokultural gisa ere, eta nafarrek egungo marko konstituzionala onartzen dute (Nafarroan Amejoramendua onartzeko inolako kontsultarik ez egin arren) eta abar, eta abar. Beraz, ez da zaila aurreikustea ANELEk, Navarra Sumak eta enparauek curriculum komun horren atzean ez dutela hezkuntza eraginkorra helburu, bizitzaren euren ikuspuntua gure haur eta gazteen artean modu masiboan hedatzea baizik. Horixe baita espainiarra bezalako estatuek eta bere aterpean dauden ANELE bezalako elkarteek eskura duten tresna boteretsuetako bat: olatua sortzea eta euren «egia zientifikoak» gure haur eta gazteen gogoan erabateko egia gisa errotzea (Ana Rosak eta Susana Grisok gure helduengan egiten duten bezalaxe).

Euskal curriculuma sendotzeko ditugun zailtasunei oldarraldi erreakzionario hau gehitu behar diegu, halabeharrez. Joan Mari Torrealdaik Jakin-en argitaratutakoaren arabera, 2016an testuliburuen ekoizpenaren %73 kanpoko argitaletxeen eskuetan zegoen. Torrealdairen esanetan, «hezkuntza edo irakaskuntzako liburu produkzio handiena ez dago euskal editorialen esku, baizik eta estatu mailako argitaletxeetan». Softwarearen ekoizpenari erreparatzen baldin badiogu, egoera hori are gordinagoa da.

Orain ikusi beharra dago ea Maria Txibiteren Gobernuak Nafarroako eskumenei zuzenki eragiten dien kanpaina berri horri muzin egiteko borondatea izango duen ala, UPNren gobernuen garai beltzetan bezala, liburu jakin batzuk euren edukiengatik zentsuratuak edo zuzenean debekatuak izango ote diren.

Kultur industriaren diru goseak eta atzerapauso zentralista amesten dutenen interesek bat egin dute berriro, gutxitutako kulturen arnasbideak estaltzeko. Egiaren eta zientziaren izenean ito nahi gaituzte enegarrenez, edo, Adornok zioen bezala, argirik gabe utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.