Arrauna. Kontxako Bandera

Kirioak dantzan jartzen dituzten horietakoa

Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatuko dute gaur hemeretzi traineruk. Aldez aurretik, lehia estua aurreikusten da

Arraun Lagunak, iazko Kontxako Banderako sailkatze proban. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako Kontxako Banderako sailkatze estropadaren historian hamaika ezuste gertatu izan dira, baita usteak erdi ustel ere, talde bati baino gehiagori zerua infernua bilakatzeraino, edota alderantziz. Atzo gizonezkoen lehiaren ostean, emakumezkoen txanda izango da gaur (18:00, ETB1). Hemeretzi ontzi koloredun ariko dira jo eta su Kontxako badian eta ingurumarian, erlojupean. Kirioak dantzan jartzen dituzten horietakoa izango da gaurko dema. Lehen zazpi sailkatuak bandera preziatua irabazteko lehiatuko dira hurrengo bi igandeetan, Donostiarrarekin batera.

Bi multzotan banatu dituzte taldeak, eta gaur eguerdian egitekoa duten zozketak erabakiko du A edo B multzoa zein aterako den lehenago. Lehen zazpikotean sartzeko faboritoak lehen multzoan doaz, baina harrokeria handirik gabe joan daitezela, bigarrenean ere bada sailka daitekeen ontzi bat edo beste.

Kinieletan, barruan egoteko aukerarik handiena duten taldeak bi dira: Orio, Euskotren ligako txapelduna eta Kontxako Bandera bi urtez segidan irabazi duen taldea (2019 eta 2020), eta Donostia Arraun Lagunak, iazko Kontxako irabazlea. Donostiarrek sailkatze proba jokatu behar dute, hirikoak bertakoak izan arren; Kaiarriba Donostiarra Arraun Elkarteak, aldiz, ez: haiek bermatua dute parte hartzea. Gorengo mailan estreinakoz ari den Tolosaldea ere hautagai sendoa da zakuan sartzeko.

Hiru talde horiek euren lana egoki egiten badute, barruan izango dira, eta, beraz, lau plaza leudeke gainerakoen artean banatzeko. Itxura batean, Hondarribia —ETE ligako irabazlea—, Hibaika, Deustu eta Zumaia izango lirateke lau postu horiek eskuratzeko hautagaiak. Ama Guadalupekoa traineruak, esaterako, lan txukuna egin izan du gorengo mailako taldeekin batera lehiatu denean; uztailaren 25ean, berdeek brontzezko domina kolkoratu zuten Euskadiko Txapelketan.

Bestalde, ezin dira baztertu Ondarroa eta Galiziako bi talde: Cabo, aurtengo ligako txapelduna, eta Chapela; azken talde apal horrek balentria historikoa egin zuen iaz, Kontxako Banderarako sailkatu baitzen.

Naturaren baldintzei dagokienez, iragarpenen arabera, itsasoa bare-bare egongo da, ur putzu leun baten gisan; metro erdi eskaseko olatuxkak egongo dira. Hori bai, ipar-ekialdeko haizea zakar ibiliko da, batez beste orduko hamabost kilometroko abiaduran. Marea behean 20:30ean izango da, eta, beraz, azken ontziek aurrekoek baino itsaslaster ahulago izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.