Albistea entzun

OSASUNA 0 EIBAR 0

Borroka eta oreka

Osasunak eta Eibarrek derbi lehiatua eta parekatua jokatu dute, lan asko eta aukera gutxikoa. Nafarrek izan dituzte garbienak, baina ez dute asmatu
Ruben Garcia Osasunako aurrelaria, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, Sadarren.
Ruben Garcia Osasunako aurrelaria, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, Sadarren. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko abuztuak 25

Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Osasunako Nacho Vidali, Chimy Avilari, David Garciari eta Brasanaci; eta Eibarreko Sergio Alvarezi, Arbillari, Oliveira eta Charlesi. Bestelakoak. 13.978 ikusle Sadarren, tartean Eibarren 225 jarraitzaile inguru.

Futbolean bada euskal derbiak gogorrak, berdinduak eta distira handirik gabeak direla dioen topiko bat. Ez da beti betetzen, baina batzuetan bai; esaterako, atzo, Osasunak eta Eibarrek Sadarren jokatu zuten neurketan. Bi taldeek gogor estutu zuten elkar, Jagoba Arrasate eta Jose Luis Mendilibarren filosofiari jarraiki, aurkariaren ia saiakera guztiak ezerezean uzteraino. Hainbesteko ahalegina egin zuten presio lanetan, ezen ez baitzioten tokirik egin ikuskizunari. Hutsean bukatu zen partida, eta markagailua zelaian ikusi zenaren isla fidela izan zen. Bi taldeek izan zituzten anbizioa eta gogoa, baina bata bestearen amaraunean katramilatu ziren.

Osasunak bi abantaila zituen. Alde batetik, lehen jardunaldian garaipen baliotsua lortu zuen Leganesen (Espainia), eta, alde horretatik, Palman (Herrialde Katalanak) esku hutsik gelditutako Eibarrek baino aldarte hobea zuen. Eta bestetik, alde zeukan Sadar faktorea. Bertan garaiezina izan zen iragan sasoian, hemeretzi partida irabazi eta bi berdinduta. Hanpatuta zegoen, baina Eibar serio eta sendo batekin egin zuen topo. Gipuzkoarrek emaitza on bat behar zuten datorren asteburuan Atletico Madrilen zelaian jokatu aurretik, eta ondo izerdiarazi zituzten gorritxoak. Eguzki galdatan jokatu zen lehia, eta ura edateko bi eten egin behar izan ziren.

Izan zen bestelako geldialdirik ere; faltek eraginak, hain zuzen ere. Muga-mugan jardun zuten bi taldeek, kirol legez betiere, baina oso oldarkor. Epaileak txistua behin eta berriz eraman zuen ahora, eta baita eskua sakelara ere, sarritan: zortzi txartel hori erakutsi zituen guztira, lau talde bakoitzari. Hori horrela, partidak distira gutxi izan zuen. Presio itogarria egin zuten nafarrek nahiz gipuzkoarrek, eta horrela oso zaila suertatu zitzaien erasoko jokaldi garbiak ehuntzea.

Aginte makila, inork izatekotan, Eibarrek eduki zuen. Ekimen gehiago izan zuen, baina, edonola ere, horrek ez zion balio izan Osasunaren arean arriskua sortzeko. Gorritxoak erasoko joko bizia bereizgarri hartuta igo ziren Lehen Mailara, baina sendotasuna ere badute. Baita moldakortasuna ere: badakite aurkariak estu hartzen beren zelaian sartuta daudenean ere. Maisuki profitatzen dituzte baloi luzeak eta hutsuneak. Formula horrek garaipena eman zien ia, 56. minutuan. Kontraeraso batean, Dmitrovicen aurrean gelditu zen Chimy Avila, baina haren zartakoak atezain serbiarraren eskuekin egin zuen topo.

Ontzat jo dute

Hori izan zen neurketako aukerarik garbiena, eta ia bakarra. Lehen zatian ere sortu zuten arriskua etxekoek, Moncayolak eta Roberto Torresek egindako jaurtiketa banarekin. Horretaz landa, gol bat baliogabetu zioten Chimy Avilari, jokoz kanpo kokatzeagatik. Eibarrek, aldiz, behin ere ez zuen atera jaurti. Diopen burukada bat eta Arbillak eta De Blasisek gora bidalitako falta jaurtiketa bana izan ziren kanpokoen abagune bakarrak. Erdiraketa ugari egin zuten Osasunaren areara, gehienak korner eta faltetan, baina ez zituzten atzelari gorritxoak artegatu.

Partida bukatu ostean, Arrasate eta Mendilibar beren jokalarien lanarekin pozik agertu ziren; ez, ordea, erakutsitako jokoarekin. Hori bai, modu batera edo bestera, ontzat jo zuten lortutako puntua. Osasunak lau puntuko bermearekin jokatuko du datorren astean Bartzelonaren aurka, eta Eibarrek hainbesteko presiorik gabe egingo dio bisita Atletico Madrili.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tati Garmendia, Rafa Pueyo, Braulio Vazquez kirol zuzendariak ©JON URBE / FOKU

Galbahe lana dagokie

Iñaki Berastegi

Merkatua arakatu eta jokalariak fitxatzea baino konplexuagoa da klubetako kirol zuzendarien lana. Aurrekontuak lana erabat baldintzatzen dienez, irizpide zehatz eta errealistak ezarri behar dituzte arrakasta izan nahi badute. Orokorrean, jokalari bati taldean ez duela jarraituko azaltzea izaten da zailena.

Athletic argitasunik gabe beste behin

Athletic argitasunik gabe beste behin

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek 0-0 berdindu dute Getafaren zelaian. Lehen zatian jokoaren ekimena izan dute, baina argitasuna falta izan zaie. Bigarren zati kaskarra jokatu dute, ordea. Zazpi jardunaldi daramatzate irabazi gabe.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Txapeldun izateak azken lasterketako arantza ateratzeko balio izan dit»

Unai Ugartemendia

Bi aste besterik ez da igaro Sandra Sevillanok International Skyruning Federationeko Europako Ultra Txapelketa irabazi zuenetik. Portugalgo Pisao Extreme lasterketan izan zen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.