Iñaki Artola. Baikoko pilotaria

«Lesioaren ostean bizitzako gauza batzuk gehiago zaintzen hasi naiz»

Lesio batengatik iazko finalari uko egin eta gero, Iñaki Artolak nahi beste denbora izan du buruz burukoa prestatzeko. Halere, ez du lortu jokatzea min hartu aurretik bezala. Binakakoa jokatuko gabe negua luze egiten dela onartu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Alegia
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Arretaz prestatu du Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994) buruz buruko txapelketa. Gimnasioan lan egitea dagokio oraingoan, nahiz eta frontoian zertxobait aritzeko asmoa ere baduen. Aterkia eskuan eta motxila bizkarrean azaldu da, beti bezain irribarretsu. Ia urtebete igaro da buruz buruko txapelketako finalerdietan Beñat Rezusta menderatu eta finala jokatzeko sailkatu zenetik. Orduan galdu zuen, tarte batez bada ere, irribarrea, eskuineko sorbaldaren atzealdeko gihar zabalean lesioa izan eta uko egin behar izan ziolako bere ibilbideko lehen final handia jokatzeari: «Pena sentsazioa izan arren, ez nuen drama baten gisa bizi izan». Final-laurdenetako ligaxkan ekingo dio orain Alegiako aurrelariak txapelketari, eta Unai Laso izango du lehen kontrarioa, astelehenean, Zumaian (Gipuzkoa).

Zer moduz joan da txapelketarako prestaketa?

Prestatzeko denbora izan dut, eta, alde horretatik, ez dago aitzakiarik. Abantaila izan da denbora hori izatea, modalitate batetik bestera aldatzea beti kostatu izan zaidalako. Min hartu nuenetik buruz buru jokatu gabe nago, eta, denbora asko pasatu den arren, irudipena daukat berehalakoan igaro dela urtea. Txapelketa bat bestearekin kateatu dudala sentitzen dut, buruz buruko batetik hurrengora joan naizela. Entrenamendu asko egin izanak konfiantza ematen dit.

Lesioa izan ondotik itzuli, eta lau eta erdiko txapelketa jokatu zenuen berehala. Nola iritsi zinen txapelketa hartara?

Jokoz nahiko justu, eta kezka askorekin, bueltatu berria nengoelako. Geroztik ez dut txapelketako partidarik jokatu, bestelakoak bai, baina kostatzen ari zait min hartu aurreko maila ematea. Oraindik ez dut joko hura berreskuratu.

Binakakoan enpresak ez zintuen hautatu bikoteetako bat osatzeko. Zeharkaldi luze baten gisakoa izan al da kanpoan geratzea?

Zorionez, gehiagotan gertatu izan zait jokatzea kanpoan geratzea baino. Binakakotik kanpo geratzen zirenei entzuten nien esaten txapelketatik kanpo negua luzea zela, eta halaxe da. Profesionalak gara, eta partida guztietan gure mailarik onena eman nahi dugu, baina ez da erraza.

Apirilaren 9tik zaude jokatu gabe. Zure erabakia izan da?

Eskertuko nukeen azkenaldian partida gehiago jokatu izana, zuriz aritzea entrenamendu oso ona baita txapelketari begira. Egun hauetan ez dago partida asko jokatzeko aukerarik, ez niretzat, ezta beste askorentzat ere. Txapelketatik kanpo joko maila ona lortzea zaila da, baina, buruz burukoa gerturatu ahala, motibazio handiagoa sentitzen hasi naiz.

Duela ia urtebete, ezin izan zenuen finala jokatu. Nola doa gertatutakoa barneratzeko prozesu hori?

Seguruenik, arantza txiki bat geratuko zait luzerako. Pena sentsazioa izan nuen arren, ez nuen drama baten gisa bizi izan. Kostatu egin zitzaidan frontoietara itzuli eta beste lesio bat izateko beldurra gainetik kentzea, baina azken hilabeteetan lortu dudala uste dut. Fisikoki ongi osatu naiz, eta ez dut inolako kalterik nabaritu. Buelta asko eman nizkion gertatu zitzaidanari, eta gauza batzuk aldatzeko beharra sentitu nuen, zerbaitetan hobera egiten nuela ikusteko.

Zer aldaketa egin dituzu?

Lehen elikadura zaintzen nuen, baina gainetik. Alegia, ondo eta garbi jaten nuen, besterik gabe. Orain nutrizionista batekin lanean ari naiz, errendimendua hobetu eta lesiorik ez izateko. Masajeen oso aldekoa ere ez naiz sekula izan, eta hori ere aldatu dut, atsedenarekin batera. Nire bizitzako gauza batzuk gehiago zaintzen hasi naiz. Finean, profesional izatearena modu orokorrago batean ulertzea da.

Aurreko aldian lortu zenuen zure emaitzarik onena buruz buruko txapelketan. Horrek motibazio handiagoa eta konfiantza ematen dizkizu txapelketa honetarako?

Buruz buruko txapelketak asko motibatu nau beti, nahiz eta emaitzak beti ez diren hain onak izan. Umetan, gazte edo afizionatu mailan, ondo moldatu naiz: txapelketa kuttuna da niretzat. Halere, maila nagusian, iruditzen zitzaidan beti zerbaitek huts egiten zidala. Iaz, mesede egin zidan txapelketa prestatzeko hainbeste entrenamendu egiteak; nire jokatzeko modua izan litekeena aurkitu nuen.

Beldur pixka bat badiozu lehen partidari?

Bai [isilik geratu da tarte batez]. Ez dakit zer esan. Normalean, bukaeran eskuak ondo edukiz gero, abantaila da aurreko partidak jokatzea. Ez dut jokatu, baina asko entrenatu naiz, eta iazko txapelketa oso presente dut buruan. Behin ligaxkatik hasiko, eta ez naiz kexatuko [kar, kar, kar].

Gutxienez hiru partida jokatuko dituzu. Horrek lasaitasuna ematen dizu?

Ez dut horrela pentsatu nahi. Neure buruari sinetsarazi nahi diot lehen partida irabazten duenak abantaila handia duela, hala delako. Kanporaketa baten gisa bizi nahi dut lehen partida.

Ligaxkaz ari zarela, hori da aurtengo txapelketaren berrikuntza nagusia. Gustatu zaizu aldaketa?

Argi dago txapelketa irabazi nahi duenak, lehenago edo beranduago, aurkaririk indartsuenen kontra jokatu beharko duela. Motibagarria eta gustagarria egiten zait formatu berria. Jendearentzat ere erakargarria da, eta hori denontzat mesede. Inguruko jendeari antzeman diot txapelketak ikusmin handia sortu duela. Enpresek ikusi dute maila bereko pilotari sorta on bat dagoela, eta hori aprobetxatu dute. Bestalde, buruz burukoa jada txapelketa gogorra bazen, orain are eta gogorragoa da, partida asko direlako. Ez nuke nahi eskuetako minagatik txapelketa itsustea.

Aspeko bost pilotari eta Baikoko hiru sailkatu zarete ligaxkarako, eta, gainera, enpresako hirurak multzo berean zaudete. Noizbait bukatuko da Baikoren lehortea?

Espero dut baietz. Edonola ere, ez dakit hau esatea ondo edo gaizki dagoen, baina guk, pilotariok, ez diogu asko begiratzen horri. Egia da zure enpresako pilotari, kide eta lankideekin laguntasuna duzula, eta haiengatik poztu zaitezkeela, baina pilota bakarkako kirol gisa bizi dugu. Egia esan, ez nenbilen Baikoko hiru edo lau sailkatuko ote ginen pentsatzen, izango nituen aurkariei begira baizik. Aspen pilotari handiak daude, faborito izan ohi dira txapelketa hasieretan, baina guk zorte txarra ere izan dugu: nire lesioa, Unai [Laso] bi txapela irabazteko zorian izan da...

Hasi al da Aimar Olaizolaren eskua nabaritzen?

Pilotarioi, edo niri behintzat, ilusioa eta esperantza sortu digu Aimarren laguntzak, badakigulako zenbat dakien pilotaz. Buruz burukoa prestatzen lagundu digu, iaz egin bezala. Berezko dohainak izateaz gain, urteekin pilotari egin da, eta, bere jokoa asko aztertzearen poderioz, gauzak hobetu ditu. Askotan pentsatzen dugu hobekuntza gauza handietan dagoela, baina, egiazki, hiruzpalau detailetan dago, pilotariari barneratzea kostatzen zaion gauza txiki horietan, eta uste baino gehiago eragiten dute jokoan. Pilotaz hainbeste dakien pertsona bat alboan izatea aprobetxatu beharreko zerbait dela iruditzen zait.

Rezusta, Jaka, Laso eta zu zeu zaudete B multzoan, eta Bizkarretakoaren aurka jokatuko duzu lehen jardunaldian. Esan daiteke, Altuna III.arekin batera, azken hilabetetako figura nagusia dela.

Ez dakit figuraren konparazio horretan beste inor Altunaren mailan dagoen. Ikusi besterik ez dago Jokinek zer-nolako palmaresa duen. Baina bai, joko aldetik Unai izan da haren pare aritu dena. Harritu egin nau, baina ez horrenbeste, beti izan duelako hala jokatzeko gaitasuna. Bilakaera on eta naturala izan du, eta hurrengo urteetan hobera egingo duela uste dut. Aurkari gogorra da, baina beste guztiak ere gogorrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.