Arrauna. Euskotren liga

Gertu-gertuan daukate liga

Arraun Lagunak-ek erakustaldia eman du, eta Zarauzko lehen estropada irabazi du. Kanporatze batek bakarrik utziko luke liga irabazi gabe, Orio bigarren izan baita, eta zazpi puntura baitaude

Arraun Lagunak, ziaboga ematen, atzoko estropadan. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aste osoa igaro du Arraun Lagunak-ek kalkuluak gora eta behera, baina ekuazio arruntenak ere zail izaten dira batzuetan. Bazuten txapela jartzeko aukera, baina ez zegoen dena haien menpe. Estropada irabazi behar zuten, eta, hori lortu badute ere, Oriok hirugarren postutik behera geratu behar zuen, eta bigarren izan zen. Gaur amaituko da Euskotren liga, eta gaur aterako da txapelduna. Zazpi puntuko koska ateratzen dio Arraun Lagunak-ek Oriori, eta, mirari bat egon ezean, aurtengo Euskotren liga historikoa eskuratuko dute.

Lehen metroetan, Orio gailendu zen, arraunkera luzea eginez, eta hirugarren minuturako ontzi oso bat aterata Lugañene-ri. Sendo agertu zen Orio, eta azkar ikusi zen txapelketaren borrokan aritzeko azken aukera xahutuko zutela. Ziabogara iristear zirela, abiadura nabarmen azkartu zuen Arraun Lagunak-ek, eta muturra erakutsi zion Oriori. Denbora berean heldu ziren balizara bi ontziak, eta ia parean atera ziren.

Hirugarren postuan, Donostiarra zegoen, bi oilarren lehiatik at, eta fokutik kanpo. Bigarren luzea lau segundoren aldearekin hasi bazuten ere, ikaragarri azkartu zuten erritmoa, eta Arraun Lagunak eta Orioren tartean sartu ziren. Pixkanaka aldenduz joan zen Lugañene, eta Orio eta Donostiarraren lehiak eskura utzi zion txapelketa. Baina amorruz erantzun zuen Oriok, eta ederki eutsi zion norgehiagokari. Parez pare izan ziren bigarren luze osoan, eta azken 100 metroetan segundo baten aldea sartu zion Oriok Donostiarrari. Azkenean, Arraun Lagunak garaile, 11.07ko denborarekin. Bigarren, Orio, 6.22 segundora; hirugarren, Donostiarra, 7.74 segundora; eta laugarren, Tolosaldea, 32.46 segundora.

Lehen txandan, denboraldi osoan zehar gehien nabarmendu den Ama Guadalupekoa-k irabazi zuen, bigarren luzean estropada hautsita. Hibaikak lehen metro indartsuak egin, eta tartea ireki zuen aurkarien aldean. Baina hustuz joan zen, eta laugarren minuturako ia denbora berean ari ziren Hondarribia eta Cabo. Balizara lehena iristen Cabo izan zen, baina pasa egin zen ziabogan, Hondarribiaren eta Hibaikaren antzera. Poparerako giro aproposa zegoen, eta Hondarribiak jakin zuen hoberen asmatzen. Bigarren luzean hautsi zuen guztiz txanda, eta borroka bigarren posturako utzi zuen. Hibaika eta Cabo izan ziren, ia parean, bigarren luze osoan. Helmugara iristen lehena Hondarribia izan zen, 11.40ko denborarekin. Bigarren, Hibaika, 10.49 segundora, eta hirugarren, Cabo, 10.81era. Azkena, Tiran, 45.32ra.

ETE ligan, Zumaiak irabazi zuen Zarauzko Ikurrina. Gainera, sailkapeneko bigarren postua ziurtatu zuten, eta igoerako kanporaketetan ariko dira. Bigarren Kaiku izan zen, 4 segundora; hirugarren, Zarautz, 10era; eta laugarren, Astillero, 15era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.