Lurralde desoreka ate joka

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Biztanlez husten ari diren lurraldeen auzia oihartzun zabala hartzen ari da Europan. Ez da auzi berria, baina gero eta muturrerago doa. Europaren historian arorik jendetsuena bizi dugun honetan, hainbat lurralde komunitatea iraunarazteko gutxieneko kopuruari ezin eutsi dabiltza. Fenomeno hori aipatzean, ordea, arrotzak zaizkigun egoerak aipatu ohi dira, Gaztelako edo Alpeetako zenbait zonalde kasu, Europako despopulatuenen artean daudenak.

Euskal Herriak ez ditu krisi bizia nozitzen ari diren lurralde horien ezaugarriak. Izan ere, azaleraz txikia da; hainbat hiri eta herri dinamiko ditu bere baitan; ordubete egin baino lehen hel daiteke hurbileneko hiriburura; ardatz ekonomiko eta industrial bizi-bizietan kokatuta dago (Ardatz Atlantikoa eta Ebro ibarra). Gure ezaugarri funtzionalak Europako eremu urbanoenen hurbilekoak dira, eta hala ere gure zenbait zonaldetako dentsitateak husten ari diren lurraldeen antzera dabiltza.

Desertizazioa aipatzean dentsitate eta zahartze datuei begira jarri ohi gara. Ez genuke ahantzi behar, ordea, lurraldea husteak askotariko ezaugarriak dituela Euskal Herrian ere.

Gureari erreparatuz, euskal lurraldearen erdiak (%49,2) kilometro karratuko 20 biztanletik beherako dentsitatea du. Hiriguneetan, aldiz, batez beste, 2.125 biztanle kilometro koadroko. Azken urteotan joera hau indartu egin da eta biztanleriaren %82 dentsitate handiko udalerrietan bizi da dagoeneko.

Euskal Herria osatzen duten 686 udalerrietatik, azken urtean 339 udalerrik biztanleria galdu dute. Horietatik, 291 landa-eremuan kokatzen dira. Zuberoak aspaldiko gainbeheran jarraitzen du, baina biztanleria galera izan duten udalerri kopuru handiena Nafarroa Garaian dago, batik bat, Estellerriko Ekialdean, Estellerriko Mendebaldean, Erronkari-Zaraitzun edo Auñamendin. Gernika-Bermeon, Errioxa Arabarrean, Garazi-Baigorrin edo Goierrin ere modu batean ala bestean herritarrak galdu dituzten udalerrien kopurua aintzat hartzeko modukoa da: hiriguneak gizenduko badira, txikienak mehetu behar.

Metabolismo demografiko ahuleko udalerri hauek gazteak galtzen ari dira etengabe, emazteak batez ere, eta horien artean kualifikatutako pertsonak dira gehienak. Kualifikatutako euskal herritarren %86 hiriburu eta udalerri populatuenetan kontzentratzen da. Hiriguneetan hamarretik hiru dira goi titulatuak; landa eremuan, aldiz, hamarretik bat etaerdi.

Honi guzti honi hainbat eskualdek gero eta urrunago dituela zerbitzu publikoak eta geografia industrialak lurraldean kontzentratzera jo duela gehitu behar zaio. Zenbait udalerri bere funtzioa galtzen ari dira, hiriek herri txikien ondarea bereganatzen duten heinean (gazteak, trebatutako langileak, enpresa egitasmo bideragarriak...). Hortik, esan daiteke XX. mendean euskal lurraldeak egituratu dituen faktore multzoa ahultzen ari dela, lurralde egitura arras kontzentratuagoetara (eta desorekatuagoetara) jotzeko. Datu argi bat: Euskal Herriko 148 udalerritako enplegu kopurua bere 16-64 urte bitarteko biztanleriaren %25 baino txikiagoa da, eta beste 289 udalerritan ez da %50era iristen.

Lurralde oreka zaintzea, oinarrizko burujabetza ariketa izateaz gain, gure naturak ematen dizkigun ondasunak bere onenean mantentzeko ariketa ere bada. Inork imajinatzen al du etorkizuneko Euskal Herria elikagaiak ekoizteko bere lurraldeak galtzen? Gogoan izan hainbat estatu ahaldun Afrika eta Hego Ameriketan egiten ari diren lur erosketak; gurean ere ate joka ari dira. Euskal Herriaren etorkizun sozioekonomikoa burujabea eta iraunkorra izatekotan, lurraldearen oreka eraginkorra bermatuz izango da.

Indarrean dagoen lurralde kategorizazioak bete-betean erantzuten dio akumulazio urbanoa aldarrikatzen duten sektore pribatuen estrategiari. Lurralde desoreka gero eta larriagoa adierazten duten emaitzen argitan, herri-akordio zabala landu beharko dugu, landa giroko herriei dagokien lekua aitortuko diena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.