Literatura

Berrogei maskaradun idazlea

Asteartean ehun urte bete dira Boris Vian eleberrigile, musikari, letragile, poeta eta abeslaria jaio zenetik, eta haren erakarpen indarrak bizirik jarraitzen du oraindik.

Guztira, ia berrogei ezizen baliatu zituen Boris Vian idazle frantziarrak hamaika alorretan kaleratutako bere sorkuntzak izenpetzeko. BERRIA.
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Mugitzen dituen txotxongiloen dantzek erretratatzen duten txotxongilolari baten pareko zerbait da Boris Vian ingeniari, nobelagile, poeta, letragile, abeslari, musika kritikari, tronpeta jotzaile eta zuzendari artistiko frantziar ezaguna (Ville-d'Avray, Frantzia, 1920 - Paris, 1959). Bison Ravi, Butagaz, Boriso Viana, Aime Damour, Andy Blackshick, Brisavion, Otto Link, Ana Toff, Gedeon Mauve, Vernon Sullivan eta beste ia 30 sasizenen maskaraz plazaratu zuen hamaika alorretan bere sormen osoa, eta jaio zenetik mendea bete da martxoaren 10ean. Nagusiki Le déserteur abesti antimilitaristak (Desertorea)eta bere liburuek eragindako eskandaluak egin zuten ezagun bere garaian, baina urteak pasatu ahala, gero eta estimu handiagoa jaso dute haren bestelako literatur lanek ere. Euskaraz ere irakurri daitezke haren eleberri nagusietako bi: argitaratu eta berehala eskandalua, mespretxua, eta, ondorioz, sona ere ekarri zion Ttu eginen dut zuen hilobietan izeneko eleberri beltza , batetik; eta hitz jokoz beteriko Egunen aparrean jostaria, bestetik. 39 urte besterik ez zuela hil zen, Ttu eginen dut zuen hilobietan eleberriaren zinemarako moldaketa proposamena ikusten ari zenean.

Erlojuaren kontra aritzearen larritasuna igar daiteke Vianen sormenean. Hori da, behintzat, haren figura aztertu duen Francisco Javier Irazoki poeta nafarraren hipotesia. Haren ustez, nolabaiteko presa bat ezarri zioten sortzaileari 12 urterekin izan zuen sukar erreumatikoaren ondorioz jasandako bihotzeko arazoek, eta tentsio sortzaile horretan mantenduko zuten osasunez kili-kolo joango zaizkion ondorengo urteek ere. Hortik Vianen sormen oldarraldiak, Irazokiren interpretazioaren arabera, bederen. Baina, edozein kasutan, nabarmena da sortzailearen egarri aseezinaren froga direla bizi artean argitara eman zituen hamaika eleberriak, idatzitako ia bostehun letrak, publikatutako lau poema bildumak eta jazzari buruzko ehunka kronikak.

Umorea eta hizkuntzarekin jolasteko zaletasuna nabarmentzen dituzte adituek haren literaturan, eta ohikoak dira existentzialismoarekin lotu ohi diren gaiak haren testuetan: gaixotasuna, endekatzea, heriotzaren absurdua. Cent sonnets liburua izan zen bere lehen liburua, baina, batez ere, 1946an argitaratutako Ttu eginen dut zuen hilobietan eleberriak eman zion izena.

Egiletzari iheska

Liburu hura berak asmatutako Vernon Sullivan idazle ipar amerikarrak idatzi izan balu bezala aurkeztu zuen Vianek, eta haren itzultzailetzat ageri zen bera.AEBetako hegoaldean kokatu zuen kontakizuna, eta mestizoa izateagatik hil arte jipoitu zuten anaiaren heriotza burutik kendu ezinik dabilen gizon baten istorioa kontatzen du eleberriak. Isun handiei eta espetxe zigorrari ere egin behar izan zien aurre Vianek, bertan deskribatu zituen sexu eta bortizkeria eszenengatik. Bera itzultzailea baino ez zela frogatzea izan zen bere defentsa hainbat epaiketetan, eta ingelesezko bertsio bat ere sortu zuen, horregatik, jatorrizkoa balitz bezala aurkezteko. Denbora batera soilik onartu zuen egilea bera zela, baina kritikariak haserretu zitzaizkion orduan.

Euskaraz Igela argitaletxeak atera zuen eleberria, Juantxo Zigandaren itzulpenarekin. Eta Ramon Etxezarretak euskaratuta irakurri daiteke Vianen beste lan ezagunenetako bat: Egunen aparrean (Elkar). Bere beste hainbat abesti, poema eta kontakizun ere topa daitezke euskaraz sarean.

Eskandalua sortu zuten haren letrek ere; adibidez, Koldo Izagirrek euskarara ekarritako Desertorea abestiaren kasuan. Garaiko testigantzek kontatzen dutenez, publikoaren irainak eta mespretxua piztu zituen gerrari uko egiteko deia zabaltzen zuen abesti hark. Zaleak ere lortu zituen hari esker, ordea. Eta ez nolanahikoak: Serge Gainsbourg abeslari eta letragilea aipatu ohi dute adituek haren jarraitzaile eta ikasle onenen artean.

Oro errana da

Letrei garrantzi handia ematen zien Vianek bere kantagintzan, eta Luis Mariano euskal jatorriko abeslariari egiten zion kritikak eman dezake horren neurria. Irazokik bere artikuluan biltzen duenez, Vianentzat Luis Mariano «kondenatuta» baitzegoen «kanta ergelak» abestera, hain zuzen, ongiegi abesteko gai zelako. Adierazkortasuna eta kontaketa lehenesten zituen Vianek, birtuosismoaren gainetik.

Jazzari dagokionean, berritzaileen alde lerratu zen Vian, bere kroniketan Chet Baker eta Miles Davisen defentsa eginez. Idazlearen hitzetan, generoaren garapena onartzea baitzen tradizioari fidel jarraitzeko modu bakarra.

Nihilismoaren eta sarkasmoaren artean sartu irtenean dabil maiz haren poesia. Bere bertso lerroetan ere igar daitezke gerra osteko frantziar literaturan halako eskandalua eragin zuen sortzailearen arantza eta ironia tarteka. Eta, noski, umorea. Hori da kasua, adibidez, gurean Angel Erro poeta nafarrak idatzitako lerro ezagunen oihartzuna duen Oro errana da ehun aldiz izenburuko poemarekin. «Oro errana da ehun aldiz/ eta ez dut hobeki esango nik./ Bertsorik idazten badut, bada,/ dibertitzen nauelako da,/ dibertitzen nauelako da,/ dibertitzen nauelako da eta zoazte denak pikutara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.