Zientziaren neutraltasuna

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Geure buruei zientzia neutrala ote den galdetuz gero, gutxi batzuek jarriko genuke kolokan, horretarako asmatu baitzen, XVI. mendearen amaiera aldera, metodo zientifikoa. Behaketa, indukzioa, hipotesia eta esperimentazioaren errezetari jarraituz, metodo zientifikoak formulatzen den tesiaren subjektibotasuna minimizatzea du helburu, ezagutza zientifikoaren egia eta neutraltasuna bermatzeko.

Baina gehienetan kontuan hartzen ez den arren, zientziak iruditegi kolektiboa elikatzen duen moduan, iruditegi kolektiboak ere zientzia elikatzen du. Horren adibide ditugu zientzian gure egunerokotasunean ulertzeko zailak egiten zaizkigun prozesuak deskribatzeko erabiltzen diren metaforak. Zentzu horretan, Eulalia Pe?rez Seden?o zientziaren filosofoak Metaforen sexua liburuan azaltzen duen adibidea oso argigarria da; bertan, espermatozoideak obulua ernaltzeko prozesuaren atzean dauden metaforak azaleratzen ditu. Gure iruditegian obulua objektu pasiboa da, bere kabuz higitzen ez dena; izaera femeninoa du, alegia. Espermatozoidea, aldiz, zelula aktiboa da, korrontearen aurka igeri egiten duena, isats indartsua duena eta obuluan sartzea lortzen duena; izaera maskulino argi bat esleitzen zaio, beraz. Urte luzez medikuntza liburuetan idatzi dena hau izanik ere, azkenengo ikerketek erakusten dutenaren arabera, espermatozoideak obuluan sartzeko behar duen indar mekanikoa txikia da, eta ernalkuntza bien azalean dauden molekula itsaskorrei esker ematen da. Hortaz biak, obulua zein espermatozoidea, dira prozesuaren parte aktibo.

Metaforez haratago, diskurtso zientifikoa pentsamendu hegemonikoa justifikatzeko erabili izan da historian zehar. XVI. mendean, esaterako, biologiak arrazaren kontzeptua sortu zuen. Oinordekotza genetiko bidez transmititzen diren bereizgarri fenotipikoetan oinarrituz, espezie biologiko batzuk azpitaldetan banatzen ditu arrazak. Egun, hainbat genetistaren ikerketetan oinarrituz, joan den irailean hildako Luca Cavalli-Sforza kasurako, zientziak berak dio kontzeptua okerra dela, eta egokiagoa dela etnia edo herriei buruz hitz egitea. Cavalli-Sforzak, giza populazioen genomak ikertu ostean, gizakion artean homogeneotasun handia topatu zuen, eta ezberdintasun genetikoek arrazaren kontzeptua inondik inora justifikatzen ez dutela ondorioztatu. Cavalli-Sforzaren hitzetan, «zientzia gizarteak moldaturiko jarduera da, munduan diruaren eta denboraren gaineko kontrola ezartzen duten indarrek gidatzen dutena. Indar horiek mugatzen dute, hein handi batean, zientziak zer eta nola egiten duen».

Ibilbide historikoari jarraituz, XIX. mendean medikuntzak emakumeok gutxiesteko argumentu ugari plazaratu zituen: ez ditugula gaitasun intelektualak garatzen erreprodukziorako behar ez ditugulako, emakumezko enbrioiaren garapena umezaroan eten egiten dela edota gure burmuina txikiagoa dela, besteak beste. Egun, genero zapalkuntza bera zientifikoki justifikatzen dute batzuek, sexu bidezko lan banaketaren bidez. Arkeologiak gizon ehiztaria eta emakume biltzaile/zaintzaileen gurak sortu ditu, sexuari loturiko ezberdintasun biologiko eta naturaletan oinarrituz. Zenbait adituk diotenez, ordea, datu ugari falta dira, eta «rolak berreraikitzea ia ezinezkoa da», Linda Owen arkeologoaren esanetan.

Iruditegi kolektiboak eta uneko pentsamenduak, beraz, ikerketa zientifikoen emaitzetan eragin handia dute, metodo zientifikoa behaketatik hasita tesiaren planteamenduraino gurutzatuz. Orain arteko ikerketa gehienak gizonezko zuri burges heterosexualek burutu izanak ere badu bere eragina. Horregatik eman zion Jocelyn Bell Burnell astrofisikariak irailean jasotako 3 milioi dolarreko saria Britania Handiko Institute of Physics erakundeari, talde gutxituen (errefuxiatuen, gutxiengo etnikoen eta emakumezkoen) ikerketa zientifikoa bultza dezan. Bellek pulsarrak (neutroi izar birakariak) aurkitu zituen 1967an, bere doktoretza tesian zehar eraikitako irratiteleskopio bati esker. Lan horrengatik, bere tesi zuzendaria zen Anthony Hewishek Nobel saria jaso zuen 1974an. Bellen esanetara, talde gutxitu baten parte izateagatik (emakume izateagatik, alegia) egin zuen hain gogor lan, espazio horretan arrotz sentituz bere balioa erakusteko beharra zuelako, eta horri esker aurkitu zituen pulsarrak.

Hori guztia dela eta, metodo zientifikoa neutraltasunaren bermetzat hartu baino, interesgarriagoa zaigu hau zalantzan jarri eta zientzia egiteko modu berriak bilatzea. Saiakera interesgarriak martxan daude jada, Funtowicz eta Ravetzen zientzia post-normala edota Donna Harawayren ezagutza kokatua, kasu. Zientzia post-normalaren helburua zientzia egungo baldintzetara egokitzea da. Egia absoluturik ez dagoela onartuz, ziurgabetasun handia, balio kontrajarriak, arrisku altuak eta premiazko erabakiak tartean daudenean, ohiko problemen erresoluzioak balio ez duela hartzen du kontuan. Prozesu parte hartzaileei lotzen zaie askotan zientzia post-normala. Ezagutza kokatuaren abiapuntua zientzia egiten duenaren ikuspegia baldintzatuta dagoela onartzea da; ikuspegi hori ikerlariak mundu sozialean duen posizioaren araberakoa dela onartzea, alegia. Horregatik da garrantzitsua, zientzia egiterakoan, arretaz behatzea kokaleku horri. Halaber, garrantzitsua da ikergaiarekiko botere-harremanak identifikatzea eta horiek iraultzea, ikergaiari dagokion agentzia aitortuz, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.