Txema Ramirez de la Psicina

Boterearen narratibak

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Nolatan ez du honek guztiak—dagoeneko— eztandarik egin? Noiz arte mantendu ahal da kontrolpean gizarte oso bat shock egoeran, lotuta, askatasunik gabe, brast egin gabe? Hira apenas azaldu den gure kaleetan.

Ia urtebete daramagu salbuespen egoera gordinean. Hilabeteak eman ditugu etxetik irten, seme-alabak besarkatu, lagunekin elkartu eta tabernetara joan gabe. Oro har, denok gara pobreago. Askok enplegua galdu dute edo galtzear dute. Gehientsuenon lan-baldintzak dezente okertu dira. Estresa, neke fisiko eta psikologikoa… dena metatu da gure sorbalda gainean. Okerrena, joan zaizkigun senideak ezin izan ditugula behar bezala agurtu, ukitu, sentitu, maitatu. Nolatan aguantatu dugu hainbeste eta zenbat gehiago aguantatu behar dugu? Egoera zaila da benetan. Bai gobernatzeko, baita oposizioa egiteko ere. Eta manipulatzeko, oso erraza.

Nork ez dio —noizbait— bere buruari horrelako galderaren bat egin azken hilabeteotan? «Eta zein da alternatiba?», galdetuko didazue, arrazoi osoz. Horretan datza, nire ustez, gakoa, aurreko paragrafoan zabaldutako galdera eta min potoloen erantzuna, alegia. Ez dago alternatibarik? Txertoan dugu esperantza jarria eta hori ere... Bizkitartean egunero delegatzen dugu agintariengan eta adituengan, pentsatzen baitugu haiek guk baino gehiago dakitela. Onartu egin ditugu otzan-otzan gure askatasun indibidual eta kolektiboen murrizketak, etxeratze aginduak, negozioen itxierak, udalerri nahiz lurralde edota erkidego mailako konfinamendu perimetralak... Hori dena onartu egin dugu uste dugulako egiten ari garen sakrifizio horrek benetan merezi duela, gure eta ingurukoen bizitza arriskuan dagoelako. Ados.

Joan den astean izandako solasa ekarri nahi dut hona. Komunitateko ganbaran gertatu zen. Egoera benetakoa da. Izenak fikziozkoak dira. Mikel hirugarren pisuan bizi da. Traste batzuk hartzera joan nintzen eta harekin egin nuen topo. Egoera normalean ohiko diren galderek, pandemia garaian, beste norabide bat hartzen dute. «Zer moduz?», itaundu nion nik. «Ondo ez, Txema; ondo ez», erantzun zidan. Eta hauxe erantsi: «Gaur eman digute albistea: 24 kalera doaz edo goaz; tartean, seguru asko, gutako bat gutxienez». Mikelek eta bere bikote Maitek enpresa berean egiten dute lan, Araban izen handia duen hegazkintzako enpresa batean. 52 eta 54 urte dituzte eta, hurrenez hurren, 22 eta 24 urte daramatzate lanean, toki eta postu berean. Orain arte ez dute inolako arazorik izan. Pandemia dela eta, beren lanpostuak kolokan daude, arrisku bizian. Berez koiunturala dirudien krisia enpresak egiturazkotzat jo du. Gehien inpresionatu ninduena bere begirada izan zen. Etsipenetik hitz egiten zuen, dena galduta egongo balitz bezala. Mingostasun sakona antzematen zitzaion ahotsean eta begiradan. Gorrituta zituen begiak. Ziur aski arratsalde hartan negar egingo zuen. Ahalegindu nintzen animoak ematen, baina eskua luzatu edota bizkarrean zaplada eman gabe. «Borrokan jardungo dugu», esan zidan, «baina alferrik da Txema; hauek erabakia hartua daukate». Ez nintzen ausartu aholkuak ematera. Onena opatu eta etxera bueltatu nintzen, nahigabetuta, mandiotik hartu behar nuenaz ahaztuta.

Mikel eta Maiteren egoera berean ehunka, milaka lagun daude Euskal Herrian, milioika mundu osoan. Egoera honek zartatu egin gaitu. Kikildu, mantsotu, gutxitu, baztertu, pobretu. Ikaragarria da zein gutxi ikasi dugun lehenengo krisitik. 2008an botere finantzarioak eta komunikabide nagusiek sinetsarazi nahi izan ziguten orduko krak-aren errua gurea zela. Izan ere, zenbat aldiz esan ziguten: «Jende asko bere posibilitateen gainetik bizi izan da, eta horregatik etorri da etorri dena». Kontxo, eta beste batzuek esaten genuen: «Baina nork arraiok eman ditu maileguak eta zergatik, euren irabaziak handitzeko ez bada?».

2021ean gaude eta jarraitzen dugu boterearen narratibak lañoki kontsumitzen. Izan ere, hain gaude gure mundutxoan sartuta, ezen ez dugu astirik muturren aurrean dugunaz harago begiratzeko. Aski dugu egunerokoa kudeatzen, ziurgabetasuna gobernatzen, semeari edo alabari egokitu zaion hirugarren konfinamendua antolatzen, FFP2ak erosten... Eta gainera kasu egin behar diegu albisteei, kutsatutakoen bilakaerari, eremu gorritik laranjara noiz pasako garen pentsatzeari… Egunerokoak neutralizatzen gaitu. Funtseko galderak ahaztu egin zaizkigu. Zergatik etorri da hau guztia? Sistema hau errotik kuestionatu gabe irten gaitezke aurrera? Non gelditu da balkoietako espiritu solidario hura? Behar beste egiten ari gara enpleguaren defentsan? Ondo kudeatzen ari da pandemia? Ba al dugu estrategia garbirik? Zergatik Zero COVID aukera ez dago gure agintarien agendan? Zer egin daiteke enpresa farmazeutikoekin? Gotzone Sagarduik zergatik esan digu gezurra?

2008an bezala, 2021ean ere herritarron bizkar gainean paratu nahi dute erru nagusiaren zama. Zenbat aldiz entzun eta ikusi ditugu herritar arruntok telebistan honako mezua zabaltzen: «Gabonetan pasatu egin gara, behar baino gehiago elkartu gara eta, jakina, gero dator datorrena». Gabonetan nire inguruan ikusi dudana, ordea, ez da hori. Oso herritar kezkatu eta arduratsuak ikusi ditut. Ekainaren eta abenduaren hasieretan «salba dezagun udara, salba ditzagun Gabonak» esaten ziguten berberak mutu dira orain.

Bitxia da gero. Diziplina exijitzen diguten berberak gauekotasun eta azpikeriaz baliatu dira ez dagokienean txertatzeko. Groteskoagoa da konfinamendua hautsi eta golfera jolastera joan den goi kargu horren kasua. Horiek bai klaseko gizonak eta ez kaleko edanari emanda, «mozkorra-borrokan», bizi diren zarpail horiek.

Boterea pandemia erabiltzen ari da SARS-CoV-2 baino hilgarriagoa den beste birus bat inokulatzeko, otzantasun eta nagikeria intelektualaren birusa, boterearen narratibak gure egiteko, xalo-xalo, natural oso. Joseba Sarrionandiak Gauzak direna balira liburuan esaten duen bezala, «libreak garela sinetsarazi behar digute, esklabotzaren kontra errebela ez gaitezen. Gobernatzen dugula sinetsarazten digute, gobernatuak izatea onar dezagun». Izan gaitezen baikor. Eman diezaiogun bidea Bertolt Brecht-en aforismoari: «Gauzak diren bezala direlako, ez dira diren bezalakoak izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.