Athletic 0-1 Valentzia

Aldea, azken pasean

Valentziak irabazi egin dio Athletici San Mamesen, eta eten egin du talde zuri-gorriak ligan etxean zeraman bolada bikaina. Yuri Berchichek min hartu du

Iñaki Williams, lurrean, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Txerixevek (27. min). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Athleticeko Unai Lopezi eta Adurizi; eta Valentziako Txerixevi, Rodrigori, Diakhabyri eta Cilleseni. Bestelakoak. 42.420 ikusle San Mamesen.

Athleticek galdu egin du San Mamesen. Notizia da. Izan ere, zuri-gorriak ia urtebete zeramatzaten ligan zaleen aurrean galdu gabe. Gaizka Garitanorentzat lehen porrota da etxeko aulkian esertzen denetik. Valentziak eten du bolada ikusgarri hori. Hiru izan dira Athleticen porrota ulertzen lagun dezaketen gakoak: batetik, etxekoen partida hasiera motela; bestetik, erdiraketa eta azken paseak emateko orduan erakutsitako gabezia; eta azkenik, aurkari ona izan duela aurrean. Valentziak, ohi den legez, barne arazo larriak ditu, baina taldea zelaian ordezkatzen duten futbolariak oso onak dira.

Garitanok San Mamesen jokatutako azken partidan zelairatu zuen hamaikako berberaren aldeko apustua egin zuen. Leganesen kontrako partidarekin alderatuta, bost aldaketa egin zituen. Freskatu egin zuen taldea. Baina ez zen nahikoa izan neurketari ohiko intentsitatearekin ekiteko. Athleticen indarra eta dohain nagusietako bat presioa da. Jokalariek lanerako gaitasun handia dute, eta aurkariari bere jokoa egiten uzten ez dietenean nagusitzen dira. Atzo, indar apur bat falta izan zitzaien. Valentziak eroso jokatu zuen lehen zatian. Ondorioz, partida hasi orduko izan zuen lehen aukera garbia. Wassek eskuin hegaletik egindako erdiraketa gora jaurti zuen Maxi Gomezek. Laugarren minutua zen. Bada, hamargarrena bete orduko beste aukera on bat izan zuen aurrelari uruguaitarrak. Area barruan bularrez kontrolatu ondoren, gehiegi gurutzatu zuen baloia Unai Simonen aurrean. Lehen zatiaren ordu laurdena bete orduko hirugarren aukera ona izan zuen Albert Celadesen taldeak. Korner baten ostean Garayk boleaz egindako jaurtiketa geldiketa ikusgarri bati esker urrundu zuen Unai Simonek. Atezaina izan zen zuri-gorririk onenetako bat.

Valentzia estu hartzen ari zen Athletic, eta azkenean lortu zuen gola sartzea. Ibai Gomezek bizkorregi egindako erdiraketa batetik abiarazitako kontraeraso bati esker aurreratu zen. Rodrigok zelai erdia pasatu orduko Maxi Gomezi eman zion baloia. Aurrelariak eskuin hegalera jokatu zuen, eta Ferran Torresek Yuriri aurrea hartuz emandako azken paseak bakarrik utzi zuen Txerixev: 0-1.

Liga hasi zenetik lehen aldiz galtzen ari zen Athletic. Izango al zen kapaz egoera horri aurre egin eta aurrera egiteko? San Mamesko harmailan batek baino gehiagok zuen zalantza zen. Bada, bai. Athleticek galdu egin zuen, baina ez zen izan ahalegindu ez zelako. Hegalak baliatuz arriskua sortzeko zuloak aurkitu zituen. Sarri jarri zuen baloia Cillessenen arean, baina ez zen kapaz izan aukera garbiak sortzeko. Williamsek jokaldi berean egin zituen bi erremate izan ziren neurketa berdintzeko aukera on bakarrak. Lehen errematea atezainak gelditu zuen, eta bigarrenak zutoina jo zuen.

Ordutik aurrera baloia izan zuen etxeko taldeak area inguruan, baina ez zen kapaz izan arriskua sortzeko. Valentziak, bestalde, Athleticek hartutako arriskuak baliatuz bi aukera garbi izan zituen aldea handitzeko. Txerixeven jaurtiketa bat Unai Simonek gelditu zuen, eta Manu Vallejorena Yerayk atera zuen atepetik.

Sasoiko lehen porrota gutxi ez, eta azken txanpan Yuri lesionatu zen. Eskuin sorbaldan luxazioa dauka. Ikusteko dago zenbat beharko duen osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.