Elx 1-0 Eibar

Arazoak pilatzen hasita

Eibarrek galdu egin du aurkari zuzen baten zelaian, Elxenean. Jaitsiera postuak atzean uzteko gehiago estutu beharko du aurrerantzean Mendilibarren taldeak

Eibarreko jokalari Pedro Leon lurrean, atzo, Elxen aurkako partidan gol aukera bat huts egin ostean. RAMON / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: Dani Calvok (32. min.). Epailea Cordero Vega. Txartel horiak Elxeko Verduri eta Marconeri, eta Eibarreko Bryan Gili. Bestelakoak. Ikuslerik ez Martinez Valeron pandemiagatik .

Ez da komeni izaten arazoetan sartzea. Aukeran, hobe da haietatik ahalik eta urrutien ibiltzea.Orain dela jardunaldi batzuetatik Eibar jaitsiera postuetatik gertu ibili da. Aukera dezente izan ditu bertatik urruntzeko, baina ez ditu baliatu. Orain, bete betean sartu da horietan, atzo Elxen aurka 1-0 galdu eta gero. Porrot kezkagarria Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldearentzat.

Norgehiagokaren garrantzia ikusita, eskarmentu handiko jokalariak zelairatu zituen Mendilibarrek. Azkenaldian asko jokatzen ari diren Arbillari eta Sergi Enrichi, Pedro Leon eta Jose Angel Cote gehitu zitzaizkien. Azken horrek aurreko jardunaldian izan zituen denboraldiko lehen minutuak, eta sasoi onean zela ikusi eta gero, Mendilibarrek ez zuen zalantzarik izan hain partida garrantzitsu batean titular jartzeko. Horrek ezker hegalekoak taldean duen garrantzia erakusten du.

Erritmo altuarekin hasi zen partida, baloiaren jabetza lortzeko borroka askorekin. Minutuek aurrera egin ahala, bisitariek hartu zuten norgehiagokaren gidaritza. Baloia ahalik eta azkarren hegaletara eraman, eta handik erdiraketen bidez min egiten ahalegindu ziren, Pedro Leonen eskuin hanka baliatu nahian. Defentsa lanetan sendo aritu ziren, eta presio altuaren ondorioz, etxekoak apenas iritsi ziren Dmitrovicek zaindutako atera. Garaipenerako bide zuzenean ziren Mendilibarrenak.

Baina Elxek sartu zuen partidako estreinako gola, 32. minutuan. Cote-k korner bat oparitu zuen, eta Escribarenek ondo baino hobeto baliatu zuten. Dmitrovicen atea zulatu zuen Dani Calvok. Etxekoen lehen gol aukera zen.

Baloiaren jabetzea

Eibarrek ez zituen eskuak jaitsi, eta partidaren aginte makila izaten jarraitu zuen. Hainbat aukera izan zituen geldikako jokaldietan lehia berdintzeko, baina ez zuen asmatu. Bigarren zatian, 1-0eko errenta baliatuta, Elxek pauso bat atzera eman, eta baloiaren jabetza Eibarri eman zion. Baina arriskua sortzeko arazo gehiago izan zituen, etxeko taldea ondo kokatuta baitzegoen.

Partidako ordubetea igarota, eibartarrak pixkanaka-pixkanaka beherantz joan ziren. Hori ikusita, etxeko taldeak Mendilibarrek partida atarian esandakoa egin zuen: kontraerasoan atera. Lau gol aukera izan zituen aldea handitzeko.

Golik sartu ez bazuten ere, oso eroso egon ziren soropilean. Mendilibarrenei ez zitzaien ezer atera. Bryan Gil izan zen horren adibide argia. Hegalekoa apenas agertu zen atzokoan, eta txartel horia ikusi zuen partida hondarrean, ezintasunaren poderioz aurkari bati ostikoa emateagatik. Eibarrek bere esentzia eta bere jokoa berreskuratu beharko ditu arazo are larriagoak izan nahi ez baditu. Izan ere, aurkari zuzenen kontra izan ditu azken bi lehiak, eta puntu bakarra batu du Mendilibarren taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.