Literatura

Liburu denda bat (edo bi) Parisen

Sylvia Beach liburuzaina, Parisko Shakespeare & Company mitikoaren jabea, hiriko letren erdigunea izan zen 1920ko urteetan. Aurten duela ehun urte, James Joyceren 'Ulises' aurrenekoz argitaratzera ausartu zen.

Sylvia Beach Shakespeare & Company liburudendaren jabea. BERRIA.
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sylvia Beach estatubatuarra hogeita zazpi urte zituela iritsi zen Parisa, Lehen Mundu Gerraren garaian, literatura frantsesa ikastera. Biblioteka Nazionalean lanean zebilela, ikerketa batean murgil, La Maison des Amis des Livres (Liburuen lagunen etxea) izeneko liburu denda baten berri izan zuen, zeina Parisko VI. Barrutiko Odeon kalean baitzegoen. Berandu gabe joan zen, eta han ezagutu zuen Beachek Adrienne Monnier, dendaren jabea. Garai hartan, erabat ezohikoa zen emakume bat izatea liburu denda baten jabe; 1915ean ireki zuen Monnierrek, 23 urte zituela, eta Frantzia osoko aurreneko emakumeetako bat izan zen. Beach eta Monnier maitale eta lankide egin ziren; haren laguntzaz eta akuilatzez, Beachek ingelesezko liburu denda bat ireki zuen, Shakespeare & Company, La Maison des Amis des Livres-en aurre-aurrean. Hartu-eman emankorra sortu zen bi denda horien artean; artista eta idazle ugari bertan bizi ziren ia —«kasik lanik egin ezinda ibiltzen nintzen», gogoratzen zuen Beachek eztiki—, eta ekitaldi, aurkezpen eta irakurraldi ugari antolatzen zituzten. Letra giro hura 1920ko urteetako Parisko erdigune kulturaletako bat bilakatu zen.

Izan ere, garaitsu hartan mundu osoko artista frankok Paris hartu zuen egoitza eta bizileku gisa. Beachek 1962ko elkarrizketa batean kontatzen duenez, «idazle estatubatuar gazteak Parisa samaldaka iristen ari ziren», «nazkatuta» baitzeuden beren herrian ezin alkoholik lortzeagatik, debeku garaia zenez. Zentsura ere bazuten, gainera; halatan, Parisa etortzen ziren beren herrialdeetan debekatutako liburuak argitaratu eta irakurtzera, hala nola D.H. Lawrenceren Lady Chatterley's Lover (Lady Chatterleyren amorantea), zeina zentsuratua baitzegoen AEBetan eta Erresuma Batuan.

«Garai hartako AEBetako idazle gazte guztiak ezagutzen genituen, denak baitzebiltzan atzerrian. Horiekin nahasian ibiltzen ziren orduko idazle frantsesak ere; Louis Aragon, adibidez, lagun handia nuen». Garai hartako literato anglosaxoi mordoa ezagutu zuen Beachek, bere memorietan esplikatzen duenez, hala nola Scott Fitzgerald, John Dos Passos, Gertrude Stein, Ernest Hemingway, Samuel Beckett, D.H. Lawrence, Ezra Pound, T.S. Elliot, Thornton Wilder... Beachen esanetan, James Joyce zen horien guztien «izarra», eta idazle irlandarrak Stratford-on-Odeon izendatu zuen bi liburu denda horien artean sortutako literatura giroa, Stratford-upon-Avon William Shakespeareren jaioterriaren ohoretan.

Joyceren maisulanaren publikazioa izan zen, hain zuzen, Sylvia Beachen azaña handietako bat. «Festa batean ezagutu nuen James Joyce», kontatzen du Beachek: «Ausarki hurreratu, eta hizketan hasi nintzaion, eta asko interesatu zitzaion nire liburu denda». Harrezkeroztik, lagun handiak egin ziren. «[Joycek] New Yorkeko kontuak kontatzen zizkidan, Ulises-en zentsuraren auziaren berri jasotzen ari baitzen. Azkenean, egun batean, erreseina batekin etorri zitzaidan, eta esan zidan: 'Erabat zentsuratuko didate. Nire liburua ez da sekula aterako'. Desesperatuta eseri zen, burua eskuetan zuela, eta orduan nik esan nion: 'Nahiko al zenuke nik argitaratzea Ulises?'. Eta hark erantzun: 'Bai, bai'. Arindu ederra hartu zuen, baina ez dakit zergatik, ze inori ez baitzion konfiantza handirik emango halako liburu puska bat, idazten zazpi urte pasatutakoa, nori, eta hain esperientzia gutxiko norbaiti ematea, hain gaztea zen norbaiti. Eta liburu denda txiki batekoa, gainera, ez argitaletxe batekoa. Ulises hau edozein argitaletxe handitan egon baitzitekeen. Joycek beldurrik ez, ordea».

Okupazioa eta etorkizuna

Bigarren Mundu Gerrak Stratford-on-Odeon-en aparraldia eten zuen, beste horrenbeste gauza bezala. Beachek eta Monnierrek, ihesa baztertu, eta Parisen geratzea erabaki zuten, eta beren larruan ezagutu zuten soldadu nazien jazarpena. Beachek berak kontatzen duenez, goiz batean soldaduek liburu denda ixteko agindua eman zuten, nonbait Beachek Joyceren Finnegan's Wake-ren azken kopia ukatu ziolako ofizial alemaniar bati. Jakinarazi zioten liburu denda itxi eta dena konfiskatzera etorriko zitzaizkiola arratsaldean. Beachek Stratfod-on-Odeoneko adiskideei hots egin zien, eta denen artean denda hustu zuten. Inguruko etxeetan gorde zituzten liburu guzti-guztiak, apalategiak desmuntatu zituzten, eta sarrerako Shakespeare & Company kartela gainetik pintatu zuen. Soldadu alemaniarrek, antza, liburu denda aurkitzeko ere lanak izan omen zituzten, eta ezin izan zuten ezer ostu.

1944an, aliatuek Paris liberatu zutenean, Ernest Hemingway bera izan zen tropekin batera liburu dendan azaldu zen aurrenekoa; esaten da berak «liberatu» zuela Shakespeare & Company. Halere, 1941 hartan itxi zenez geroztik ezin izan zen denda atzera ireki, Beachen osasun kaskarra zela eta. Gaur egungo Shakespeare & Company liburu denda, Sylvia Beachen dendaren ohoretan izendatua, 1951n ireki zen, beste kale batean. George Whitman izan zen fundatzailea, eta, haren aurrekoak bezala, ikonikoa eta artistentzako —batik bat anglosaxoientzako— erreferente izan da eta da gaurko egunean ere. Besteak beste, beat belaunaldiko artista ugari ostatatu izan ditu, hala nola Allen Ginsberg eta William S. Burroughs, baita James Baldwin, Anais Nin, Julio Cortazar, Lawrence Durrel, Max Ernst eta Bertolt Brecht ere, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.