SOSLAIA. Imanol Olaizola

EOSen sustatzaile eta lehen gidari

gorka erostarbe leunda
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Oraindik ere interesez jarraitzen zion orkestraren ibilbideari». Ohar baten bidez azaldu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Imanol Olaizolaren (Donostia, 1920) heriotzak sortutako atsekabea. Herenegun gauean zendu zen, 98 urte zituela. EOS-en sustatzailea eta lehen presidentea izan zen, ikasketaz kimikaria izan arren, musikazale erabatekoa ere bai baitzen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa abian jartzeko enkargua jaso aurretik, 60ko hamarkadan, parte hartu zuen Gipuzkoako Abesbatzen Jaialdiaren, Bach jaialdiaren eta Donostiako Jazzaldiaren sorreran. Aurrerago beste kargu batzuk ere izan zituen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, Easo Abesbatzan eta Eusko Ikaskuntzan, adibidez.

1981eko uztailean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura saileko zuzendaria zela, ordura arte amestutakoa errealitate bihurtzeko aukera izan zuen. Ramon Labaien Kultura sailburuak eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak eskatuta, «Euskal Herriko Orkestra» izan asmo zuenaren oinarriak idatzi zituen, hamasei orritan. 1982ko apirilaren 20an ofizialki eratuta geratu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, idatzi publiko bidez, eta Imanol Olaizola izendatu zuten lehen Administrazio Kontseiluko presidente.

Orkestrak bere oroimenari eskaini zion atzo Gasteizko Printzipal antzokian emandako kontzertua, eta gauza bera egingo du gaur Donostiako Kursaalean izango denean ere. Olaizolari agur esateko hileta elizkizuna gaur egingo da (19:00etan), Donostiako San Bizente elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.