Zapato Azule Ondarroan

Ekainaren amaierako marea urdina

Larrain dantza berreskuratuko dute bihar, Ondarroan egingo den Zapato Azule festan. Gernikatik hasiko da aurtengo bizikleta Dinamartxa. Hogeita bi talde izango dira kamiseta azokan

June Romatet Ibarguren.
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Badator Ondarroako (Bizkaia) larunbat berezia: heldu da Zapato Azule jaia. Urtero ekaineko azken larunbatean ospatzen da jaia, Ondarroan, eta bihar izango da. Arrantzale arropa erabiltzen dute herritarrek, eta hori urdina delako da larunbat hori Zapato Azule.

Urtez urteko egitarauan berrikuntzak izango dira aurten. Larrain dantza berreskuratuko dute. Badira urte batzuk dantza hori egiteari utzi ziotela; izan ere, jende asko biltzen zen plazan dantzak ikusi nahian, eta ez zen ezertarako lekurik egoten. Aurten, berriz, larrain dantza eta euskal dantzak berreskuratuko dituzte. 19:00etan dantzatuko dute herritarrek, Kafeko Atzean.

Bestetik, urtero egiten den Dinamartxan ere izango dute aldaketa. Tolosatik Ondarroara egiten duten bizikleta martxa Gernikatik hasiko da, kalbarioa eta kostako bidea itxita daudelako.

Egun osoko jaia izaten da; azokak, txosnak, dantza, kontzertuak eta abar izango dira. Egunean zehar Dinamartxak ere egingo dira, eta, Txomin L. Aramaio jaiaren koordinatzaileak esan duenez, hiru izango dira: mendiko martxa, igeriketa martxa eta bizikleta martxa. Mendiko martxan izena emateko zerrendak ireki baino bi ordu lehenago, jendea zain egon zen. Beraz, Mendikorako autobusa beteta joango da. Bestetik, igeriketa martxan 30 inguru izango dira, eta, bizikleta martxan, lehen egunean 75 inguruk izena eman eta gero, Aramaiok espero du kopurua bikoiztu egingo dela.

Bestalde, herri aldizkariak hasitako ohiturarekin jarraitzen dute Radixu irratikoek, eta aurten ere kamiseta azoka izango da. Zapato Azule festarekin batera hasi ziren azoka hori antolatzen, eta lehiaketa bat ere bada, Euskal Herriko eta Ondarroako kamisetarik onenak hautatzen baitituzte han.

Ohiturak oinarri

Aitor Alegria kamiseta azokako koordinatzaileak esan duenez, aurten 22 taldek hartuko dute parte azokan, eta lau talde berri izango dira. 22 horietatik hamalau Euskal Herrikoak dira, eta zortzi, Ondarroakoak. Aurtengo parte hartzaile berriak hauek dira: Maitia, AGTZ inprimaketak, Qestion eta Hamabi estudioa.

Azokan parte hartzeko taldeek ez dute inolako baldintzarik bete behar; edonor lehiatu daiteke. Gainera, parte hartzen duten taldeek osatuko dute lehiaketako epaimahaia. «Talde bakoitzari bozkatzeko aukera ematen diogu, eta haiek erabakitzen dituzte irabazleak», esan du Alegriak.

Bestalde, Aramaiok esan duenez, «feminista, ekologista eta parte hartzailea izango da jaia». Radixu irratikoak arduratuko dira erasoei erantzun egokia emateaz, eta telefono zenbaki bat jarriko dute, erasoren bat gertatzekotan deitzeko.

Antolatzaileak kontatu du, halaber, herriko talde ekologista batekin elkarlanean ari direla kontzientziazioaren alde; izan ere, kanpotik iluntzean iristen direnek kalean edaten dutenez, dena zikin geratzen da. Horrez gain, badira urte batzuk txosnetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen dituztela. Azkenik, lortutakoa irrati librearen urteko gastuentzat izaten da, eta parte hartzen duten taldeek, ikastolak, presoen lagunek eta barnetegiak ere lortzen dute beren jardunerako behar dutena.

Badira hamalau urte herri aldizkariak Radixuri pasatu ziola jaia antolatzeko ardura, eta hiru hilabetez aritzen dira antolatzen. Hala ere, herriari laguntza eskatzen diote; adibidez, kamiseta azokarako mahaiak eta haimak jartzeko, eta txosnetan egin beharreko lanak egiteko. Baina antolatzaileak aitortu du gero eta zailagoa dela laguntza topatzea.

«Niretzat urteko garairik onena da», azaldu du Aramaiok, nahiz eta jaiak badituen gustuko ez dituen gauza batzuk ere. «Kuriosoa da ahoz ahokoaren indarra», esan du. Haiek ez baitute kartelik jarri Ondarroatik kanpo, eta iluntzetik aurrera jende asko joaten baita. Zapato Azule festa herriko jai moduan hasi zen, baina, jende kantitatea handitzen doanez, herriko batzuek asteburua kanpoan pasatzen dute. Aramaioren hitzetan, «denborarekin eta masifikazioarekin, inbasio egoera batean gaude, eta hori kontrolatu nahian gabiltza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.