Albistea entzun

Izar bat piztu da sare zabalean

Gizartea aldatzen ari den heinean, haren errituak egokitzen ari dira, baita heriotzari lotutakoak ere. Hil ondorengo aferak sarean barneratu dira, eta, horrekin batera, oroitzeko lekuak: hilerri digitalak sortu dira, hildakoak gogoratzeko leku birtualak. Dolua pasatzeko beste aukera bat dira.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2022ko azaroak 8 - Iruñea

Duela astebete, ohi baino jende gehiago bildu zen Euskal Herriko hilerrietan. Asko dira Domu Santu eguna hildakoak gogoratzeko edo omentzeko baliatzen dutenak. Hilerriak hor daude urte osoan, hala ere. Ez daude hor hildako guztiak, aitzitik. Dagoeneko gehiago dira erraustutako gorpuak lurperatutakoak baino, eta horrek aldaketak ekarri ditu errituetan, omenaldietan eta horretarako baliatzen diren lekuetan. Ohiko hilerriaren funtzioa bete dezake beste toki batek; errautsak bota ziren toki horrek, adibidez. Edo, zergatik ez, sarea ere izan liteke hildakoak gogoratzeko eta omentzeko lekua. Hilerri digitalak ez dira etorkizuneko kontu bat: dagoeneko, klik eginda piztu liteke izar bat Interneteko sare zabalean.

Nafarroako Izarra beilatokia aitzindari izan da heriotzari lotutako errituen berritzean. Iaz aurkeztu zuen hilerri digitala, hilerri fisikoek guzien beharrak asetzen ez dituela jakitun. Izardi deitu zioten. Hildakoak sarean dauden izarrak dira, profilak, eta zenbait aukera eskaintzen dizkiete bizirik gelditu diren senide eta adiskideei. Mikel Idoate da Izarra beilatokiko kudeatzailea, eta, hark azaldu duenez, hildakoaren agurrari alderdi digitala gehitu diote, ez besterik: «Eskelak gero eta gutxiago saltzen dira, eta jendeak eskertzen ditu horrelako zerbitzuak». Beilatokian pantaila handi bat paratzen zuten hildakoaren informazioarekin eta argazkiarekin. Aukera zegoen doluminak idazteko, baita bideoak, argazkiak edo musika zabaltzeko ere. «Beilatokiaren zerbitzua bukatzean, hori ere bukatzen zen, eta ez genuen hor geratzerik nahi».

Sarean topatu zuten horrekin jarraitzeko modua. «Geroz eta gehiago errausten denez, hilerria dagoeneko bada zerbait digitala. Errautsak itsasora botatzen badituzu, oroitzapena itsaso guztira zabaltzen da», kontatu du Idoatek. Gizartea aldatzen ari da etengabe, eta harekin batera haien bizitzei lotutako kontu guztiak. Heriotza kudeatzeko modua ere bai.

Hilerri digitalak bi funtzio nagusi ditu. Alde batetik, informatiboa. Izar birtual bat piztuta, hildakoaren informazioa eta argazkia paratu daitezke; eskela digital moduko bat. Baina ez da soilik hori; badu beste funtzio bat, bereziena: interakzioarena. Profila sortzerakoan, izan daiteke norberarena edo talde batena. «Whatsappen antzeko zerbait», zehaztu du Idoatek. Erabiltzaileak aukera du bere profil indibidualetik hildakoari mezu bat idazteko. «Hau oso gauza emozionala da. Jende askok egiten du hildakoari eskutitz bat idatzi, eta ondoren erre. Beste askok hilobiaren aurrean hitz egiten dute hildakoarekin. Hemen ere idatzi diezaiokezu, baina Internet bidez».

Talde profilean, berriz, zernahi partekatzeko aukera dute kideek: argazkiak, istorioak, kanta bat... Haien arteko afera da, dena den. «Hau ez da Facebook bezalakoa. Ez da irekia, ezin du edozeinek ikusi», ohartarazi du Izarrako kudeatzaileak. Azken finean, heriotzari lotutako errituak eta dolua pasatzeko moduak berak dira; euskarria da aldatzen dena: «Hilerri fisikoa dagoen bezala, funtzio bera bete dezake digitalak».

Hildakoen sare sozialak

Jende askoren bizimoduaren parte handi bat sarean dago, eta horra ere ailegatu da heriotzari lotutako guzia ere. «Jende askok idazten ditu doluminak Internetez, geroz eta gehiago egiten dira eskelak sarean, loreak ere online saltzen ditugu...», kontatu du Idoatek. Hildakoak ere arrastoa utz dezake sarean: sare sozialetan, esaterako. Baina, zer gertatzen da erabiltzaile bat hiltzen denean? Facebookek aukera eskaintzen du hildakoaren profila oroitzapen kontu bihurtzeko.

«Oroitzapen kontua lagunak eta senideak elkartzeko eta hil den pertsona maite horri buruzko oroitzapenak partekatzeko leku bat da». Hala azaltzen du Facebookek bere orrian. Hortik aurrera, lagunek aukera dute oroitzapenak bere kontuan partekatzeko, betiere hildakoak paratu zituen pribatutasun ezarpenen arabera. Profila ez zaio inori agertuko agian ezagutuko duten pertsonen atalean, eta lagunei ez zaie gogoraraziko hildakoaren urtebetetze eguna. Hildakoak aurretik oinordetza kontakturik zehaztu ez bazuen, kontu horretan ezin izanen da inor sartu.

Heriotzari lotutako ohiko errituak galtzen ari dira? Iñaki Olaizola antropologoak heriotzaren gaia landu du. Berak ezetz uste du: «Tradizioak mantendu dira, baina ordezkatu edo aldatu dira: bai gorpuarekin zer egin erabakitzean, bai erritualetan ere». Pertsona bat hil ondoren egiten den ekitaldia agurra edo omenaldia ote den ez dago garbi, haren aburuz. Bakoitzak bere modura bizi du. Aldaketak gertatzen ari dira orain, baina aurretik ere gertatu zirela gogorarazi du Olaizolak: «Hil eta gero zer nahi duzun erabakitzea, adibidez. Simone de Beauvoirrek Une mort très douce (Heriotza oso gozo bat) liburuan kontatzen du bere amaren heriotza. 1960an izan zen hori, eta hor azaldu zen heriotzari buruzko aldaketa. Ordura arte ez zen horretaz pentsatzen; hil ondorengoa ingurukoek pentsatzen zuten. Besteen heriotzatik norberaren heriotzara pasatu zen. Orain epe horretan gaude».

Norbaiten heriotzaren ondorengo erritu eta eginkizunetan gertatu diren zenbait aldaketa aipatu ditu antropologoak: «Askorentzat, hiltzearekin bukatu da dena; ez dute beharrik ekitaldi berezia egiteko. Errautsak ere, zertarako jaso? Askok ez dituzte jasotzen. Beste askok mantendu nahi dute lehengo tradizioa». Aldatu dira lekuak ere. Eskelak paratzeko lekuak, batetik: «Eskelak bihurtu dira egunkari jakin batzuen ondare. Uste dut publikoki eman behar direla azalpenak; garai batean egiten zen bezala elizaren edo udaletxearen ondoan, orain Internet bidez egin daiteke».

Badago heriotzaren ondoren kontuan hartu beharreko zerbait, Olaizolak kontatu duenez: talde soziala. «Orain ordena demografiko handiagoa dago; gehienak zahar hiltzen dira. Normalean, talde soziala desagertu da ordurako. Baina errituala sortzeko gizatalde nagusia behar da». Norberaren inguruak baldintzatuko du heriotzaren ondorengoa: «Talde sozialaren arabera izango duzu erritu bat edo beste bat». Nolanahi ere, heriotzaren erritua «bizi izandakoari oso lotuta» dagoela nabarmendu du antropologoak. «Azken agurrak sinesgarria izan beharko luke. Elizaren arazo nagusia da haien diskurtsoa ez duela inork sinesten. Gaizki egiten du bere lana».

Agurraren beharra

Bizi izandakoa gogoratzea, hildakoari nolabait mezu bat eman nahia, leku bat erritu edo oroitzapen leku bihurtzea... Norbait hiltzen denean, bide bat egiten dute bizirik gelditzen direnek. Rakel Mateo psikologoa da, eta jendeari doluan laguntzen dion Goizargi elkarteko lehendakaria. Gai horri heldu dio: «Alarma egoeran egon ginenean hasi ziren horrelako aukerak ematen, agurrik egiteko aukera izan ez zutenek leku bat izan zezaten prozesu hori garatu ahal izateko. Uste dut inportantea dela errituak egiteko lekuak izatea, gizakiok errituak egiten baititugu eta doluaren parte baitira». Hilerri digitalarena, beraz, egokitzapen bat dela uste du, ez besterik. «Itxiera eta agur errituek mina kudeatzen laguntzen dute, eta erritu horiek egiteko lekuak ematea onuragarria da beti».

Errituak ezinbestekoak dira heriotzaz jabetzeko. Mateok jende asko lagundu du dolu prozesuan, eta ikusi du heriotzak beti harrapatzen dituela ezustean. «Baita pertsona bat hilko dela dakigunean ere, adibidez gaixotasun terminal bat duelako». Heriotzaren ondoren ez dira erritmo berean joaten arrazoia eta emozioa: «Arrazionalki badakigu pertsona hori hilda dagoela, baina emozionalki ez dugu erabat sinesten. Beraz, galeraren errealitatea onartzen laguntzen digun ekintza guztiak onak dira dolu prozesurako».

Gizakia izaki soziala den heinean, besteen beharra du bizitzean, baita hiltzean ere. «Norbait hil ondoren erritu bat egiten dugunean, ohore ekitaldi moduko bat egiten dugu: pertsona horri buruz hitz egiteko eta leku bat emateko modua da. Hildakoek ez diote egoteari uzten; hilda daude, bai, baina aitorpen leku bat behar dute». Hildakoak ere lotura asko izan ditzake, eta besteentzat ere bada norbait. «Hildakoarekin maitasunezko edo garrantzizko lotura dutenekin elkartzen garenean, horrek laguntzen digu emozionalki aberatsagoa den espazio komun bat izaten», azaldu du Mateok.

Baina dolua ez da egun gutxi batzuetako kontua. «Ongi legoke egunerokoan hildakoen oroitzapena modu osasungarriagoan txertatzeko gai bagina, doluak askoz hobeto eginen lirateke eta», esan du Goizargiko psikologoak. Horregatik, oroitzapenetara itzultzeko aukera ematen duten lekuak sortzen dira. Fisikoa edo birtuala den, ez du askorik inporta.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.
 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.