Josu Naberan. Euskaltzalea

«1968. urtea berezia izan zen Euskal Herrian; astro denak lerrokatu ziren»

Txabi Etxebarrieta hil berritan Larrabetzun haren omenezko meza antolatzen saiatzeagatik omenaldia egin berri diote Naberani. Zamorako espetxean egon ziren apaizetako bat da, eta handik ihes egiteko tunela egiten ere aritu zen.

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko irailak 23
1968an Larrabetzuko (Bizkaia) apaiza zen Josu Naberan (Gautegiz Arteaga, Bizkaia, 1941). Txabi Etxebarrieta hildako lehen etakidearen omenez meza eman behar zuen, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala. Guardia zibilek herria okupatu zuten, eta ez zen mezarik izan igande hartan. Bi asteburuz horrela. Gertaera horiek gogoan, ostiralean omenaldia egin zioten Naberani Larrabetzun. Baina horrez gain, kartzelan ere egon zen, AEKren sorreran lanean aritu zen, eta hainbat ikerketa lan ere egin ditu.

Omenaldia jaso duzu Larrabetzun. Gustura?

Hango jendeak batzorde bat antolatu du omenaldi bat egin, eta duela 50 urteko guardia zibilen okupazioa gogoratzeko.

Hango apaiza zinen garai hartan...

Protagonista ni jarri naute, baina herriko jendea izan zen protagonista, hark egin ziolako aurre Guardia Zibilari.

Meza emateko ahalegin bat baino gehiago egon ziren Larrabetzun. Nola izan zen?

Txabi Etxebarrietaren aldeko meza egingo genuela iragarrita zegoen, herrira jaitsi nintzenean dena guardia zibilez beteta ikusi nuen. Kalea okupatuta zegoen. Horiek izan ziren beste protagonistak; jendea bakean utzi izan balute, ez zen ezer gertatuko. Baina jendeari eragotzi egin zitzaion elizara iristea, eta elizatik plazara atera nintzen esanez hori ez bazen hurrengoan izango zela meza hori, eta hurrengoan ez bazen, hurrengoan. Lau meza ziren, hiru goizean, eta bat arratsaldean. Ordua heltzen zen, biltzen zen jendea plazan, eta kanpaia entzutean aurrera egiten zuen. Orduan oldartzen zen Guardia Zibila.

Zuk nola bizi izan zenuen egun hori? Urduri?

Orduan, ez neukan urduritasun handirik. Guardia zibilak amorratuta zeuden, egun osoa pasatu behar zutelako han. Denetariko mehatxuak egin zizkidaten, baina arratsaldean ere gelditu behar izan zuten. Jateko ez zuten aurkitu herrian, edo ez zioten eman, eta horrek haserrea gehitu egin zuen.

Mezarik ez zenuen eman, beraz.

Ez zen posible izan, ez. Lehen igandea horrela izan zen, eta horrela jarraitu zuen hurrengo igandean ere. Etxebarrietaren omenezko meza egongo zela jakinarazi genuen, eta hurrengo igandean hiru kuarteletatik etorri ziren guardia zibilak. Prestatuta etorri ziren, bazkaltzeko eta guzti.

Egun horretan ere ez zen mezarik egon?

Okupazio gehiago egon zen, eta mezarik ez. Hirugarrenean, pentsatu genuen kontu hura amaitzea. Sermoiaren garaian azalpena eman nuen, errepresio indarren jokabidea salatu, eta, horren eraginez, isunak jarri zizkidaten.

Ostera egindako gose grebagatik kartzelatu zintuzten, ordea.

Torturen aurkakoa izan zen. Gotzaitegian bi egun eman genituen gose greban, eta gotzainak Poliziari baimena eman zion sartzeko. Berez, poliziak ezin ziren sartu, baina zerbait larria zela ebatzi zuten. Komisariara eraman gintuzten, eta handik gutxira egin zen epaiketan matxinada militarra egotzi ziguten. Tiragoma bat erabiltzen besterik ez genekien, baina...

Baina?

Amorrua eman zien abade batzuk horrela ibiltzea, orduan eragin handiagoa zutelako. Aurretik ez zen egon apaizen aurkako epaiketarik, baina herrian mugimendu itzela zegoen: manifestazioak, langileen borrokak, ETAren lehen ekintzak, euskara batua... 1968. urtea berezia izan zen Euskal Herrian, astro denak lerrokatu ziren.

Zazpi urterako sartu zintuzten kartzelan. Nola oroitzen duzu?

Lehenengo urteak oso gatazkatsuak izan ziren, gose greba bat baino gehiago egin genuen. Beranduago ihes egitea pentsatu genuen, eta entrenamenduak egiten ibili ginen. Lehenengo horma gainetik alde egitea pentsatu genuen.

Eta hori nola entrenatzen da?

Bata bestearen lepo gainean jarrita. Jon Etxabe jartzen zen behean, eta ni haren sorbalda gainera igotzen nintzen funtzionarioak ez zeudenean. Azkenean pentsatu genuen horma igotzea ez zela ideia ona, eta tunela egitea erabaki genuen.

Nola egin zenuten tunel hori?

Giltzak egiten hasi ginen lehenengo. Garbitegikoak egin genituen.

Nola?

Kartzelazain alferren batek giltza emango zigun, eta argizarizko moldea egin genion. Ostera, orrazi eta hortzak garbitzeko eskuilekin hasi ginen molde horren gisako giltza egiten.

Baina zuloa egin behar zen ondoren...

Zailena zuloaren ahoa egitea izan zen, hori estaltzeko halako egitura bat behar zelako. Fruta kutxekin-eta moldatu ginen egitura hori egiteko. Zuloa egiteko, ordea, zarata egiten genuen, baina soinu hori estaltzeko talde bat zegoen. Astiro-astiro egin genuen zuloa, eta zortea izan genuen gainera, lurra buztina zelako, eta ez zegoelako harri asko. Zuloa egiteko denetik erabiltzen genuen: koilarak, edo eskura genuen guztia. Hormaren zimendua topatu arte egin genuen behera, baina Burgosko Prozesua izan zen orduan, eta gelditu behar izan genuen.

Zergatik?

Beste plan bat omen zegoen beste ihesaldi baterako. Utzi egin genuen hiru edo lau hilabetez. Berriz itzuli ginen zuloa egitera...

Baina harrapatu egin zintuzten.

Tunela eginda zegoen. [Xabier] Amurizak argia topatu zuen, eta dena utzi genuen ihes egiteko. Ospatu genuen, eta eguna ere zehaztu genuen, ilargi berriko gau batean. Kanpoko laguntza ere bageneukan. Baina oraindik ez dakigu zergatik, norbait jabetu zen, eta harrapatu gintuzten. Ezusteko itzela hartu zuten tunela ikustean, ez zuten espero halakorik topatzea. Operazio guztia patiotik ikusi nuen, amorruz.

Eta gero?

Hiruk hartu genuen erantzukizuna, eta Cartagenako kartzelara bidali gintuzten. Hiru hilabete inguru egon ginen han, eta, gero, berriz Zamorara bidali gintuzten. Han, egoera salatzeko eskaera egin genion gotzaindegiari, eta matxinada bat egitea pentsatu genuen. Ahal izan genuen guztia apurtu genuen, eta eraginkorra izan zela esan daiteke, armada etorri zelako. Zeldara sartu gintuzten, eta hiru hilabetez egon ginen zigortuta zelda berezietan. Beste gose greba luze bat egin genuen hor, harik eta txarto jarri eta Madrilgo ospitalera eraman gintuzten arte. Berriz bidali gintuzten Zamorara, eta beste gose greba bat egin genuen... Baina azkenean utzi egin genuen, eta erabaki genuen ez zuela merezi bizitza horrela jokatzea.

Eta orduan hasi zinen ikasketak egiten?

Bai, nik filosofia ikasketak egin nituen. Lehen urtea utzi ziguten, baina gero ez ziren gutaz fidatzen, eta ez ziguten utzi azterketak egitera ateratzen.

Franco hil eta lau hilabete ingurura atera zinen kartzelatik. Nola topatu zenuen orduko Euskal Herria?

Dena zen berritasuna. Itsasoa ikustera joan ginen, eta sekulako zirrara eragin zigun horrek. Gero jendearen jarrera. Nik ez nuen ulertzen jendea nola egon zitekeen autobusean isilik! Guk gogoa geneukan hitz egiteko, eta isiltasun hori ondo gogoan daukat. Hortik, inprenta batean hasi nintzen lanean, eta, han, greba bat egin genuen lan baldintzak salatzeko. Kaleratu egin ninduten, baina ekintza hark oihartzun handia hartu zuen hedabideetan, Egin-ek gaia landu zuen, eta bueltan hartu ninduten inprentan. Pare bat urte egin nituen han.

Handik AEKra joan zinen, hartan oraindik lehen urratsak egiten ari zela.

Bai, aurretik gau eskolak zeuden, eta horiek denak antolatzea tokatu zitzaigun guri. Hasi ginen AEK Euskal Herri osora zabaltzen, batzuetan euskaltegi berriak martxan jartzen, eta, bestalde, irakaskuntza metodo berriak asmatzen ere ibili ginen.

Didaktika arduraduna zinen.

Bai, hala da. Komunikazio gaitasuna lantzeko metodoak erabiltzen genituen. Ingelesetik hartu genituen gauza berri batzuk, eta hemengo egoerara aplikatzen saiatu ginen. Ekintzak eginez ikasteko metodoa garatu genuen; euskaltegitik irten eta gauzak egiten genituen kalean, ez baitzen nahikoa paperean ikastea. Egoera batzuk sortzen genituen, eta horiei elkarrizketak jartzen genizkien, haiek landuz.

Garai hartan euskara gaizki irakasten zela zenioen. Zergatik?

Hasieran, ez zegoen bitartekorik. Bazegoen materiala, baina horiek hobetzea izan zen didaktika taldearen helburua. Eta horretan saiatu ginen. Gaur egun, orduko ekarpenak erabiltzen direla uste dut. Hamabi urte eman nituen ardura horretan.

Eta Kalegana itzulpen zerbitzuak sortu zenuten ostera. Zer behar ikusten zenuten?

Julen Kaltzadaren, Alberto Gabikaren, Jose Antonio Lekueren eta lauron artean sortu genuen itzulpen zerbitzu hori: ingelesetik euskarara, frantsesetik euskarara, greziarretik eta latinetik ere itzultzen genuen. Testu klasikoak itzultzen genituen: Darwin, Eric Froome... Euskaraz gauza asko sortzen ari zen garai horretan.

Ikerketari ere heldu zenion, gainera. Ilargi egutegia ikertu zenuen, eta euskaldunek antzina hamabost eguneko asteak zituztela ondorioztatu zenuen.

Teoria batzuek esaten zuten euskaldunek hiru eguneko astea zutela: astelehen, astearte eta asteazken. Baina teoria horiek ez zituzten gainerako egunak interpretatzen. Ikertzen hasi nintzen orduan. Nire hipotesia da euskaldunek ilargi faseen araberako denbora zikloak zenbatzen zituztela lehen. Horregatik, hamabost egun izango lituzke, eta lau eguneko jaia egiten zuten ilargi betean.

Nolaz hasi zinen ikertzen?

Orduan ikertzeko gogoa neukan, eta, horren aurretik, mitologiari buruzko ikerketak ere egin nituen. Sugaarren iraultza liburua argitaratu nuen, eta gero historiaurreko nobela bat idazteko asmotan nenbilela ilargi egutegiarekin egin nuen topo. Hizkuntzalaritzari buruz ere egin nuen beste ikerketa bat... Euskarari lotuta egin ditut nire bizitzako urrats asko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna