Arño Harizpuru. Abertzale historikoa

«Euskaldunak egun ere badira, eta erakutsi behar dute hala direla»

Ez luke iduri bizitza bakar batekin aski litzatekeenik gertaturiko hainbertze aldaketa ikusteko. Alta, Harizpuru horren lekuko da: laborantzan, politikan eta kulturan panorama kolorez kanbiatu baitzaio. Haren oratoriak ere ez du parekorik.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ainize Madariaga
Ibarrola
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Arño Harizpuru (Ibarrola, Nafarroa Beherea, 1932) lehen eta gero baten artean harrapatua izan da. Konparazione, laborantzaren eginbidea errotik aldatzen ikusi duen horietakoa da; eskuzko nekazaritzatik arrunt mekanizaturat iragan baita. Etxaldeko eguneroko lanek, alta, ez zuten itsutu; aktualitate politiko-kulturalari beti jarraiki zaio, eta ahal izan duen guztietan iharduki izan die injustiziei. Horregatik idatzi zion prefetari ETAko errefuxiatuak Iparraldean onar zitzan, bai eta ere Baionako gose grebalarien aldeko gutuna prentsara igorri. Euskaratik eta euskaraz bizi izan da beti; gero eta bakanagoetan adi daitekeen hizkuntza parabolikoaz mintzo den jende umila da. Eleketan hasten den aldi oroz, badirudi denbora gelditu egiten dela. Tokirik inprobableenetan, milaka ikusle batzuk bildu zituen Oztibarreko antzerkiaren bultzatzaileetarik bat ere izan da. Inertziaren norabidearen aurka, Euskal Herriari begira jarria izan da beti. Harizpuru orainaldiko mazelan bada ere, aitzineko belaunaldiaren herexak garraiatzen ditu, ondokoek jada ikusten ez dituztenak. Aitzina segitzeko baitezpadako katebegia da.

Hemengoa, hemen egoteko?

Guk euskara sortzetik ikasia dixugu, gaizki ikasia, baina gaizki ikasirik ere, bizi guzian praktikatu dixugu. Orain, aldatuak dituxu gauzak biziki.

Laborantzan, konparazione?

Ene ofizioa laborantza duxu, lehengoa gero, ez oraingoa! Kur-kur! Laborantzatik ateratzen dena orduan baino biziki gehiago duxu, laborari aise gutiagorekin, izan baita kanbiamendua tresnerian, ereiten diren hazi guzietan... Denak bertzelakatuak dituxu, txertatzaileak ere hor dituxu. Gu pobreago bizi gintuxun: autorik ez zuxun, ez eta ere traktorerik! Behiekin egiten ginitixin lanak oro. Orduan ere ez zuxun kasik zapatarik!

Eskalapoietan ibiltzen zineten?

Eskalapoiak bazituxun bai, baina nik kloskak baliatu dizkixit, eskolarat joateko-eta, zola zurez eta gainerakoa larruz. Bestela, oin-hutsik.

Baina sabela beterik.

Orain kasu egiten dixute eta burua akitzen kontu egiten! Orduko laborariak ez zituxun oraingoak bezain ikasiak, baina doblea laborari bizi zuxun leku berean. Pobre bai, baina urdea hiltzen zuxun gero denetan! Tripota eta lukainka jaten ere. Aise etxalde ttipiagoak baitziren.

Orain, haatik, besteek irentsiak dituxu eta aharra ere baduxu lurraren biltzen, edo gehiagoren biltzen. So egixu lauzarik ez denez ba etxeetan! Orduan ez zuxun hala: urde-zerrama sartzen zuxun horrat; ezkaratzerat, jaten zixin etxeko artoa, eta gero, hiltzeko sasoia heldu zelarik, urde-hiltzea zuxun hor berean, besta ederra! Ez zuxun argirik ez eta ere petroliorik!

Herria 2.047. aldizkarian Eñaut Larraldek hitz hauekin deskribatu zintuen: «Hunen garra nolazpeit bere herria bizirik atxikitzeko, hunen sinesmena erraiten zuelarik herri bat ezin dela biziaraz bi baldintzak elgarri lotu gabe: Ekonomia eta Kultura -Kultura eta Ekonomia».

Nola begiratuko duxu orain diren etxe guzietan segida izan dadin, etxekorik ez bada? Ontsalaz, etxekoak beharko luke, baina uroski, orain, badituxu laborantza laket dutenak eta haiek behar dira plantatu segidarik ez den haietan.

«Entzun dut nire baitan mendiaren deia».

Mendia baitezpadakoa zuxun. Konparazione, ihaurritzeko iratzea eta otea menditik biltzen baitzen, arbola hostoa ere, kabala goxoki etzan zedin eta esnea ere eman zezan. Aldiz, orain, etxe batean ere ez duxu ihaurririk, denek lastoa ekarrarazten dixute beste alderditik.

Nola abertzaletu zinen?

Nik ttipian entzun ditixit delako Iruñeko fusilamenduak, badakixu, hango gerla zibila zelarik. Euskaldunak aspaldian badituxu, eta egun ere badirela, eta erakutsi behar dutela hala direla. Ene abertzaletasuna hein horretan duxu. Beharko likexute euskaldunek beren eskubideak ukan, denboran ukan zituzten bezala. Dena den, ez nixin biziki erakutsi abertzale nintzela. Hala ere, bistan dena, ukan dudala hortako oposizioa, hara zer erran zidaxun oposizioko batek: «Ba, hire teatroarekin denak nahasten dituk!», ez dakixut berak errana zenez ala beste batek... Baina hogeita lau urtez Ibarrolako auzapeza izan eta gero, kanpo ezarri nidixuten!

Politika aski antzerkia izaten da frankotan.

Antzerki taldean bazituxun Herri Batasuneko zenbait kide, eta preso egonak ere, denetarik, bi irrien eginazteko kapable zirenak ere hor zituxun. Nihaur ez nauxu ari izan antzerkilari gisa, baina bai laguntzen eta idazten ere, hor nonbaiten ditixit bai idatzi horiek, desordenean. Zortzi egun pasatu gintixin antzerki taldearekin bestaldean Hazparneko Anderia antzezlana ematen. Zenbat gustatu ninduxun, [Eñaut]Larralderekin-eta! Hura oroitzapen ona! Lehen gauean gertatu ninduxun [Telesforo] Monzonen anaiarekin afaltzea, Isidororekin, arkitektoa baitzen eta Saran egona. Ordukotz, Monzon [Telesforo] zendua zuxun, beraz emaztea [Josefa Ganuza] zuxun gurekin egon. Oroit nauxu urte hartan [1984] hil zutela Santi Brouard pediatra eta Herri Batasuneko burua. Orduan zituxun GALen lehen atentatuak errefuxiatuen kontra, hartan zixuten hil Tigre [Eugenio Gutierrez Salazar], Mendin. Mauleko aterpe handian izan ninduxun Cazenave apez abertzalearekin batean, hiltze hori ez genuela onartzen ahal salatzeko, jin zuxun bai, jende pilixka.

Idazletik ere baduzu, beraz?

Ez dixit zuek bezain ontsa idazten ez, gero! Baina bai, poxiño bat idazten nixin Basque Eclair apezen kaxetan. Oroit nauxu, orduan izkiriatu nuela nolaz Gonzalez presidente eta GALen kudeatzailea joan zela etxerat, baina hemengoak —Erdozaintzi eta Agerre— barnean zirela, alta, ez zutela nehor ere hil. Frantziak onartu behar zuela. Ez zixin nehork erantzunik eman! Kur-kur.

Beste behin, ezarri nixin «zazpiak bat: nahi zindukete ezarri lau eta hiru batean?». Batek eman zidan arrapostua baizik eta euskalduna zela, osoki euskalduna eta euskararen aldekoa, haatik, euskaldun izateko elkar hil behar bazen euskaldun izatea ezeztatzen zuela. Baina ez dixi erraten parean zer ezarri behar den!

Prefetari ere zuzendu zenizkion ele batzuk?

Bai, Baionako gose grebalarien alde 1971ko maiatzean, lanik gabe zirenak lagundu beharko ziratekeela aldarrikatzen nixin. Hartarik landa, Mixel Burukoa mediku zenaren emaztea jin zidaxun eskerrak ematera.

Amak gutun hura ikusi zuelarik hauxe erran zidaxun: «Ez diat nahi espainol zikin horiekin nahas hadin!», suan sartu-eta errearazi zixin! Ez zuxun ene amaren hobena, baina erantzun niakoxun: Monzon euskaldunetan gorenetarik zela, eta jarraiki behar geniela halakoei.

Oztibarreko antzerki taldea muntatu zenuten.

Donaixtin egoiten zen Belleau apez gazteak —hark eraikiarazi zixin gero okupatu zuten Saint Mixel eskola hura— galdegin zitixin jokalariak hemengoetarik, Ibarlatik, Donaixtin aritzeko. Baina hemengo zenbaitzuek pentsatu zixuten: «Guhaurrek egin bageneza, harat joan gabe?», eta halaxe abiatu zuxun 1968an Ibarrolako antzerki taldea: Gauden gu. Berantago Oztibarreko antzerki taldea bilakatu zena, 1978an.

Zaharrenak 50 urte zitixin, gazteenek, berriz, 10 —edaten zixuten... Ez ura, gero!— eta denak ontsa abian! Aitzinago, emanaldiekin hasi ginelarik, ukan genixin solasa, eta Belleauk sekulan ez zixin ukan guk bildu genuen jende uholde hura, orduan erran niakoxun: «Huts eginik kausitu dixugu» eta berak arrapostu: «Huts eginik bai, baina kausitu!». Kur-kur. Bekaizti zuxun!

Antzezlanak oro euskaraz eman zenituzten?

Larzabal apezarenak zituxun lan gehienak, eta Monzonenak ere bai. Gure lehena Larzabalen Mugari Tiro izan zuxun. Hogeita hiru arizalerekin ongi muntatu genixin pieza hura, eta 1969ko otsaileko bi igandez milako bat ikusle hurbildu zituxun Pekotxeko sabaiarat. Halaxe ibiltzen gintuxun, Arrozpideko arditegian ere emanaldiak eskaintzen. Zureria nire sakelatik erosi nixin taulada egiteko. [Eñaut] Larralde zuxun irakaslea, zorrotza gero: ongi egin eta ere, berriz egitea nahi baitzuen! Kur-kur.

Orduko arrakasta horrek ekarri sos poxiñoarekin baliatu gintuxun Hegoaldean bira baten egiteko: Leitzako laborari zenbait kausitu genitixin; Arrasaten Fagor kooperatiba bisitatu genixin; Oñati eta Arantzazun gaindi ere ibili gintuxun.

«Hango auzapezari galdegin genion zenbatekoa zen alokairua, eta hark, abertzalea baitzen, 200 franko zela. 200 franko astea?, hilabetea? Ez, ez! Urtea! Hola gertatu zen. Ze opari ederra!» erantzun dio Filipe Oihanburuk Oskar Alegriaren galderari, 218. Jakin aldizkarian.

Filipe Oihanburu eta bere taldea toki baten xerka ari zirenez, Ibarrolako Apezetxea eskaini niakoxien. Hartan berrabiatu zuxun Etorkin kantu eta dantza talde famatua. Bizpahiru urtez egon zituxun tropa osoarekin eta gero berriz partitu munduan barrena kurri. Behin, Prefetak egin zixin bere itzulia zoko honetan, ikaragarriko egun bero batez. Nahi ukan zixin herriko etxerat joan zeina eskolako bidean baita. Harat abiatu, eta Oihanburu zuxun jarria biluzgorri, bidearen erdi-erdian! Kur-kur!

Zer diozu oraingo bakeaz?

Bakea beti nagusi denak bere alde egiten dixi. Konparazione, 1870eko gerla Frantziak galdu eta Alemaniak irabazi zixin, Alsazia eta Lorrena bi departamenduak beretzat hartu zizkixin, nagusi baitzen! Galtzaileak ere balikexi eskubide zerbait, baina...hi! ETAk ere eginen zikexin bakea, baina ez denen gustukoa. Bakea egiten ari diren horiek ere ez dute denen gustukoa egiten gero, populu baten zuzenak zangapetan ezarriz, ez errespetatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.