Anne-Marie Lagarde. Idazle eta ikertzailea

«Euskal gizarteak ez zizun emaztea apaltzen»

Euskaraz sortu bazen ere, harengandik urrundu zuten. Baina nekez bizi zatekeen hura gabe. Ikerketak hurrandu du berriz harengana: frogatu du euskal gizartearen sistema berdintzailea ere hizkuntza gabe ezin bizia zela, toka-noka dela medio.
BOB EDME

Ainize Madariaga -

2019ko maiatzak 12
Anne-Marie Lagarde Nine idazle eta ikerlariak (Liginaga, Zuberoa, 1944) begiak ñir-ñir deskribatzen du bere tesi liburuko azala: «Hau ene amaren etxondoa duzu: Goihenetxea. Ene ttantta zuzun prima, eta lehenago, axama». Lerro hau izan daiteke Lagarderen lan ororen abiapuntu: eleberriarena nola ikerketena ere. Preseski, Eguzki Amandrea nobelaren bigarren zatia argitaratzekotan da, frantsesez; «ene euskara ez baita on». Eta datorren maiatzaren 17 eta 18an parte hartuko du Amarauna Ziordiko (Nafarroa) Matritopaketan. Letra modernoak egin eta gero, psikologia eta psikologia soziala ikasi ditu. Tesia 56 urterekin defenditu zuen, 2000. urtean.

Prima eijerra, zutan fidaturik.

Amaren etxondoan, Goihenetxean, ene ttantta zuzun prima, eta lehenago axama. Oroit nauzu, ttantta horrek kontaturik, eztei batzuetara gomitatu zutelarik prima eta premuen ohorezko mahaian jarrarazi zutela 5 urte baizik ez zituelarik! Orduan pentsatu nizun matriarkalismoz beterik zela gizarte hau, eta hortik abiatu zuzun ene ikertzeko interesa, etxean banizkizun jakileak.

Oinordekotzak sexuak berdintzen zituen?

Bai, Antzinako Erregimenean primatasun absolutua zuzun: amaren zuzenbidea deitzen dudana, Bachofeni ikasirik, gure gizartea biziki desberdina zuzun. Berak hiru aro ikusten zizkizun: Promiskuitatea; Demetrismoa: amaren sinesmena; eta Patriarkalismoa. Eboluzionista bazen ere, zinez interesgarria zuzun.

Sexu bat ala bertzea ukanik ere, oinordetzan ez zuen eraginik.

[Claude] Levi-Straussek patrilinealismoa eta matrilinealismoa deskribatu zizkizun. Lehenean, aitak zion izena ematen semeari; bigarrenean, berriz, amak; haatik, etxean autoritatea duena ama horren anaia duzu. Etnologo, soziologo eta antropologoek gizarte androzentratua ikusten zizuten hor. Zentzu berean, [Pierre] Bourdieuk ere zioen alaba etsipenaren soluzioa zela. Alta, ene ustez, euskal gizartean ez zuzun hala: gure etxean, hasteko, arra-axama [birramama] prima zuzun anaia bat zeukalarik, anaia hauta zezaketen, baina ez zizuten hala egin, eta baduzu zernahi etsenplu.

Matriarkatua al da euskaldunen arbasoa?

Nehor ez denez ados kontzeptu horren gainean, nahiago dizut erran amaren zuzenbidean oinarritutako gizartea zela, Bachofenen gisan. Ongi entelegatzeko, ikus adibide hau: matriarkatuak lau formula zizkizun bikotekideetako bat zentzen zelarik berrezkontzeko, betiere, haurrak zeuden kasuetan: lehen bietan kanpotik etorritakoa zuzun hila, etxeko premu/prima zenaren anaia/ahizparekin zuzun esposatzen. Azkeneko bietan, prima/premua zuzun hildakoa; beraz, kanpotik etorritakoa primaren ahizpa edo premuaren anaiarekin zuzun esposatzen. Patriarkatuak bi formula baizik ez zizkizun: Jakoben ezkontza: maite zuen gazteenarekin ezkondu ahal izateko primarekin egin behar izan zuen lehenik, eta lebiratua: senar zenaren anaiarekin esposatzea, haren autoritate pean.

Dotearen kasuan ere, amaren zuzenbidean, berdintasuna zuzun bi sexuendako. Lehentasun horrek segitu zizun XIX. mendera arte. Euskal Herri osoan hala zuzun; desberdintasun batekin: Gipuzkoan eta Bizkaian gurasoek zizuten bikotekidea hautatzen, betiere amaren zuzenbidearen barnean. Itziar Monasteriok Bizkaian ikertu dizu, eta Oihane Oliverik Gipuzkoan.

Maite Lafourcade usu aipatzen duzu.

Izugarriko lan handia egin dizu, milaka eztei kontratu ikertu baititu, eta erakutsi ohitura zaharretan Euskal Herri osoan beti zehazten zutela prima edo premua zenetz esposatzen. Pirinio osoan ere bazizuten lehentasun orokorra, baina ez jabego partekatua. Hala, ene buruari galdegin diot nola eraikitzen ote zuten beren identitate sexuala halako sistema berdintzailean, izan dotea, etxeko izena edo ondasunarentzat. Konklusio honetara heldu ninduzun: euskara dela medio. Toka/nokaren bidez, hor baduzu hi izenordaina, zinez inportantea. Apezek kendu nahi zizuten, erraten baitzuten ijitoen hizkuntza zela! Euskal gizarteak ez zizun emaztea apaltzen: hor agertzen duzu emazte eta gizonen arteko desberdintasuna, identitate sexuala eraikitzeko, baina aldi berean berdintasunean: simetrikoki. Identitate sexualaren terminoa tesia egin eta gero atzeman nizun.

Levi-Straussekin ados al zara?

Levi-Straussek arrazoia zizun erratean instituzioak duela nortasun sexuala eraikitzen; haatik, gurean beste instituzio sozial bat zuzun: hizkuntza. Toka/nokan aditza jokatzen duzu simetrikoki; alta, hizkuntza indoeuropar orotan generoa lotua duzu izenari, izenondoari, izenordeari... Maskulinismoak irabazten dizu beti komunztaduran. Hala, toka eta noka gabe ezinezkoa zukezun egitura berdintzailea. Levi-Straussen teoriarekin ezin nizun euskaldunen gizartea esplikatu, ikusten bainuen bazela hemen zerbait zinez desberdina. [Julio] Caro Barojak izugarri ontsa ikusia zizun euskaldunen kasuan etxeko osabak ez zuela autoritaterik, Levi-Straussek deskribatzen zuenaren kontrara.

Zerk zuen hautsi sexuen simetria hori?

Iparraldean, Frantziako Iraultzak zizun zinez andeatu gure gizartea, eta Hegoaldean, karlistek. Aitzin, etxeko ondasunaren jabe bikote zaharra eta gaztea zituzun erdiz erdi; autoritatea partekatua zuzun. Demagun, lau bozak beharrezkoak zituzun etxe baten saltzeko. Alta, iraultzatik landa, gazteak ez zizun laurdena baizik. Ez dizut erraten paradisu bat zenik, sistema horrek bazizkizun bere mugak, baina amak bazizun leku bat, eta emazte ezkongabeak ere. [Jose Antonio] Azpiazuk ikertu dizu azken horiek ez zirela bazterturik. Gisa berean, katolizismoak dizu sartu patronimoa, eta feudalismoak maskulinismoa.

Zertan zituen amaren zuzenbideak bere mugak?

Ez baitzen prima eta premurik aski gazteenekin esposatzeko, bazuzun anitz zelibato, debekaturik ere baitzen neskazahar eta mutilzaharrendako etxean ezkontzea, intzestuaren tabua errespetatzeko, hain zuzen ere, jabetza partekatua zaintzeko.

Dabiltzan feminismoen arabera, euskal matriarkatua mito bat da.

Euskal Herriko feminismoak dio emaztea beti apaldurik zela; Levi-Straussen teoriari jarraitzen diote, demagun, [Anuntxi] Arana eta [Juan Inazio] Hartsuaga antropologoek. Levi-Strauss jainkoa balitz bezala ikusten dizute. Baina ezin da ukatu bazela ere besterik: euskal gizartean etxeak zizun manatzen oro, eta hartan, emazteak eta gizonak hein berean zituzun. Eta feminista nauzu!

Psychologie Clinique aldizkariko Olivier Doville zuzendaria izugarri zorrotza duzu zientifikotasunean, eta argitaratu berri didate ene tesitik jalgi Meurtre du père et domonyme basque artikulua. Ene lana zientifikoa duzu, logikoa eta adibidez josia.

Zientzia eta fikzioa, biak bidelagun dituzu.

Eguzki amandrea eleberria atera nizun ene etxondoan behatutakotik abiatuz: ezagutu ez nuen osaba hartaz. Amaren eguzaita zuzun. Hizkuntzaren transmisioa duzu gaia, heroiaren sentimenduak dituzu hor: zer min hartzen duen euskara galtzearekin eskola frantsesarengatik, eta ber denboran hizkuntzarenganako amodioa...

Hizkuntzak badu zer erranik zure bizian.

Irakasle nintzela, gauero mihiarekin itotzen ninduzun, eta amigdaletan ere arazoak nizkizun. Hala, psikoanalisia egitea deliberatu nizun, eta terapeutak galdegin zidazun: «Zein lengoaiaz mintzo zara?». Orduan ikusi nizun ene inkontzienteak euskara ez-hizkuntzatzat zeukala: eskola frantsesak didazu hori ekarri; ene burua hobendun sentitzen nizun euskara jakiteagatik. Hizkuntza eder hori errotik maite dizut, baina ez dizut ontsa ematen ahal, nahiz eta Mauleko AEKn ikasten berrasi nintzen, Mixel Etxebeste Mauleko auzapeza irakasle nuela, 19 urte besterik ez zuela!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna